Mendi Film jaialdiko lan arrakastatsuenekin osatutako bira hirugarrenez izango da Tolosan
Alberto Gonzalez, Ibai Iriarte eta Javi Baraiazarra, Bidaiarien Txokoan egindako aurkezpenean.
Mendiari eskainitako nazioarteko zinemaren lanik onenetakoak ikusgai izango dira, Tolosako Leidor aretoan, Mendi Tour egitasmoari esker; datorren astearte eta asteazkenean izango dira saioak, 19:30etik aurrera.
Mendi Film Festival zine jaialdia da egitasmo honen oinarria. Duela bost urte ekin zioten antolatzeari, eta lau urtetan Gasteizen ospatu izan dute; azken jaialdia, ordea, Bilbon izan zen, 2012ko abenduan. Hain zuzen ere, zine jaialdian sarituriko lanak nahiz arrakasta handiena izandakoak biltzen dituzte, Mendi Tour birarako, eta Euskal Herriko eta kanpoko hirietan proiektatzen dituzte.
Ibai Iriarte Tolosako alkateak, «horrelako jaialdi bat Tolosan izatea gozamena» dela azaldu du egitasmoaren aurkezpenean: «Tolosan mendirako zaletasun handia izan da beti, eta urtetik urtera Mendi Tour babesten jarraitu nahi dugu, Tolosa mendizaletasunaren plaza bilakatu dadin». Honekin batera, martxoaren 12an eta 13an Leidor aretoa betetzea «erronka» izango dela nabarmendu du.
Tolosako eta inguruko mendizaleek hirugarren urtez gozatu ahal izango dute zine jaialdi honek emandako lanik onenez, eta Tolosa Gasako ordezkari Alberto Gonzalez, bat etorri da Iriarterekin: «Munduko zinemarik onena Tolosan bertan ikusteko aukera eskaintzen du honek, eta hori ikaragarria da».
Antxon Bandres Bidaiarien Txokoan egindako aurkezpen ekitaldira ere bertaratu da, Mendi Film Festivaleko zuzendari Javi Baraiazarra. Besteak beste, Mendi Tour bira egiterakoan Tolosa aukeratu izanaren arrazoiak azaldu ditu: «Batetik, Tolosan mendizaletasun handia dago, eta horrekin batera, herrian kultur mugimendu handia izaten da beti. Tolosa hiri bizia da, egonezin eta jakinmin handikoa».
Baraiazarrak eskerrak eman nahi izan dizkie udalari nahiz Tolosa Gasari, «egoera ekonomiko honetan, Mendi Tour-en aldeko apustua egitearren», eta Leidorren eskainiko dituzte filmen kalitatea nabarmendu du: «Ia denak sarituak izan ziren Bilbon, eta saririk jaso ez zutenek beste jaialdi batzuetan izan dute errekonozimendua. Oso zaila egiten zaigu filmak aukeratzea, eta ikusle gehiagorengana iristeko, askotariko lanak hautatzen saiatzen gara».
Mendiari eskainitako zine jaialdi honetako lan aukeratuak ikusteko aukera datorren astean izango da, beraz, Tolosan. 19:30ean hasiko dira astearteko eta asteazkeneko saioak, eta bi ordu inguruz luzatuko dira. Sarrerak eskuragarri daude jada, Leidorreko leihatilan; egun bakoitzeko txartela 5 euro ordaindu beharko da.
Mendia Alex Txikonen arabera
Aurtengo Mendi Tour-eko gonbidatu berezia izango da Alex Txikon. Iaz ezin izan zuen etorri, baina hilaren 13an, Bajo Cero lanaren inguruan gogoeta egiteko bertaratuko da alpinista profesionala, Tolosara.
Mendi Tour 2013
Martxoak 12, asteartea
19:30-21:40. Of souls + Water: The Nomad, Unicorn Shasimi, Non Cosi Lontano, Erhard Loretan: respier l´odeur du ciel eta Honnold 3.0.
Martxoak 13, asteazkena
19:30-21:50. Of souls + Water: The Warrior, Silbergeier, Origins: Obe and Ashima, Autana eta Bajo cero.