Tolosako Udaleko azken osoko bilkuran, Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren 197/2006 legearen, edo bestela esanda, Parot Doktrinaren aurkako mozioa onartu dute.
Bildu, Aralar eta EAJko udal hautetsiek Estrasburgoko Giza Eskubideen Tribunalak pasa den uztailean ebatzitakoa ekarri dute gogora; tribunal honek, Parot Doktrina ez legezkoa eta oinarrizko eskubideen aurkakoa dela ebatzi zuen, berau bertan behera uzteko eskatuz.
Bide honetan, eta pasa den astearteko plenoan onartutako mozioaren bidez, Tolosako Udalak nazioarteko giza eskubideen legedia aplikatuz, 197/2006 doktrinapean dauden euskal preso guztiak aske uztea eskatu du. Halaber, «euskal presoen aurkako salbuespeneko legedia bertan behera utzi behar da, Euskal Herrian bizi dugun itxaropen eta konponbide aukeraren aurrean», osoko bilkuran nabarmendu zutenez.
Honen guztiaren berri emango die udalak, gainera, herritarrei eta Europako Kontseiluko Giza Eskubideen ordezkari den Nils Muiznieks-i.
Aipatzekoa da, gai honen harira, osoko bilkuran aipamen berezia egin ziotela Pello Odriozola tolosarrari; 2008an aske izan behar zuen, baina Parot Doktrina aplikatu zioten, eta hamar urtez luzatu diote zigorra.
Euskal Pizkundeari plaza
Datorren martxoaren 23an, Tolosako Udalak Euskal Pizkundea plaza izendatuko du, osoko bilkuran puntu hau onartu eta gero.
Oria ibaia, Aranburu jauregia, Santa Maria eliza eta Errotak mugatzen duten eremuak jasoko du izen berria, eta XX. mendeko lehen hamarkadetan mugimendu hau abiarazi eta garatu zuten gizon-emakume guztiak gogora ekartzeko modu bat izango da.
Honez gain, astearteko osoko bilkura aldarrikapen gehiagoz osatu zuten. Batetik, Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zeneko 37. urteurrena dela eta, Tolosaldea Sahararekin elkarteak aurkeztutako mozioa eztabaidatu eta onartu zuten.
Halaber, Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, adierazpen instituzionala onartu zuen udalbatzak, eta Tolosako Udalak esparru honetan dituen lehentasunak zerrendatu zituen. Besteak beste, berdintasun politika publikoak garatzeko konpromisoa hartu du udalak.