- Lan esparruko orientazioan nahiz elkarlana sustatzeko jardueretan, ahalegin berezia egingo dute antolatzaileek aurrerantzean
- «Oso balantze ona» egin dute, eta emakumeen parte hartzea igo egin da
Aurten %12koa izan da, urtetik urtera haziz doan emakumezkoen parte hartzea.
Aisialdiari begirako jaia izatetik areago, igandean amaitutako Gipuzkoa Encounter egitasmo profesionalak bideratzeko party izatera iritsi da, antolatzaileek nabarmendu dutenez. Pasa den ostiraletik igandera bitarte, 600 lagun inguru izan dira Usabal kiroldegian, eta arduradunek «oso balantze ona» egin dute aurten ere; gero eta emakume gehiagok parte hartu izana bereziki azpimarratu dute, gainera.
Bideojokoen gaia izan da, 2013ko Gipuzkoa Encounterreko ildo nagusia. Hasiera batean aisialdiari begirako produktua dirudienak, elkarlanerako eta lan mundurako hainbat ate ireki dizkie Encounterreko ia 600 parte hartzaileei: «Gipuzkoa Encounterrek ziberunibertsitate baten antzeko izaera du, parte hartzaileek sarean lan egin ondoren, elkarren artean jakintzak trukatzen baitituzte», azaldu du party-ko Sabino San Vicente koordinatzaileak.
Bide honetan, horrelako egitasmoek hezkuntzari begirako aukera asko eskaintzen dituztela uste du San Vicentek, «festa honetan izan direnek lanean aritzeko eta proiektu profesional berrietan murgiltzeko interesa erakutsi baitute».
Horrela beraz, eta etorkizunera begira, proiektu berriak sustatzeko jarduerak indartuko dituzte antolatzaileek. Uztailean ospatuko duten Euskal Encounterrean ekingo diote honi, eta besteak beste, robotikaren, bideojokoen eta arte digitalen esparruan ariko dira, «hazkuntza garaian baitaude».
Errekorren Encounterra
Orain arteko errekorrak hautsi dituzte aurten, Gipuzkoa Encounterreko parte hartzaileek, izen-ematea ireki, eta 2 minutu eta 20 segundotan bete baitzituzten, Usabalgo eserleku guztiak. Guztira, 450 ordenagailu izan dira martxan, eta 600 parte hartzailek gozatu dute segundoko 1 GBeko abiadurako interneteko konexioaz.
Antolatzaileek oso gustura azaldu dute euren burua, eta 2013ko Gipuzkoa Encounterra «nota altuarekin» amaitu dela nabarmendu du Sabino San Vicentek: «Hilabeteak daramatzagu guztia prestatzen, eta oso pozgarria da gure helburuak lortu ditugula ikustea».
Besteak beste, Euskal Herriko superordenagailu handienari aurre hartu diote, hiru egunetan, Usabalgo 450 ordenagailuek: «Sare indartsua osatu dute, eta 700 tera disko gogor, 4.500 GHz-ko prozesatze gaitasuna, eta 1’8 terako RAM memoria izan dituzte». Hornidura honek guztiak, horrela, Usabalgo barne sarean, ostiraletik igandera bitarte, 1,45 milioi giga mugitzea ahalbidetu die parte hartzaileei.
Gero eta emakume gehiago
Gipuzkoa Encounter jaia antolatzen hasi zirenez geroztik, gizonezkoen parte hartzea altuagoa izan da beti, emakumezkoena baino. Urtez urte, ordea, hau ere aldatzen ari da datuen arabera, eta aurtengoan, parte hartzaileen %12a osatu dute emakumezkoek; gutxi gorabehera, 72 izan dira, beraz. Hain zuzen ere, hauxe azpimarratu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiko Informazio Gizarterako Sistemen zuzendaria den Lore Martinez Axpek, pasa den ostiraleko inaugurazio ekitaldian: «Pozgarria da gero eta emakume gehiagok parte hartzen dutela jakitea».
Generoaren auzia, gainera, Gipuzkoa Encounter 2013ko jardueren artean protagonistetako bat izan da; larunbatean, bideojokoen esparruan parte hartze parekideaz hitzaldia eskaini zuen PantallasAmigas elkarteko Urko Fernandezek.
Besteak beste, teknologiaren adar honetan emakumeekiko tratu hobea landu beharra nabarmendu zuen Fernandezek solasaldian: «Bideojokoen industria lehen postuan dago mundu mailako aisiaren merkatuan, zinemaren eta musikaren aurretik, eta rol matxista zaharrak hor daude oraindik».
Gainera, egungo gazteen denbora librea gero eta gehiago bideratzen da bideojokoetara, beraz, Urko Fernandezen arabera, industria honek erantzukizun garrantzitsua du: «Eredu parekideagoak transmititzeko ardura dute, emakumeentzako jokoek sukaldaritzaren gisako gaiak izaten baitutzte ardatz; gizonezkoei begirakoetan, berriz, emakumeak sexy edo bigarren mailako heroi moduan agertzen dira».
Informatikaz gain, lagun sareak ere bai Encounterren
Ordenagailu eta bideojokoen mundua zaletasun duten parte hartzaileek bete ohi dituzte Usabalgo eserlekuak, Gipuzkoa Encounter ospatzen den hiru egunetan. Teknologiarik berrienaz gain, ordea, party batetik bestera egindako lagunekin berriz biltzeko egunak ere izaten dira hauek.
Leire tolosarra da, eta bideojokoetako lehiaketetan parte hartzen duela azaldu du; Bilboko nahiz Tolosako party-etan egindako lagunak berriz ikusteko ere aprobetxatzen ditu Gipuzkoa Encounterreko egun hauek: «Urtez urte jendea ezagutzen dugu, eta harremanak sortzeko ere balio du Encounterrak».
Odei bergararra, berriz, laugarren aldiz izan da Tolosako Encounterrean, eta besteak beste, jokoetan eta software-en inguruko kontuetan aritzen da: «Hemen gauden hiru ilara elkarrekin etorri gara, 25 lagun inguru, eta guztiok Encounterretan ezagutu genuen elkar. Azken finean, lagun asko egiten dira, bai».