Elkarte gastronomikoetan parekidetasuna lortu nahi du Tolosako Udalak

Ataria 2013ko otsailaren 26a

Tolosako Udalak elkarte gastronomikoak parekide izateko bidea martxan jarri du. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetza hitzarmena sinatu du, eta bi aldeek prozesu parte hartzailearen bidez egingo dute lan. Eztabaida, hausnarketa eta herriko eragileen arteko harremana estutzeko aukera izango da.

Ibai Iriarte Tolosako alkateak eta Laura Gomez aldundiko Berdintasun zuzendariak eman zuten hitzarmenaren berri. Tolosan aurrera eramango den prozesu parte hartzailea finantzatzeko, Aldundiak 30.000 euro jarriko ditu. Elkarte gastronomikoekin adostutako plan estrategikoa da, eta eremu horietan emakumeen parte hartzea bermatu nahi da. Udalera sartu zirenetik, genero politikak udalgintzaren zutabetzat hartu zituztela nabarmendu zuen Iriartek.

Hitzarmenaren xedea emakumeek gizonekiko berdintasunean parte hartu ahal izatea dela ekarri zuen gogora Gomezek. Eta  esparru publiko zehatz batean, hau da, jaietan eta espazio guneetan ere parte hartzea ahalbideratu behar dela, eta prozesu horiek indartu egin behar direla eskatu zuen. «Oinarri-oinarriko lanketa egin behar dela ikusten dugu, egituran matxismoa duelako gure gizarteak», argitu du Iriartek.

Mahai gainean jarri duten planaren lehen hazia 2010. urtean jarri zela kontatu zuen Iriartek, eta elkarte gastronomikoekin hasitako lanaren jarraipena izango da. Proiektua egoera berriei egokituz moldatuko dute, eta bidean ikasiak baliatuko dituzte horretarako. Adostutako dekalogoak zailtasun batzuk zituen, eta horiek ekidinez berria egokitu dute. Elkarteekin eta elkarteetan bertan egin nahi dutela lan nabarmendu zuen alkateak. Hausnarketa sustatu nahi dute, eta gizon-emakumeen parte hartzea izango da aztertu beharrekoa. Tolosak duen bizitza kulturala izugarria dela ekarri zuen gogora, eta horiek antolatzen dituzten eragileekin egin nahi dute lana, Tolosako herrian gizon eta emakumeen parte hartzea nolakoa den jakiteko.

Hiru esparru

Nolabait, hiru esparrutan eragin nahi dute: jaiak eta ospakizunak; eragileak, elkarren arteko ekitaldiak bultzatuz eta elkarte gastronomikoak. Elkarteekin egin duten lehen hurbilketak izan duen harrera aipatzeko dela adierazi zuen Iriartek: «Aukeratutako bost elkarteek baiezkoa zuzenean eman dute. Eskertu beharrekoa da Aiz-Orratz, Txinparta, Gure Kaiola, Aurrera eta Batasuna elkarteek eskaini diguten konfiantza eta gertutasuna».

Erakundeen arteko elkarlanak duen garrantzia nabarmendu zuten, eta administrazio publikoek gizarte aldaketa parekideak zuzentzeko ardura dutela. Gipuzkoa mailan egin diren azterketek, emakumeek jaietan duten parte hartze kopurua, kalitatea, esanahia eta balioa txikiagoak direla kasu guztietan gizonek dutena baino nabarmendu zuen aldundiko ordezkariak. Eta hau agerikoa dela argitu zuen: «Ez da jai esanguratsuetan bakarrik, baizik eta, jaien inguruan antolatzen diren alboko beste jarduera guztietan ere gertatzen da. Kirol ekitaldietan, musikan, kultur jardueretan, ospakizun erlijiosoetan, dantzan, sukaldaritzan, gastronomian...».

Honi lotuta, elkarte gastronomikoek duten garrantzia nabarmendu zuen Gomezek: «Askotan elkarteak izaten dira txapelketa edota ekitaldiak antolatzen dituztenak, eta gizonezkoak izaten dira protagonista».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!