Merkatu librea shock doktrinarekin uztartuko duen dokumentala ikusgai

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko mar. 6a, 10:49

Tolosaldeko M15-k antolatu du jarduera; astelehenero elkartzen dira Tolosako kultur etxean

Naomi Klein kazetariaren liburuan oinarrituriko filma da.

«Finean, neoliberalismo politikoa da La doctrina del Shock dokumentalak islatuko duena». Hala azaldu du, Tolosaldeko 15M mugimenduko Marijo Urizar ordezkariak. Filmaren proiekzioa eta eztabaida izango dira, bihar, Tolosako kultur etxean, 19:00etatik aurrera.

Naomi Klein kazetari kanadiarrak 2007an argitaratu zuen La doctrina del shock; liburua oinarri hartuz buruturikoa da, izen bereko dokumentala, eta 2009an Michael Winterbottom eta Mat Whitecross-ek osatu zuten.

Marijo Urizarrek proiekzioan ikusi ahal izango denaren nondik norakoak azaldu ditu: «Amerikar Estatu Batuetan zenbait esperimentu egin zituzten 70eko hamarkadan, herritarrei lobotomiak-eta egiteko; hitz batean, jendeak bere gisara ez pentsatu ahal izateko. Liburuan zein dokumentalean, gaur egun ere gauza bera gertatzen ari dela esaten dute, jendea ekonomikoki deuseztatzeko helburuz. Herritarrek erreakziorik ez izatea litzateke nahia. Finean, neoliberalismo politikoa da».

Gaur egungo egoera hizpide

«Egungo egoera oso txarra denez, interesgarria iruditu zaigu gai hau jorratzea», dio Urizarrek. Tolosaldeko 15M mugimenduko kideek antolatu dute, izan ere, jarduera.

Astelehena izaten da, taldearen bilerak egiteko eguna, eta eskualde osoko kideak biltzen dira; hasieran kalean burutzen zituzten bilkurak, Trianguloan nahiz Zerkausian, baina neguan kultur etxean hartzen dute aterpe. «Egia esan, jende gutxi elkartzen gara, normalean, bost lagun inguru; gure bilkurak, ordea, irekiak dira», nabarmendu du Marijo Urizarrek. Batzar hauetan, egungo egoera hizpide izaten dute, eta auzi jakin batzuetan parte har dezaketela erabakiz gero, horretarako antolatzen dira: «Barakaldon Amaia Egañak bere buruaz beste egin zuenean, esaterako, mobilizazioak antolatu genituen, eta Trianguloan nahiz banketxeen aurrean jarri ginen, egoera salatuz».

Jendearen erantzunari dagokionez, «zenbaitek beldurra dutela dirudi, edo ez zaie iruditzen eurek zerbait lor dezaketenik», hala azaldu du Urizarrek. Honen harira, Tolosaldeko 15 M mugimendua helburu berri bat lortzeko bidean da: Tolosaldeko Stop  Kaleratzeak plataforma sortu nahi dute. Datorren martxoaren 14an antolatuko dute bilera, Bonberenean, eta Donostiako Stop Kaleratzea plataformako kideak bertaratuko dira, euren esperientziak kontatzera; deialdiaren ordua datozen egunotan zehaztuko dute arduradunek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!