Tolosako Inmakulada ikastetxeak urteak daramatza gazteak hezten, eta urteetan aldaketa asko jasan ditu. Mojen ikastetxe izateari utzi, eta duela zazpi urte langileen kooperatiba egin zuten eta Ikastolen elkartean sartu ziren. Gizarte eta Osasun arloko lanbide heziketako ikastetxea da. Erdi mailako eta goi mailako ikasketak eskaintzen dituzte, eta eskualdeko ikasleez gain Gipuzkoatik eta kanpotik etorritako ikasleak hartzen dituzte.
Martxoaren 7an, ostegunean, ate irekien jardunaldia egingo dute interesa duen edonork beraien eskaintza zertan datzan jakin dezan. 15:30etik aurrera zabalduko dituzte ikastetxeko ateak. Beraien zikloak eta ikastetxeak zer lan mota egiten duten azalduko dute. Informazio guztia emango zaie bertaratzen diren guztiei, eta matrikulak maiatza amaiera aldera egin ahal dira.
Gipuzkoa mailan osasun arloko ikastetxerik handienetakoa dela azaldu du Ana Monje zuzendariak. Arlo batzuetan bakarrak dira, eta Erizaintzaren kasuan, bakarrak ez diren arren, euskaraz ematen duten bakarrak direla azaldu du. Gizarte integrazioa ere euskara hutsez eskaintzen dute. 350 ikasle dituzte ikasketa arautuetan, eta bataz beste, hogeita hamabost irakasle daude. Eskualdeko ikasleen kopurua %15era ez da iristen.
Erdi mailako ikasketen artean, Erizaintza laguntzailea edota Farmazia eta parafarmazia ikasketak egiteko aukera dago. Aldiz, eskaintza zabalagoa du goi mailako ikasketetan. Osasun dokumentazioa, Diagnosi irudia, Erradioterapia, Gizarte integrazioa eta Haur hezkuntza ikasteko aukera dago. Erdi mailako ikasketak hasi nahi dituenak, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza gainditua izan beharko du. Eta goi mailako ikasketak egin ahal izateko Batxilergoa gainditua izan beharko dute, edo erdi mailatik goi mailarako sarrera froga gainditu beharko dute. Beraien ikasleak sarrera froga egin ahal izateko ere prestatzen dituzte.
Euskara eta kalitatea, ardatz
Beraien hezkuntza sisteman metodologia berriak erabiltzen dituzte, eta lan handia ari dira egiten. Mondragon Unibertsitatearekin hezkuntza kooperatibo batean sartuta daude, eta elkarrekin lantzen ari dira. Beste hainbat esperientzia pilotutan sartuta daude.
Euskarari eta eleaniztasunari garrantzia ematen diote Inmakulada ikastetxean. Beraien zikloak euskaran oinarrituak daude, eta euskaraz ematen dituzte, baina egia da materialarekin zailtasunak dituztela. Poliki-poliki ari dira materiala sortu eta prestatzen. Ia ez dagoela materialik aitortu du Monje zuzendariak. Aldiz, esperientzia berri gisa Haur hezkuntzako zikloa hiru hizkuntzetan ematen ari dira, eta didaktikako modulua ingelesez ematen hasi dira. Kalitateak ere pisu handia hartzen du ikastetxean, eta kudeaketa mailan bikaintasunari garrantzi handia ematen diote. Kudeaketa plan estrategiko baten barruan lan egiten dute, hiru hilabetero errebisatzen dute, eta hobekuntzak ezartzen dizkiote sistemari. ISO 9000 kalitate ziurtagiria lortua dute. Honez gain, beste ziurtagiriekin ere ari dira.
