Asteburuan Gipuzkoako Txapelketa absolutoa jokatu da Donostian. Elurra izan bada ere, jendea ez da beldurtu eta parte hartze handia izan da. Nola ez, han izan ditugu Tolosakoak ere giro ederrean korri egitera animatuz. Nabari da talde gaztea dela, eta helduagoekin lehiatzean maila gazteetan baina domina gutxiago eskuratu dituzte. Hala ere, emaitzak ez dira batere txarrak izan, eta batez ere neskak izan dira podiumera igo direnak.
Lasterketen ondoren, Tolosaldean Gipuzkoako bi txapeldun gelditu dira. Amaia Segurolak 400 metrotan Gipuzkoa mailan duen nagusitasuna erakutsi zuen, 58.30 segundotako markarekin, eta bere lehiakideei aukerarik eman gabe. Oihane Vazquez bi aldiz igo zen podiumera. 1.500 metrotan garaipena lortu zuen, larunbatean, nahiz eta marka ez oso ona egin, 4 minutu 57 segundo eta 66 ehuneneko. 800 metrotan azken metroak arte lehiatu zuen garaipena, baina azkenean bigarren postuan sailkatu zen, bezperako esfortzuaren ondorioz, ziurrenik. Proba horretan bi minutu, 23 segundo eta 61 ehuneneko denbora markatu zuen.
Andrea Madera, bestalde, bigarren postuan sailkatu zen 60 metro hesietan, 9 segundo eta 48 ehuneneko lortuaz, eta Jone Purasek ere postu bera eskuratu zuen 3.000 metrotan (12.23.49). Azkenik, bi brontzezko domina ondorengoek lortu zituzten: Irene Zalduak 1.500 metroko distantzian eta Irati Mitxelena gazteak salto hirukoitzean, 10,47 metrora iritsiz.
Hauez gain, eskualdeko gaztetxoek txapelketa bikaina burutu zuten. Ane Galarzak 60 metrotan eta salto hirukoitzean bere marka hobetu zuen, eta Iñigo Puertak eta Aitor Plazaolak 60 metrotan gauza bera egin zuten.
Txapelketaz aparte, pisu jaurtiketan, atleten markak hobetzeko parte hartze irekiko proba bat egin zuten.Junior mailan (6kg), Aitor Arraizak 13.86 metrora bota zuen pisua, bere helburua lortuz. Ander Lakuntzak, jubeniletan, gauza bera egin zuen, 5 kiloko pisua 12,10 metrora bidaliz. Nesketan, Maria Alvarezek bere marka hobetu zuen 3 kiloko pilotarekin 10,11 metro lortu ostean.
Duatloi txapelketa
Larunbatean Eibarren herriko duatloiaren 22. edizioa lehiatu zen, esprint distantzian. Parte hartzaileek 5 kilometro korrika, 25 bizikletaz eta 2,5 korrika egin behar izan zituzten. Eibarko proban Gipuzkoako txapelduna nor izango zen ere erabakitzen zen, eta gizonezkoetan ohore hori Trigoi Triatloi Taldeko Luis Maria Urizar billabonatarrak lortu zuen, nahiz eta lasterketa hirugarren postuan amaitu. Probaren irabazlea Oier Ariznabarreta izan zen, eta Urizarri hamalau segundoko aldea bakarrik atera zion. Emakumeetan Gipuzkoako txapeldun gisa, Ainara Pacheco gelditu zen.