Maialen Oregi: «Eskualdean enpresa berriak sortzeko ideiak landuko ditugu tailerrean»

Ataria 2013ko otsailaren 27a

Tolosaldea Garatzenek ekintzaileentzako tailerra antolatu du. Atzo eta gaur, Maialen Oregi (Soraluze, 1985) Tolosako musika eskolan egongo da, Garai nahasietan ekin zure egitasmoari ekimenarekin. Oregi, Manahamana aholkularitza etxeko kidea eta tailerraren arduraduna da.

Zer landuko da ikastaro honetan?

Bizipenen inguruko ikastaroa izango da. Gaur egun zein tendentzia ematen diren ikusiko dugu, eta ondoren, Tolosaldean dagoena aztertuko dugu. Modu horretan, zein aukera dauden ikusiko dugu. Askotan kanpora joatean aukera gehiago daudela pentsatzen dugu, adibidez Alemanian, baina sarri gauzak egiteko lekurik egokiena ezagutzen dugun hori izaten da, hau da, eskualdea bera. Tendentzia globalak hemengoekin alderatuko ditugu.

Ideiak sortzea al da tailerraren helburua?

Eskualdean enpresa berriak sortzeko ideiak lantzen ariko gara.

Zein da parte hartzaileen perfila?

Hasiera batean muga hamasei lagunetan jarri genuen, baina eskaria handiagoa izan denez, hogehira igo dugu kopuru hori. Ikastaroan parte hartzen duten gehienak langabetuak izaten dira; batzuk buruan ideia argi batekin etortzen dira, eta besteak ez.

Aurrez ideia bat duenari nola laguntzen diozue?

Konpetentzia batzuk ikusten dira, eta ondoren, konpetentzia horretan bakoitza nola dagoen ikusten da.

Zer esan nahi duzu horrekin?

Lan pertsonalizatua egiten dela. Bakoitzak buruan zer duen aztertzen da, eta hori gauzatzeko zer falta zaion.

Tailerretan lan indibiduala egiten duzue, beraz.

Bai, horrela da, azkenean helburua indibiduala baita. Norberak duen ideiaren inguruan balorazio bat egin behar du bakoitzak. Hala eta guztiz ere, tailerreko metodologia taldekakoa da; denon artean landuko ditugu gauzak.

Bertan aztertzen dena gero praktikan jartzen al da?

Hainbat eskualdetan aritu gara tailer hau egiten, eta helburuetako bat, gauzak egiteko aukerak daudela ikustea eta sinestea da. Askotan, ideia bat buruan izan arren, ez gara ausartzen ezer egitera. Muga hori gainditzen laguntzen du tailer honek, eta hori lortzea oso garrantzitsua da. Ideia hori gauzatzeko pare bat lagun elkartuko balira ondoren, primerakoa izango litzateke.

Batzuk ideia batekin joaten dira ikastarora, eta besteak ideiarik gabe. Azken hauekin zein lanketa egiten duzue?

Hasiera batean antzekoa da: zer dagoen ikusten da, eta norberari zer gustatzen zaion aztertzen da. Hortik negozio ideia desberdinak garatzen dira, lurraldeak ematen dituen aukerak kontuan hartuta. Hurrengo urratsa, ideia hori lantzen hastea izango litzateke.

Hor beste baldintza batzuk sartuko lirateke: Kapitala, egoitza...

Horretarako Tolosaldea Garatzen egongo litzateke, tailer honetan ezin baita dena egin. Gogotsu ekiten dionak garapenari, ondoren serioski aztertu beharko ditu baldintza guztiak, gauzak ondo baloratu ahal izateko.

Etorkizuneko enpresariez ari gara beraz hizketan.

Ez gara ari betiko enpresa horietaz hitz egiten. Gaur eguneko tendentzietan argi ikusten da hori; beste enpresa mota batzuk dira.

Adibidez?

Estereotipo asko dago gaur egun, eta beti inguruko enpresetan fijatzen gara. Kasu honetan, ordea, nire afizioak negozio bilakatzeaz ari gara hizketan. Agian ez gara ari 20 langile dituen enpresa batez, norberaren proiektu txikiaz baizik: beste batzuekin puntu komunak bilatu, eta sare bat sortuz elkarlanean aritzeaz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!