Igor Arostegi: «Lagun eta leku asko ezagutu ditut perkusioari esker»

Ataria 2013ko otsailaren 21a

Igor Arostegi, Perkusio jotzailea

Tolosako Musika Eskolako paretak ondo baino hobeto ezagutzen ditu Igor Arostegik (Tolosa, 1990). Musikari familia batetik eratorria, zortzi urterekin erosi zituen bere lehenengo makilak, eta ordutik makina bat pare txikitu du, joaren joaz. Musikenen goi mailako perkusio ikasketak bukatzeko hilabete batzuk bakarrik geratzen zaizkio, eta horretan dihardu buru belarri, entsegu batetik bestera. Ez dira asko adin horrekin titulu hori eskuratu dutenak. Gaztea, baina esperientziaz beteriko mutila da.

Igor Arostegi[/caption]

Musikaria jaio, ala egin egiten da?

Zalantzarik gabe, jaiotzeak asko laguntzen du. Baina, dohain horiek behar bezala lantzen ez badira, jai dago. Ezagutzen dut jendea ni baino gaitasun handiagoarekin, baina behar adina lan ez egiteagatik bidean geratu dena. Musikaria izateko, egin, asko egin behar da.

Zatozen familiatik etorrita, jakina zen zu ere musikan hasiko zinela?

Familian asko ziren instrumenturen bat jotzen zutenak, baina haiek bezala, ni ere dibertsio hutsez hasi nintzen. Futbolean jokatzen nuen moduan aritzen nintzen musikan ere. Aurrera egin ahala ikusi nuen geroz eta gustukoago nuela, eta bide horri segi diot.

Perkusioarekin, baina, familiako lehenbizikoa izan zinen. Nolatan aukeratu zenuen?

Etxean beti esan izan didate txikitatik eduki dudala perkusioarekiko fijazioa. Umetatik ibili izan naiz bateria gora eta bateria behera. Horregatik, gustatzen zitzaidalako aukeratu nuen, beste inoren eraginik gabe.

Hasi zinenean, pentsatzen al zenuen horren urruti iritsiko zinenik?

Inolaz ere ez. Iruditzen zait, gainera, sekula ez dagoela hori jakiterik. Hasi nintzenean afizio bat besterik ez zen, ondo pasatzeko eta disfrutatzeko. Gerora hartu nuen serioago. Eta orain ere disfrutatzen dut, nahiz eta tarteka sufritzea ere tokatzen zaigun.

Zein aukera eman dizkizu perkusioak?

Batez ere, talde desberdinekin jotzeko aukera eman dit. Perkusioari esker, txarangan, bandan, orkestran, perkusio taldeetan eta bestelako formatuetan jotzeko aukera izan dut, eta, noski, horrela jende asko ezagutu dut. Gainera, Euskal Herriko txoko guztietan barrena ibili naiz, eta baita Euskal Herritik kanpo ere. Lagun eta leku asko ezagutu ditut perkusioari esker.

Nolatan hartu zenuen musikara dedikatzeko erabakia?

Errenterian erdi mailako ikasketak bukatu ondoren, musika ez beste zerbaitetan hastea pentsatzen nuen. Baina Jesus Mari Garmendia irakasleak, betidanik ikusi nahi izan ninduen goi mailan, eta hark animatuta, eta nire burua konbentzituta, horretan hasi nintzen. Jarritako helburuak betetzen joan ahala, orduan eta indar gehiago izan dut aurrera egiteko.

Zein bide egin behar izan duzu zauden lekura heltzeko?

Tolosako musika eskolan perkusioa ikasten zortzi urtez aritu, eta  Errenteriako kontserbatoriora joan nintzen erdi mailako ikasketak egitera. Irakaslearen laguntzarekin, eta lana majo eginda, hiru urtetan bukatu nituen. Ondoren, goi mailakoa egin asmotan, leku desberdinak begiratzen aritu nintzen, baina zorteari eta esfortzuari esker, Donostiako Musikenen hartu ninduten. Orain, ametsa egi bihurtzen ari naiz.

Gustuko lekuan ez omen da aldaparik izaten. Neketsua ari zaizu egiten?

Mundu hau asko gustatu behar zaizu norabait iritsi nahi baduzu, oso gogorra baita. Momentu batzuetan, dena pikutara bidaltzeko gogoa ematen dit, asko estutzen gaituztelako. Zorionez, badakit afizio honetatik egin nahi dudala nire ofizioa, eta horrek ematen dit jarraitzeko indarra.

2008an Euskadiko Gazte Orkestratik deitu zizuten. Nolakoa izan zen esperientzia?

Lau urtez aritu naiz bertan, eta esperientzia erabat aberasgarria izan da. EGO-koak izan ziren orkestra batean eman nituen lehenengo urratsak. Irakasle berriak, ikuspuntu berriak, eta, batez ere, inoiz bizi gabeko sentsazioak eskaini zizkidan. Gainera, lagun eta bidaia asko egin ditut horri esker.

Ondoren, Espainiako Gazte Orkestra Nazionalean hasi zinen.

Iaz, sarbide froga egiteko aukera eman, eta lehenengoan sartu nintzen. Estatu osoko musikariak aritzen dira bertan, eta ez da batere erraza izaten haraino iristea. Maila ikaragarria da, puntako musikariak eta irakasleak baitaude; jende profesionala. Horien artean egotea, ohorea da niretzat.

Zein da zure eguneroko martxa?

Tamalez, ez daukat martxa finkorik. Irakasle asko atzerritik etortzen dira, eta haien egutegira moldatu behar izaten dugu. Gainontzean, egunero joaten naiz Donostiara, klaseak hartzera edota horiek prestatzera. Goizean goiz hasten naiz, baina ez dut jakiten iluntzean noiz amaituko dudan. Bandarekin eta txarangarekin ere entseatzen dut, astean hirutan, baina, Musikene amaitu bitartean, ikastea eta ikastea, ez zait besterik geratzen.

Horrenbeste sakrifizio egin behar izanda, inoiz ez zara damutu?

Damutu ez, gustukoa dudalako eta honetan aritu nahi dudalako. Baina inguruko jendea horren lasai ikusten dudanean, batzuetan inbidia ematen dit. Askok klasera joatearekin nahikoa izaten dute, baina nik klase bat hartu ahal izateko lehenbizi ondo prestatu behar izaten dut, klase bakoitza ebaluazio bat izaten baita.

Ikasketak bukatu ondoren, nola ikusten duzu zure etorkizuna?

Hori inkognita bat da. Nik perkusioa jotzen bizi nahiko nuke, orkestraren batean edo talderen batean. Azken batean, horixe da nire pasioa, eta horretarako ari naiz ikasten. Baina irakasle izatearen aukera ere hor daukat. Etorkizuna, etorkizunak esango digu.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!