Berazubiko aparkalekuen inguruan herritarren iritzia ezagutu nahi du udalak

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko ots. 22a, 09:43

Ikastetxea zeneko orubean etxebizitzak eraikiko dituzte, eta lurpeko 50 aparkaleku egin nahi dituzte azpian

Ibai Iriarte eta Aitziber Lazkano, aurkezpenean.

Berazubi, Iurre eta zezen plaza inguruetako bizilagunei eskuorri bat iritsiko zaie, egunotan, buzoira: Tolosako Udalak, Berazubiko ikastetxea zeneko orubean, lurpeko aparkalekuak erosiko lituzketen herritarrik ba ote den jakin nahi du.

Pasa den ekainean esleitu zitzaion, enpresa eraikitzaileari, Berazubiko lursaila. Etxebizitzen proiektuan bertan, lurpeko aparkalekuak aurreikusita daude lehen solairuan, etxebizitzentzat; bigarren solairuko aparkalekuak, ordea, saltzeko eraikiko lituzkete.

Gaur egungo finantziazio arazoak medio, ordea, gutxieneko aparkaleku kopurua saltzen ez bada, banketxeak ez du finantziaziorik emango. «Benetako interesik ba ote dagoen jakin nahi dugu, bai baitakigu, egungo egoeran, garaje bat izatea ez dela lehentasunezko zerbait. Enpresa eraikitzaileak, ordea, ez zuen finantziaziorik lortu ekainean, eta gu geu jarri ginen banketxearekin harremanetan; orubearen jabea Tolosako Udala den arren, azken hitza banketxeak izango du bigarren solairuko aparkalekuei dagokienez», azaldu du Ibai Iriarte alkateak.

Aipaturiko esku orria zonalde horretako bizilagunei bakarrik iritsiko zaien arren, «edozein tolosarrek garajeak erosteko aukera bera» izango duela nabarmendu du alkateak. Informazio guztia, udaletxean bertan nahiz www.tolosakoudala.net webgunean eskuratu ahal izango dute.

Horrela, beraz, guztira 50 aparkaleku jarriko dituzte salgai: irekian eta itxiak. Plaza irekiek 18.000 euroko prezioa izango dute, eta itxitako aparkalekuak, berriz, 24.000 euro ordaindu beharko dira; BEZa gehitu beharko zaie prezioei.

Proiektuak aurrera egin dezan, 38 garaje saldu beharko dituzte. Horrela, astelehenetik apirilaren 2ra bitarte jasotako eskariekin bilera bat antolatuko du udalak, egoerari buruzko informazioa emateko.

Garaje hauetakoren bat erosi nahi duten herritarrek, 300 euroko diru-gordailu bat utzi beharko dute, «benetan interesa dutela bermatzeko», azaldu du Iriartek. Azkenean aparkalekuak egingo ez balira, gordailua osorik itzuliko litzaieke erosleei.

Berazubiko ikastetxeko orubean aurreikusitako aparkaleku hauek jabetzan salduko ditu Tolosako Udalak; hala ere, udalak berak lehentasuna izango du, aurreneko hamar urteetan, bigarren salerosketen prezioa zehazterakoan, «prezioekin ez espekulatzeko». Aipatzekoa da, garajeak 2015 urte amaierarako eraikiko lituzketela.

Auzotarrekin bilera

Datorren astelehenean, hilak 25, Tolosako Udaleko ordezkariak Iurreko eta Berazubiko auzotarrekin bilduko dira.

Batzarra 20:00etan hasiko da, Paper Eskolako areto nagusian, eta aparkalekuen gaia izango da, jorratu beharreko puntu nagusietako bat.

Honez gain, ordea, TAO sistemaren aldaketa ere hizpide izango dute, batetik. Paper kaleko aparkalekuak publikoak izango dira aurrerantzean, TAO sistema bertatik kenduz, eta udalak erabaki honen zergatia azalduko die auzotarrei.

Era berean, Berazubiko Stadiumeko obren eraginaz ere ariko dira. Lanak hilabete honetan hasiko dituzte, eta obren iraupena, hauen eragina eta antzeko gaiak jorratuko dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!