Xabier Zeberio: «Gabriel Aresti lankide eta gidari literarioa izan zen Oskorriren hastapenetan»

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko ots. 21a, 11:07

Gabriel Aresti gogora ekarri nahi izan du, Oskorrik, bere azken ikuskizunean. Xabier Zeberio tolosarrarentzat berezia izango da, bihar iluntzean Leidor aretoan eskainiko duten estraineko emanaldia.

Hamasei urte daramatza, Xabier Zeberio tolosarrak (1978), Oskorrin biolina jotzen. Kasualitatez hasi zela dio, taldeko orduko biolin jotzaileak jarduna utzi zuen urte berean amaitu baitzituen, berak, biolin ikasketak; proba baten bidez sartu zen, beraz, musika taldean.

Ibilbide honetan, emanaldi berezia izango da beretzat biharkoa: Gabriel Aresti biszitan ikuskizunaren estreinaldia eskainiko dute Oskorriko kideek, 20:00etan, Tolosako Leidor aretoan.

Estreinako emanaldiak desberdinak izaten al dira?

Bai. Biharkoa berezia da, lehenengoa delako, eta errepertorioa bera ere berezia delako. Oskorriren hasiera-hasierako garaiko kantuak dira eskainiko ditugunak, eta beraz, aspaldian jo gabeko doinuak berreskuratuko ditugu. Honez gain, kasu honetan Tolosan izango da estreinaldia, eta hemen jotzea, niretzat, berezia da. Taldearentzat oso kontzertu desberdina izango da, bostok elkarrekin lehenengo aldiz joko baitugu formatu akustikoan. Dena da berria, beraz, eta azken urteotako emanaldirik bereziena izango da ziurrenik.

Nondik sortu zitzaizuen proiektu honen ideia?

Arestiren inguruan zerbait egitearen ideia aspaldi generabilen buruan. Gabriel Aresti lankide eta gidari literarioa izan zen Oskorriren hastapenetan, eta Natxo de Felipek-eta oso harreman berezia izan zuten poetarekin. Taldeak lehen diskoa argitaratu, eta geroztik ez dugu lan gehiago egin izan Arestiren obrarekin. Baina ia inoiz jo ez dugun errepertorio oso interesgarri bat bada hor. Horrela, inflexio puntu batera iritsi ginen, eta egitasmo honi ekiteko unea zela iruditu zitzaigun. Ikuskizuna Leidorren estreinatzeko aukera sortu zitzaigun, Kilometroak 2013ren eskutik, eta martxan jarri genuen guztia.

Azken hilabeteotan lana gogotik egin duzue.

Bai, zortzi bat hilabete eman ditugu egitasmoa prestatzen. Aipatu dudan errepertorio horretatik kantak aukeratzen hasi ginen lehenengo, egokienak zein izan zitezkeen ikusiz; aukeraturiko doinuei, berriz, moldaketak egiten hasi ginen, era berean. Buru-belarri aritu gara,  eta oraintxe puntu-puntuan dago taldea, egindako lana plazaratzeko.

Oskorriren hastapenetako soinu horretara itzultzeak nola eragin dizu zure bakarkako lanketan?

Niretzat oso aberasgarria izan da prozesua, ñabardurak-eta askoz ere gehiago azaleratzen direlako. Formatu akustikoan, musikari moduan adierazteko aukera eta espazio gehiago izaten da.

Nahiago dituzu, beraz, formatu txikiko emanaldiak.

Egia esan, ni beti izan naiz formatu txikiagoen aldekoa; musikari gisa gehiago asetzen da bat. Eta erantzukizuna ere handiagoa den arren, neurri berekoa da ondorengo gozamena. Gainera oso esperientzia polita izaten ari da taldea horrelako formatu batean entzutea, eta entseguak egitea; asko gozatzen ari gara.

Ikusleen gertutasuna ere nabarmendu duzue.