Nerea Sainz · Erizaina
«Ama izatea berandu erabakitzen badugu, zailtasunak egon daitezke»
Osasun arloko ikastetxea izanik, Inmakulada ikastetxeak, urtero-urtero, herritarrei begirako ekitaldiak antolatzen ditu. Kasu honetan, lehena, Laguntza bidezko ugalketa hitzaldia izango da. Gaur, ikastetxean bertan izango da, eta 18:30etik aurrera, azalpenak ematera eta edozein zalantza argitu asmoz etorriko da Nerea Sainz (Zarautz, 1977), Bilboko Quiron ospitaleko erizaina.
‘Laguntza bidezko ugalketa’ hitzaldia eman behar duzu Tolosan. Zer azalduko duzu?
Batez ere, gaur egun, emakumeak haurdun geratzeko orduan zein den arazorik nagusiena azalduko dut. Emakumeak haurdun geratzeko erabakia berandu hartzen du, hau da, gero eta adinean aurrerago eta helduago izanda geratu nahi izaten du haurdun. Hori da lehen zailtasuna.
Hortik abiatuko duzu hitzaldia?
Bai, lehen zergatia hori dela azaltzen dut, eta mezu garbia ama izatea berandu erabakitzen badugu arazoak izan daitezkeela da. Jarraian ugalketa lagunduan dauden aukera ezberdinak azalduko ditut, eta bakoitza zein kasutan erabiltzen den.
Zailtasunak dituenak zein aukera ditu?
Bata intseminazioa litzateke. Batetik, arrazoi garbirik ez dagoenean erabiltzen da, eta, bestetik, bikote homosexualetan. Horrez gain, laborategian egiten den in vitro ernalketa legoke. Kasu honetan, emakumearen obulua hartu eta gizonaren espermatozoidearekin elkartzen da. Eta bi kasu egongo lirateke: beraien kasa ugaltzen uztea edota obuluari operazio txiki bat egitea izango litzateke bere barruan espermatozoidea sartuz. Hauez gain, beste kasu bat haurrak gaixotasunen bat jaso dezakenekoa izango da.
Aurrerapenak ere nabariak izango dira.
Aurrerapenak egunero sortzen dira. Beti daude gauza berriak, eta lanean jarri behar da. Esaterako, enbrioietan egin diren aurrerapenez ere ariko naiz, eta hauek izozteko moduaz. Ziklo batean haurdun ez bada geratzen, aukera gehiago eskaintzen du hilabete batzuk beranduago berriz ere enbrioiekin saiatzeko. Bestalde, obuluak beiratzea legoke. Gu asko ari gara egiten, hau da, emakumeak argi du ama izan nahi duela baina ez dela unea iritsi, beraz, gorde egiten ditugu garaia iritsi bitartean. Minbizia dutenen kasua ere hau litzateke.
Osasun publikoak hauek guztiak eskaintzen ditu?
Gaixotasunen bat transmititzeko aukera dutenen proba pribatuan bakarrik eskaintzen dute, hau da, publikoak ordaintzen du baina pribatuan egin behar da tratamendua. Beste guztiak publikoan egin daitezke. Hala ere, geroz eta murrizketa gehiago daude.
Emakumeak aipatzen dira sarri, baina haurdun ez geratzearen arazoa gizonarena ere izan daiteke.
Bai, gerta daiteke, eta egia da gaur egun espermaren kalitatea asko jaitsi dela. Hala ere, hau errazago konpondu daiteke obuluarena baino. Espermak laborategian asko hobetu daitezke, baina obuluak ez. Obuluak emakumearen adina du, eta espermatozoideak ez gizonezkoaren adina. Espermatozoideak hiru hilean behin berritzen dira.
Herritarrek galderak egin eta zalantzak argitzeko aukera izango dute. Zein izaten da galderarik ohikoena?
Jende askok pentsatzen du tratamendu bat hartu eta ehuneko ehunean ziurtatua dagoela haurdunaldia, eta hori ez da horrela izaten. Zailtasunak izaten dira, eta berriro ere emakumearen adina izaten da gakoa. Eta tratamendu bat egitera bideratuko gaituena ere kasu gehienetan adina izango da.