Tolosako Laskorain ikastola eta Tolosa Zero Zabor taldea elkarlanean ari dira Kilometroak «zero zabor ereduaren isla» izan dadin. Elkarlanaren emaitza izan da Kilometroak 2013 ekimenak inauterietan jarritako taberna-jatetxe zerbitzuan egindako hondakinen kudeaketa. Tolosa Zero Zaborrek zoriondu egin ditu taberna-jatetxean lan egin zutenak: «Horrenbeste bazkari, horrenbeste edari, horrenbeste jende eta lan eman duen taberna-jatetxean hondakinak horrelako txukun eta ongi bereiztuta aurkitzea eta bereziki hondakin organikoak horrelako kalitatez topatzea zoriontzekoa da».
Tolosa Zero Zaborretik bi erronka bota zituzten Kilometroetako garbitasun eta ingurumeneko batzordean: organikoa bereiztu eta konpostatzea, eta hondakinak behar bezala gaika banandu eta dagokion tokian bota edo uztea. Zehatz neurtu duten hondakin bakarra organikoa izan da: 170 kilo hondakin konpostagailura eraman zituzten, eta hauek kilometroekin batera konpost eginda ateratzeko asmoa dute. Hondakin organikoa konpostatzeaz Tolosa Zero Zabor taldea arduratu da.
Bestalde, gutxi gorabeherako kalkulua eginez, hondakinen heren bat errefus moduan nahasiko edukiontzira joan dela azaldu dute. «Hori gure gizartean gertatzen denaren justu kontrako emaitza da, hau da, Kilometroetako tabernan gaika %66a bildu da, eta nahasian %33. Tolosako bilketaren datuak gaika %32a eta nahasian %68a dira», diote Tolosa Zero Zaborretik.
Tolosa Zero Zaborreko ordezkariren bat ia egunero goizean goiz garbitasuneko kideekin Kilometroetako tabernara joaten zenean, «irudi eskanlagarriak» aurkitu zituztela azaldu dute, «festaren ondorio lazgarria» zen irudia: «Plastikozko erabilera bakarreko edalontziak, beirazko botilak, mozorroen zatiak, janari ondarrak... eta abar zikinkeria lurretik barrena zabalduta eta nahasturik». Horren «bestelako irudia» eman zutela uste dute Kilometroetako tabernan: «Hondakinak gaika txukun-txukun sailkatuz eta inauteriak pasa bitartean gordeaz». Egindako lanak are gehiago indartu ditu «ongi eginiko lanak beti merezi duenaren mezuan».