Ekitaldi ugari antolatu dituzte Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira

Ataria 2013ko martxoaren 6a

Emakumearen Nazioarteko Eguna izango da etzi, martxoaren 8an, eta hori dela eta, Tolosaldeko eta Leitzaldeko herririk gehienetan, parekidetasuna aldarri hartuta, ekitaldi sorta antolatu dute.

Egitaraua

Arantxa Gurmendi · 'Emakumeak plazan' dokumentalaren egilea

«Berdintasuna lortzeko baldintzak jarri behar dira, ez da berez etorriko»

Leitzako udaletxean izango da gaur, 18:00etan, Arantxa Gurmendi (Donostia, 1944) Emakumeak plazan dokumentala aurkezten. Emakumeek herri kiroletan duten eta izan duten presentziaz ari da lana. Gaiaren inguruan solasaldia izango da ikus-entzunezkoa ikusi ostean.

Nondik nora sortu zen lan hau egiteko ideia?

Lilatoi taldeko kide naiz, eta han emakumearen parte hartzea kirolean sustatzen dugu. Ikerketa bat egitea bururatu zitzaidan emakumea nola dagoen herri kirolaren ikuspuntutik eta parte hartzeari dagokionez. Ikerketari ekin aurretik, uste nuen oso emakume gutxi egongo zirela, eta horregatik Emakumeak plazara izena jartzeko asmoa nuen, baina ikerketan aurrera egin ahala konturatu nintzen badirela herri kirola egiten duten emakumeak, baina jendeak oro har ez dituela ezagutzen. Horregatik, izena aldatu nion, eta Emakumeak plazan jarri nion.

Badira emakumeak, baina jendeak ez dituela ezagutzen esan duzu.

Izan ere, ez dira inon azaltzen, festetan-eta ez dituzte kontratatzen. Kontua da erreferentziak behar direla. Gazteek ez badute ikusten emakumea kirola egiten baloratzen dela, ez dira animatuko beraiek egitera. Gaztetxo guztiek futbolari nahi dute izan futbola egunero agertzen delako bai telebistan, bai egunkarietan, bai eta toki guztietan. Mutikoak gehiago mugitzen dira kirolean erreferentzia gehiago dituztelako. Emakumeetan, berriz, oso gutxi ematen da, eta azaltzen den gutxi hori, gainera, ez da izaten lehen orrian, baizik eta, bigarren mailan. Berdintasuna lortu egin behar den zerbait da, ez da berez etorriko, eta horretarako baldintzak jarri behar dira.

Zer nabarmentzen dute dokumentalean agertzen diren emakumeek?

Oso gogorra egiten zaiela euren kirolarekin jarraitzea, askotariko trabak daudelako, eta babes edo laguntza gutxi: batetik ez dute diru laguntzarik, ez dute ia emanaldirik izaten, kasu askotan oso garestiak izaten dira entrenamenduak, amatasuna ere hor dago... Euren aldeko baldintza gutxi dituzte. Ahalegina egin beharra dago, eta, batez ere, erakundeen aldetik, eta kirol ordezkarietatik. Emakumeek beharrezkoa dute laguntza herri kiroletan hasteko edo jarraitzeko.

Nola hartu zuten dokumentaleko protagonistek zure asmoa?

Oso ondo. Esperientzia polita izan zen, eta oso ondo pasa genuen. Eurentzat norbait euretaz gogoratzen zen lehen aldia zen, beraz, oso kontentu zeuden.

Zerk harritu zaitu gehien?

Agian sokatirak. Ezagutzen nuen, noski, baina, ez asko. Entrenamenduetan-eta egon nintzen, eta dantza modukoa iruditu zitzaidan, pausoengatik, soinuengatik... Izugarri polita iruditu zait.

Tradizioz gizonena izan direla herri kirolak esan daiteke.

Tradizioak arrastaka daramatzagu. Plazagizona esan izan dugu, baina inoiz ez Plazaemakumea. Horrek esan nahi du emakumea ahaztua egon dela.

Zer egin beharko litzateke  tradizioei norabidea aldatzeko?

Politikariek eta teknikariek gehiago egin ahal dute, baina borondatea behar da. Gizonezkoen kirola indartu eta sustatzen duten moduan, berdin egin dezakete emakumeekin, asko baitaude gaur egun kirola egiteko prest daudenak. Kirolean aritzen diren gehienek laguntzak dituzte eta horrela iristen dira gora, eta kiroletik bizi daitezke. Emakumeekin, baina, ez da hori gertatzen. Beraiei neurri berean lagunduz gero, hobetu egingo lukete, eta gehiago izatera iritsiko lirateke.

