Bihar ‘Bazen behin uharte bat’ dokumentala eskainiko dute, euskarazko azpitituluekin
Ekologistak Martxan-ek, herriz herriko eragileen laguntzaz, zazpigarrenez antolatu du aurten, Ekozinemaldia; Del viento al azul eta Los Naua, 20 años film katalanen bitartez, Ekuadorko eta Peruko egoerak ezagutu ahal izango dira, gaur, 20:00etatik aurrera, Leidorren.
Zor ekologikoa hizpide duten mundu osoko film aukeraketa batekin osatzen dute, urtero, Ekozinemaldia. Tolosan bezalaxe, Euskal Herriko beste hamahiru herritan ere ospatuko dute egitasmoa, eta guztira, 10 film proiektatuko dituzte; 8 film luzeak izango dira, eta 2 film laburrak.
Zinemarako lan hauekin, Brasil, Ekuador, Amerikar Estatu Batuak, Peru, Bolivia, India, Indonesia, Polinesia, Somalia, Seychelleak, Zeelanda Berria, Frantzia eta Euskal Herriko ekoizpenak plazaratuko dituzte, eta guztiek, «zenbait jarduera ekonomikok eta hauen ondorioek herritarren bizimoduari eta ekonomiari» nola eragiten dioten islatuko dute, era batera nahiz bestera.
Horrela beraz, ezinbestean krisiaz ariko dira filmetako zenbait: «Langabezia, murrizketak nahiz pribatizazioa ez ezik, gure diskurtsoetan oraindik eragiten ez duten beste arazo batzuk ere aipatu nahi ditugu. Izan ere, krisia ez da hemen jasaten dugun zerbait soilik; sistema osoari dagokio».
Hiru film Tolosan
Herrialde Katalanetan ekoitzitako bi film ikusgai izango dira, gaur, 20:00etan, Leidorren. Del viento al azul lanak, Ekuadorko egunerokoa izango du hizpide. Los Naua, 20 años pelikulak, berriz, petrolio mugak Perun, Amazonasen arroan, izan duen aurrerapena islatuko du. Nauak Peruko gas proiekturik handiena ezarri zuten lekuan bizi dira, eta 20 urtetan jasandako narriadura ikusi ahal izango da.
Bihar, berriz, Bazen behin uharte bat ikusi ahal izango da, euskarazko azpitituluekin, 19:45ean, Leidorren. Hainbat sari jaso ditu, Zeelanda Berriko lanak, eta klima aldaketaren gaia jorratuko du: lurrari eragiteaz gain, pertsonen bizitzei eta nortasunei nola eragingo dien islatuko du.