2011ko martxoan sinatu zuen, Tolosako Udalak, Tolosa CF eta Muñoa Fundazioarekin, Berazubi estadioko eraberritze lanei ekiteko beharrezko hitzarmena, eta datorren astelehenean hasiko dira obrak.
Iñaki Arratibel Tolosa CFko lehendakariak, «duela 8 urte ere taldearen helburu nagusien artean Berazubi eraberritzearena» zegoela nabarmendu du: «Tolosan dauden kirol azpiegiturak ikusita, ez du zentzurik Berazubi herritar guztien erabilerarako ez izateak. Azkenean lortu dugu».
Ibai Iriarte alkateak eta Iñaki Arratibelek, bereziki eskertu nahi izan dute «Muñoa Fundazioak izandako prestutasuna»; gogora ekarri behar da, fundazioaren jabetzetako bat dela estadioa, eta 50 urterako utzi dio udalari.
Estadioa berritzeko proiektua osorik aurkeztu zen hasieran, Imanol Agirre udaleko arkitektoak azaldu duenez; egoera ekonomikoagatik, ordea, lau zatitan burutuko dituzte obrak, eta lehentasuna eman nahi izan diete behar gehien zuten puntuei.
Horrela, astelehenean bertan abiaraziko duten lehen fasean, Iurre auzoko sarrera, harmailak, aldagelak eta gimnasioa eraberritzeaz gain, estalitako bi padel pista ere egingo dituzte, igerilekuaren ondoan. Hau guztia egiteko, 920.035 euroko aurrekontua izango dute, eta BEZa erantsi beharko zaio horri.
Aldaketa nabarmenenak harmailetan izango dira: «Harmailak egiteko aurreko egitura aprobetxatuko dugu guztia berrituz. Azpian, ordea, aldagelak izango dira lanak amaitzean, eta tribunaren eta aldagelen artean taberna txiki bat egingo dute», azaldu du Agirre arkitektoak. Harmailen aldamenean, berriz, gimnasioa eta estalitako bi padel pista eraikiko dituzte.
Obrei dagokienez, hasiera batean zortzi hilabeteko lanak aurreikusi bazituzten ere, lehiaketa prozesuan lanak sei hilabete eta erdian amaitzeko proposamena egin zuen, UTE Compezo Arian enpresa esleipendunak: «Eraikuntza enpresa honek Gipuzkoako lan hitzarmeneko baldintzak betetzen ditu, eta kontuan hartu dugu hau, esleipena egiterakoan», azpimarratu du Iriartek.
Egitasmo osoa burutu ahal izateko aurrekontua, 2.869.000 eurokoa izango da, eta «hurrengo hiru faseak, beraz, finantziazio iturrien menpe egongo dira neurri batean», alkateak azaldu duenez.
Lanen bigarren zatian atletismo pistako luze bat estaltzea, tenis pista eraberritzea, eta frontoia eraberritu eta pixka bat lurperatzea aurreikusi dute, «bizilagunei gutxiago eragiteko».
Hirugarren zatian, taberna, bulegoak eta biltegiak osatuko lituzteke, eta azkenik, igerilekua berritzearekin batera, ibai ondoko pasealekuaren urbanizazioa ere amaituko lukete.
Izan ere, kirol instalazioak hobetzeaz gain, eraberritze lanen helburu nagusietako bat «estadioaren eta aldameneko bi auzoen arteko harmonia sortzea» dela nabarmendu dute arduradunek. Hau dela eta, estadioa inguratzen duen horma desagertu egingo da proiektua amaitutakoan, eta espazio irekiago baten itxura hartuko du Berazubik.
Kirol eskaintza osoa
Egitasmoaren aurkezpenean, Berazubiko azpiegitura berriak Usabal kiroldegikoekin uztartzea ezinbestekotzat jo du Ibai Iriarte alkateak. Kiroldegiaren osagarri izango da, beraz, estadioa, eta Usabalgo bazkide guztiek erabili ahal izango dute, Tolosako kirol eskaintza osatuz. «Leku gutxitan izango dute horrelako kirol azpiegiturez gozatzeko aukera», nabarmendu du Arratibelek.
Horrela, bada, datorren astelehenetik aurrera, Berazubi estadioaren kudeaketa Tolosako Udalaren eskumena izango da, eta beraz, Kirolzer-ek kudeatuko ditu azpiegiturak, Usabal kiroldegiaren ardura ere enpresa berak baitarama.
Hala ere, futbol zelaiaren mantentze lanak Tolosa CFk burutuko ditu oraindik: «Lehen fasean ez da zelaia ukituko, eta guk urteak daramatzagu zelaia zaintzen, beraz, lan hori guk egitea erabaki dugu», azadu du Tolosa CFeko lehendakariak.
Aurrekontua
2.869.000 euro. Berazubi estadioa erabirretzeko aurreikusitako obra guztiak aurrera eramateko 2’8 milioi inguruko aurrekontua beharko dute. Lehen zatia egin ahal izateko, berriz, 920.035 euro beharko dituzte.