Bai. Esan beharra dago, gauza guztiek dutela beren alde ona. Makro kontzertu batean, talde oso indartsu batekin, eta sekulako ekipoarekin jotzea ere, oso interesgarria da. Baina biharko emanaldiaren kasuan lortzen den gertutasuna, eta kontzertuaren sinpletasun eta fintasun hori, gehiago jasotzen du publikoak. Ñabardura txikienetan irabazten du formatu txikiak, agian, eta ikus-entzulearentzat askoz ere zuzenagoa da. Kantuak ere, gainera, oso sakonak izango dira, bai melodien eta bai hitzen aldetik ere.

Abestien moldaketak egokitzeko maketa bat grabatu duzue, estudioan. Prozedura hau ohikoa da Oskorrirentzat?

Proiektu berriak egin izan ditugunean, normalean, disko bat egon izan da tartean. Kasu honetan, ordea, proiektua oraindik diskorik gabe moldatu dugu; zuzeneko egitasmo gisa planteatu izan dugu, hasieratik, Gabriel Aresti biszitan. Disko bat prestatzen ari garenean, beti egiten ditugu maketak, noski, entzuteko eta moldatzeko. Kasu honetan, beraz, gauza bera egin dugu, oraingoz behintzat diskorik argitaratu ez dugun arren. Horrela, gutxi gorabehera moldaketa guztiak finkatuta genituela, bi egunez estudioan sartu ginen, guztia ondo grabatzeko.

Ikuskizunerako zukua atera omen diozue maketa horri.

Bai. Gehienbat, norbera jotzen ari denean, ez daukalako kanpotik entzunda izan daitekeen perpektiba hori. Kantu batek nola funtzionatzen duen benetan ikusteko oso baliagarria da, eta sorpresa handiak izaten dira: behar bada abesti bat arrunt antzekoa iruditzen zaizu jotzen ari zarenean, eta gero maketan entzunda sekulakoa da, eta alderantziz ere gertatzen da. Egia esan oso ondo

etorri zaigu maketa, hainbat ondoriotara iritsi gara, eta gauza asko hobetu ditugu grabaketari esker. Finean, honek guztiak estudioan sartzeko gogoa pizten du, eta zuzenekorako proba bat ere izaten da.

Ikuskizunak Gabriel Aresti belaunaldi gazteenei ezagutarazteko balioko duela azaldu zuen Natxo de Felipek. Adin guztietako ikusleak al dituzue?

Nik baietz uste dut. Oskorrik berrogei urtetik gora ditu jada, eta alde batetik, hasierako Oskorri hura ezagutu zuen publikoa dugu, adinean aurrera doana. Bere ibilbidean, ordea, taldeak hainbat egitasmo burutu ditu: disko propioak, herri kantuak berreskuratu eta abesteko The Pub Ibiltaria, nahiz haurrentzako errepertorioarekin hiru disko. Azken disko hauen entzule izan zirenak, gaur egun ez dira hain gazteak; 1993koa da Kantuen testamentue, pentsa! Beraz, esan daiteke birsortuz joan dela Oskorriren publikoa, eta emanaldietan gazteak nahiz helduak ikusten dira. Oskorri ez da sekula izan, agian, boladan, punta-puntan, egon den taldea, baina beti hor egon izan da, eta horrek bere alde onak baditu.

Kilometroak 2013 izan da biharko kontzertuaren antolatzaileetako bat. Hain zuzen, ekoizle musikala izan zara zu, Kilometroetako abestian. Nolakoa izan da esperientzia?

Esperientzia sekulakoa izan da; benetan aberasgarria eta polita izan da, jende gaztearekin

elkarlanean aritzea. Horrelako lan bat nire gain hartzea ardura handia izan da niretzat, baina ohore handia ere bai. Izan ere, egindako lanarekin eta lortutako emaitzarekin oso-oso gustura gaude bai ni eta baita parte hartu duten guztiak ere: egileak, musikariak nahiz inguruko jende guztia.

Kantua inauterietan plazaratu zenuten, eta jada bere arrastoa utzi duela dirudi.

Bai, nik asko entzun dut inauterietan, eta denetarik egongo da, baina oro har, jendeari gustatu zaiola dirudi. Jendeak bere egin du kantua, eta abestu egiten du tabernetan. Egia esan, hori ikusteak poza ematen du, eta lan polita egin dugula uste dut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!