Bilakaerarik nabaritu al duzu?

Azken urteetan zertxobait aldatzen ari da egoera, batez ere, ia herri gehienetan kirol teknikariak daudenetik. Kontzientzia gehiago dago, baina oraindik ere lan handia dago egiteko. Egoera horrela dago, eta ni hori salatzen eta erakusten saiatu naiz. Halaber, lana ikusten dutenak herri kirola sustatzera bultzatzea du xede.

Urko Fernandez · Pantaila Lagunak ekimeneko zuzendaria

«Zer den zilegi eta zer ez jakiteko denon artean arauak sortu behar ditugu»

Tolosako Usabal kiroldegian izan berri den Gipuzkoa Encounter teknologia eta informatikarien topagunearen barruan, Urko Fernandez (Donostia, 1977) Pantaila Lagunak ekimeneko zuzendariak parekidetasunaren gaia jorratu zuen bideojokoen alorrean.

Pantaila Lagunak ekimenean zer lan egiten duzue?

2004. urtean hasi ginen edozein teknologia berrien erabilpen arduratsu eta ziurraren alde lanean. Internet, telefono mugikorrak edota gizarte sareak landu ditugu. Bideojokoetan, berriz, beste alor batzuk ere landu eta lantzen ditugu, menpekotasuna edota ergonomia kasu. Azken hiru urteetan, berriz, bai Interneten, bai gizarte sareetan, bai eta bideojokoetan ere ikusi dugu sexismo edo matxismo maila biderkatu egin dela.

Zergatik gertatu da hori?

Internetek edota teknologia berriek berez duten akats edo birtuteengatik izan dela esan daiteke. Jendea era egoki batean eta gizartearen arauak errespatatuz portatu daiteke, baina badirudi, ordenagailu edota sarean gauzak birtualak direla, anonimoak direla eta horregatik zigorgabetasunez joka dezaketela uste dute askok eta euren portaera okertzen da. Bideojokoetan, horrez gain, oso mundu matxista izan dela euren sorreratik gehitu daiteke. Beraz, emakumearenganako tratua ez da batere egokia, bai industrian duen paperarengatik bai eta erabiltzaileen komunitatean ere.

Kontraesana dirudi sortu berri den mundua horrelakoa izateak.

Alde batetik, Internet erabiltzen duen jendea oso gaztea da, eta eurentzat oso zati garrantzitsu bilakatu da. Kanpoko klixeak hartzen dituzte, eta sarean, errepikatzeaz gain, biderkatu egiten dituzte. Interneten jende gehiagok esan eta egiten ditu astakeriak gizartean baino. Bideojokoen mundua ere gaztea da, baina, hala ere, akats hauek biderkatu egiten dituzte. Dena den, azpimarratu behar da portaera hauek ez direla orokorrak. Teknologia hauen erabiltzaileen %90 era egokian portatzen da. Gertatzen dena da portaera desegokia duten horiek oihartzun handiagoa sortzen dutela, eta euren jarrera kutsatu dezaketela.

Honen guztiaren aurrean zer planteatzen duzue zuek?

Interneten aurki daitezkeen jarrera hauen benetako ondorioak zein izan daitezkeen azaltzen dugu. Gaztetxoek pentsa dezakete guztia jolas bat dela, eta ez dute ikusten jarrera batzuekin sortu daitekeena. Bestetik, jarrera egokia izatearen heziketa edo estiloa sustatzen dugu. Hori txikitatik lantzen bada, sarean sartzean ez lukete portaera txarrik izan behar.

Arautuagoa egon behar al luke Internetek?

Gizarte fisikoan kontrola dagoela esan daiteke. Ez soilik poliziari dagokionez, baizik eta, zure inguruan duzun jendearengatik, esaterako, gurasoak. Interneten, berriz, kontrol hori galdu egiten da. Tresna berria dela esan daiteke, eta oraindik ez daude horrelako rolak. Lagunek gaztetxoari esaten diotena oso garrantzitsua izan daiteke, izan ere, bideojoko batean edo Interneten zerbait txarra egin edo esatean lagunek onartu edo ez badute onartzen, horrek definituko du hori egiten jarraituko duen ala ez. Ez da hainbeste polizia kontua, zentzuari dagokion zerbait da. Guztion artean arau batzuk sortu behar ditugu, eta horien arabera jakin zer den zilegi eta zer ez.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!