Datorren martxoaren 19an hasiko da argazkilaritza lantegia, eta Iñigo Royo izango da irakaslea
Argazkiak ateratzeko afizioa duen jendeak norbere kamerari probetxu handiagoa ateratzeko aukera izango du, kultur tailerretako argazkilaritza lantegiarekin. Taldea osatuz gero, martxoaren 19an hasiko dira ikastaroak, eta kameraren oinarrizko funtzionamendua ezagutzea izango da, ikasleen lehen egitekoa.
Argazkiak ateratzen ohituta dauden herritarrei zuzendutako saioak izango dira, eta maila aurreratua dela zehaztu dute arduradunek. Horrela, martxoaren 19an hasita, 90 orduko ikastaroa osatuko dute, taldea osatzen bada. Izan ere, Iñigo Royo irakaslearekin ikastaroari ekiteko, gutxienez 8 lagun beharko dira, 15 pertsona baino gehiagoko taldea handiegia litzateke. Adinari dagokionez, berriz, 16 urtetik gorako edonork eman ahal izango du izena.
Kultur etxeko tailerretako bat da argazkilaritza tailerra, eta hasiera batean behintzat, astearte eta ostegunetan izango dira saioak, 18:30etik 21:30era bitarte. Hala ere, ikasleek eurek ordutegia moldatzeko aukera izango lukete hala nahiko balute. Prezioari dagokionez, matrikula 200 euro ordaindu beharko dute Tolosako herritarre; eskualdeko biztanleek, berriz, 300 euro ordaindu beharko dute ikastaroa.
Ikastaroko saioak aurrera doazen heinean, hainbat ariketa jorratuko dituzte, argazkia mota desberdinei begira; horrela, erretratuak, paisajeak nahiz barruko argazkiak ateratzeko teknika egokienak ezagutuko dituzte.
Irudiak izozteko trebetasuna lortze bidean, metodologia desberdineko saioak eskainiko dizkie Iñigo Royok, ikasleei. Zenbait saiotan, proposaturiko gaiaren inguruko filmak eta argazkiak ikusiko dituzte eskoletan, ondoren gai horiekin lanean hasteko; amaieran, lorturiko emaitzak hizketa gai izango dituzte guztiek.
Azkenik, argazkigintza teknologia berrienetara eramanez, Photoshopari eskainitako zortzi saio ere burutuko dituzte tailerrean; programa informatikoa ezagutzeaz gain, ordura arte ateratako argazkiak hobetzen ikasiko dute.
Behin argazkigintza lantegia amaitutakoan, ikastaroko parte-hartzaileek argazki guztiak bilduko dituzte, eta Aranburu jauregian antolatuko duten erakusketa batean ikusgai izango dira.
Gazteentzako ikastaroak
Herriko gazteenei begira, Tolosako Udaleko Gazteria Sailak ere antolatu ditu ikastaroak. Izen-emate epea zabalik da oraindik, eta halaxe izango da, leku guztiak betetzen diren arte. Beraz, saio hauetakoren batean parte hartu nahi duen edonork, bi bide izango ditu horretarako: batetik, kultur etxeko Gazte Informazio Bulegora joan daiteke izena ematera, eta bestela, gazteria@tolosakoudala.net helbide elektronikora mezu bat idatzi beharko da, izen-abizenak, telefonoa eta aukeratutako ikastaroaren izena zehaztuz.
Jaten duguna gara nutrizio ikastaroa, DJ eta Scratch ikastaroa, serigrafia ikastaroa, skate ikastaroa eta Madness custom ikastaroa izango dira aukeran, eta datorren astetik aurrera abiaraziko dituzte batzuk. Informazio gehiagorako, www.tlsbat.net webgunea bisita daiteke.