Urkola ahizpek hogeita bost urte bete dituzte tolosarrei eta eskualdeko herritarrei ile apaindegi zerbitzua eskaintzen. Arantxa eta Idoia Urkola tolosarrak dira, eta urte guzti hauetan biak izan dira negozioa aurrera atera dutenak. Txikitatik garbi zuten ile apaindegi batean lan egin nahi zutela. «Gure etxean panpina guztiek ilea moztuta bukatzen zuten», adierazi du Arantxak.
Hasierako urteetara salto eginda, lehenengo Arantxak egin zituen ikasketak, eta izeba batekin hasi zen lanean. Gero, Idoia ahizpa etorri zen, eta bien artean ile apaindegia jartzea erabaki zuten. Orduan ere krisi garaiak zirela gogoratzen dute, eta langabezia asko zegoela. Beraiez gain beste hainbat ere ireki ziren Tolosan, eta martxan zegoen ile apaindegi batean sartu ziren Laskorain kalean, alokairuan. Ile apaindegiaz hizketan hastearekin batera, gurasoengandik jaso duten laguntza nabarmendu dute Urkolatarrek: «Beti hor izan ditugu ondoan, eta beraien laguntza gabe ezin izango genuen aurrera egin. Beti izan dugu beraien babesa».
Jarraian, hemeretzi bat urte Korreo kalean egin zituzten beraien ile apaindegi propioa zabalduz. Orain, ordea, ekainean lau urte beteko dituzte, Eskolapioetako lorategiak kalean duten ile apaindegi berrian.
Bezerorik gabe, ile apaindegia hogeita bost urtez aurrera ateratzea ezinezkoa izango zenez, ezin izan dute bezero fidelei eskerrak eman gabe geratu: «hogeita bost urte hauetan bezero asko berdinak ditugu, beste asko bidean daude», gaineratu dute.
Beraien lana goraipatzean bezeroekiko «gertutasuna» aipatzen dute. Familia moduko bat osatzen dute bezeroekin, eta familia askotako belaunaldi ezberdinak ezagutu dituzte. «Etxeko egiten ditugu», dio Arantxak. Familia askotako jaunartzeak, bataioak edota ezkontzak ezagutu dituzte. Era berean, bezeroak entzuten jakitea ere garrantzitsua dela diote, eta beraiekin konektatzea. Komunikazio ona izatea dute ardatz, eta hori naturaltasunean oinarritua dute.
Gainera, psikologo lana ere beraien negozioaren parte dute. Ile apaindegiek duten fama ez dela horrela argitu dute, eta prentsa arrosaz hizketaldi gutxi izaten dituztela. «Jendeak gehiago hitz egiten du bere buruaz besteez baino», gaineratu du Idoiak. Eta «ile apaindegia beteta dagoenean askoz ere kontu gutxiago esaten da», gaineratu du Arantxak.
Ilearekin nahi dutena egiten dutenaren ospea ere bertan behera utzi nahi izan dute, eta bezeroekiko errespetua beharrezkoa ikusten dute. Bezeroak zer nahi duen, hori egin behar duela ile apaintzaileak garbi dute.
Urteetako esperientzia
Astelehenetik larunbatera egiten dute lan, eta «etxeko negozioa» izatearen abantailak azaldu dituzte: «ordutegiak moldatzeko erraztasuna izan dugu, eta horrek malgutasuna eman digu. Baita ordu gehiago sartu behar badira ere. Proiektu batean gaude sartuta eta inplikazio gehiago dago». Eta etxeko negozia izatearen beste abantaila aipatzean, «kalitatea eta prezioa» lotu dituzte: «Langileak badituzu kostua igo egiten da, eta horrek prezioan eragina du». Beraien neurrira egokitutako negozioa egin dutela diote.
Orain, enpresa guztiak bezala, kostuak nondik gutxitu begiratzen dute. Hala ere, ez dute bezeroen aldetik jaitsiera nabarmenik atzeman.
Bi ahizpek garbi dute hogeita bost urteek eman diena «esperientzia» dela. Era berean, beti egon behar dute argi eta ikasteko gogoarekin. Hala ere, urteek eman dieten aberastasuna baliatzen dute. Hasierako urteetan guztia berritasuna zela gogoratzen dute, baina hala ere beti prestatzen jarraitzen dute. Azkenean funtzionatzen duena betikoa dela ekarri dute gogora.
Aldaketarik nabarmenena kalitatearen aldetik etorri dela diote, bai produktuen aldetik eta baita beraien ikasketen aldetik ere. «Orain askoz ere gehiago zaintzen da ilea», argitu dute. Bestetik, modetara egokitzea dela kontua argitu dute.
Bezeroen leialtasuna
Hogeita bost urtean, eta ile apaindegi batean bitxikeria ugari izango dituztela galdetzean, mutil kuadrila bat aipatu dute. «Gazte zirela hasi ziren guregana etortzen, baina orain burusoil geratu dira eta jada ez dira etortzen. Hala ere, urtero inauterietan antolatzen duten hamaiketakora gonbidatzen gaituzte». Beraien bikoteak eta seme-alabak ere ezagutu dituzte.
Beste hainbat bezeroren leialtasuna ere nabarmendu nahi izan dute. «Batzuk Legazpira, Usurbilera,... joan dira bizitzera baina ahala eta guztiz ere guregana etortzen jarraitzen dute», kontatu du Idoiak. «Eta guk hori estimatu egiten dugu», gaineratu du. Gainera, zorteko direla eta oso bezero jatorrak dituztela azpimarratu dute bi ahizpek. Hemendik aurrera, edonork joan nahi izanez gero, Irudi ile apaindegiko ateak zabalik izango dira.