Lluis Verdaguer: «Bizilagun guztien inplikazioa beharrezkoa da atez atekoan»

Ataria 2013ko otsailaren 28a

Taradell herria Bartzelonako lurraldean aurkitzen da, eta 6.212 biztanle ditu. La Plana mankomunitatea 12 herrik osatzen dute, hau da, 32.000 biztanlek. Hondakin bilketaren datuak eskuetan dituela, harrotasunez hitz egiten du Lluis Verdaguer-ek (Taradell, Herrialde Katalanak, 1971). Tolosaldeko mankomunitateak gonbidatuta, bihar, Tolosan izango da hitzaldia ematen, Topic-en 19:00etan.

Nola kokatuko duzu hitzaldia?

Atez atekoaren aldeko apustua egiten lehenengoetako herria Tona izan zen Katalunian, duela 13 urte inguru. 8.200 biztanle inguru ditu Tonak, eta La Plana mankomunitatean dago. Ondoren, pixkana-pixkana, mankomunitateko gainontzeko hamaika herriak apustu bera egiten hasi ginen.

Zergatik?

Garai hartan arazo larri bat genuen: errauskailua. Herritarren artean zatiketa handia sortu zuen, eta hori konpontze aldera, atez atekoaren aldeko apustua egitea erabaki zen.

Egun martxan al dago errauskailua?

Ez. Atez atekoa errauskailura zihoazen hondakinak ahalik eta gehien birziklatzeko helburuarekin jarri genuen martxan. Horrek ez du esan nahi momentu hartan errauskailua kentzeko helburua genuenik, baina izugarrizko emaitzak lortzen hasi ginen atez atekoarekin. %25 birziklatzetik %75 birziklatzera pasatu ginen.

Erabat irauli zenituzten datuak.

Erabat. Horrekin batera, agerian gauza bat gelditu zen argi eta garbi, ingurumenari begira sistemarik onena atez atekoa dela. Horretarako, ordea, bizilagun guztien inplikazioa beharrezkoa da, sistemaren arrakasta hortik baitator. 2011n, ehunekoetan hondakin gehien birziklatu zuen Kataluniako herria Taradell izan zen, %84 lortuz, eta hori harrotasun handiz esaten dugu joaten garen lekura joanda.

Zergatik aukeratu zenuten atez atekoa, eta ez bosgarren edukiontzia?

Edukiontziaren drama, berdin dio hiru, lau edo bost jarri, ondorengoa da: hamar bizilagunek ongi birziklatzen baldin badute, baina hamaikagarrenak gaizki, guztien lana izorratzen da. Atez atekoaren kasuan hori ez da gertatzen: batek gaizki egiten badu ez zaio jasotzen, ondorioz, ez du gainontzekoen lana zikintzen. Edukiontziekin oso zaila da kontrol hori eramatea, eta nahikoa da hamarretik batek, edo ehunetik batek gaizki egitea guztien lana zapuzteko. Kasu horretan, gaizki egin delako, bilketan nahastu eta zikindu den guztiak errauskailura joan beharko luke.

Herritarrek nola hartu zuten hondakin bilketa sistema berria?

Euskal Herriarekin alderatuz, abantaila bat izan genuen guk, gaiaren inguruan adostasun politikoa zegoela.

Zein alderdiren artean?

CIU eta Ezkerra Republicanaren artean.

Herritarrek bat egin al zuten adostasun horrekin?

Euskal Herrian egiten ari diren bezala hasi ginen gu ere, bizilagunekin batzarrak egiten eta zalantzak argitzen. Lehenik eta behin, auzo batean jarri genuen martxan, eta gero, zabaltzen joan ginen. Une oro birziklatze datuak zeintzuk ziren esaten joan ginen, eta herritarrak egokitzen joan ziren poliki-poliki. Batzuei kosta egin zitzaien sartzea, ezkorragoak zirelako, baina hala eta guztiz ere jarri egin zen, pedagogiaren bidetik, eta ongi egiten zutenak sarituz.

Oposizio handirik ez zen egon, beraz.

Oso erraza izan zela esango banu, gezurretan ariko nintzateke. Aurkako jarrera zuten herritarrak egon bazeuden, eta euren iritzia modu ikusgarri batean azaltzen zuten batzutan. Bestalde, aldekoak ere bazeuden, nahiz eta hain ikusgarri ez adierazi euren iritzia. Zaila da hori ongi ebaluatzea. Herritar asko mesfidati zegoen, eta hondakin poltsak alboko herrian edo errepideetan botatzen zituzten. Hori konpontzeko udalak lan gehigarri bat egin behar izan zuen, baina behin egoerari buelta eman eta gero, emaitza arrakastatsuak ikustean eta zenbat birziklatzen ari zaren ikustean, jendea bere buruaz harro sentitzen zen. Atez atekoak bosgarren edukiontziarekin duen abantaila hori da, emaitzen arrakasta.

Atez ateko hondakin bilketa sistema martxan jarri zenuenetik hamar urte inguru pasa dira. Zein da herritarren iritzia orain?

Ez daukat herritarren iritzia adierazten duen inkestarik esku artean, baina gauza bat oso argi daukat: lehengora itzuli beharko bagenu, alkate izateari utziko nioke.

Hondakinen kudeaketa nola dago Katalunian?

Gure herrian jendeak oso bereganatua dauka atez ateko sistema, eta beste herri batetara joaten zarenean, birziklapena gure moduan egiten ez dutela ikustean, iraingarria egiten zaizu. Katalunian asko dago egiteko oraindik. Datuak eskuan, birziklapen tasa bataz beste %40 izango da, eta gu %80an gabiltza. Gehien birziklatzen duten hamar herritik sei gure mankomunitatean daude; oso argi dago hobekien funtzionatzen duena atez atekoa dela.

Herri handien kasuan ez da hain erraza izango?

Egia da herri txikiak garela, eta 40.000 mila biztanle dituen hiri batean zer gertatuko litzatekeen ez dakigula, baina Vic-en atez atekoa jartzekotan dira, eta 40.000 biztanle ditu. Zalaparta sortuko da, hori ziur, baina behin hasi eta emaitzak ikusten dituztenean, egoerari buelta emango zaio; herritarrek ongi ari direla ikusten dutenean, ez dago atzera bueltarik. Itxura aldetik zerbait esan dezakete agian, 22:00etatik aurrera pare bat orduz poltsak kaleak egongo direlako, baina ez da ahaztu behar egun guztian zehar ez dela zakar poltsarik botata ikusten, edukiontzirik ez baitago.

Gipuzkoan gertatzen ari dena jarraitzen ari al zara?

Azaroan egon nintzen Euskal Herrian eta sentsazio txarrarekin itzuli nintzen, liskar politikoa baitago. Inorekin ondo edo gaizki geratzeko asmorik gabe, penagarria da gai hau desgaste politikorako erabiltzea; hau defendatzen duena edozein izanda ere, gobernuan egon edo oposizioan egon.

Lehentasunak nahastu direla esan nahi al duzu?

Agian oker nago, ez dakit, baina uste dut Katalunian ingurumenari buruzko pentsaera barneratuagoa daukagula. Hemen benetan garrantzia duena ahalik eta emaitza onenak lortzea da,  eta horretan berdin dio alderdi honek edo hark esaten duena. Herritarrek gaiaren garrantziaren inguruan kontzientzia hartu behar dute, eta politikoen arteko talkak ez dira herritarrentzat onuragarri. Egokiena adostasun bat egotea izango litzateke; agian tarteko bide bat bilatu behar da, ateaz atekoak derrigorrez ez du izan behar modu batera, aldagai asko ditu sistema honek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!