Tolosaldeko Lehiakortasun eta Berrikuntzarako foroak sarean ere txoko berria du

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko mar. 1a, 07:05

Datorren martxoaren 21ean inauguratuko dute Lehiberri; atariko gisa, aurkeztu dute jada zentroaren webgunea

Webgunean eta sare sozialetan zabalduko dute informazioa.

Martxoaren 21ean inauguratuko dute Lehiberri zentroa, eta www.lehiberri.net web atari berria izango da, Tolosaldeko enpresen lehiakortasuna hobetzea helburu izango duen eraikinaren txoko birtuala.

Tolosaldea Garatzen garapen agentzian du jatorria Lehiberri Foroak. Eskualdeko garapen agentziako Enpsesa Sailaren jardunak sortu zuen foroa 2008an, eta funtsean, Tolosaldeko ekonomiak zituen gabeziak detektatzea izan da beren jomuga. Joxe Luis Urdangarin eta Unai Anduezak nabarmendu dutenez, «azken bi urteotan ahalegin bereziak egin ditu foroak esparru honetan, oso aktibo egon gara, eta horren ondorioetako bat da, Apattaerreka industrialdean martxoaren 21etik aurrera zabalik izango den Lehiberri Zentroa»; izan ere, eskualdean «erreferentzialtasun falta nabaria zegoen», gaineratu du Tolosaldea Garatzen-eko kudeatzaile den Urdangarinek.

Azken hilabeteotan, «zailtasun asko» izan dituzte arduradunek, eraikinaren egitasmoa aurrera ateratzeko; besteak beste, Espainiako Gobernutik jasotzea espero zuten diru laguntzarik gabe geratu ziren. «Denon ahaleginaz eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantziazioari esker, azkenik, gainditu ditugu zailtasunak, eta zentroa zabaltzeko moduan gara», azpimarratu du Urdangarinek.

Tolosaldeko enpresek nahiz eragile sozio-ekonomikoek beren egitasmoak burutu ahal izateko Lehiberri Zentroko espazioa izango dute, beraz, aurrerantzean. Honen harira, Tolosaldea Garatzen-eko Enpresa Saileko arduradun Unai Anduezak, Lehiberri Foroko jardunaren 4 lan ildo estrategikoak nabarmendu ditu: «Formakuntza jorratzen dugu alde batetik, kudeaketa eta IKTak landuz; nazioartekotasunak ere berebiziko garrantzia du, enpresek bezero mota bat baino gehiago izan dezaten; enpresa eta eragileen arteko elkarlana sustatzea ere guri dagokigu, eta azkenik, gaur egungo egoeran ekintzailetasuna bultzatzea lehenatsunezkoa da».

Lau estrategia ardatz hauen inguruko informazioa jaso ahal izango da, hain zuzen, www.lehiberri.net webgunean. Horrez gain, foroaren inguruko albisterik berrienak, diru laguntzen inguruko informazioa, zentrora iristeko jarraibideak eta antzeko datuak zintzilikatuko dituzte.

Halaber, Tolosaldea Garatzen agentziako webgunera lotura zuzena izango da atari berritik, eta aipatzekoa da, Facebook nahiz Twitter-en ere aktibatu dituztela kontuak, zentro berria teknologia berrietara zabalduz.

Lekualdatze lanetan jada

Lehiberri Zentroaren irekierarekin batera, Tolosaldea Garatzen agentziak berak ere Apattaerreka industrialdeko eraikin berrian eskainiko ditu zerbitzuak, aurrerantzean.

Hori dela eta, lekualdatze lanak medio, Merkataritza Dinamizatzeko Bulegoa itxita izango da bai gaur, eta baita astelehenean ere; helbide elektronikoak eta telefono deiak ere ezin izango dituzte erantzun. Martxoaren 5ean, asteartez, ohiko zerbitzua emateko moduan izatea aurreikusi dute arduradunek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!