Egunkaria

10 urte ‘Egunkaria’-rik gabe

Ataria 2013ko ots. 20a, 12:58

 

 

Euskaldunon Egunkaria 2003ko otsailaren 20an itxi zuen Guardia Zibilak, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo epailearen agindua betez. Polizia operazioan, hamar lagun atxilotu zituzten. Horien artean, Martxelo Otamendi tolosarra zegoen, Egunkaria-ren orduko zuzendaria.

 

Euskal kazeta ETAk sortu, ETAk finantzatu eta ETAk bideratu zuela zioen atxilotuen aurkako autoak. Atxilotuei ETArekin lotura izatea egotzi zien, eta ondorioz, lege antiterrorista aplikatu zien: inkomunikazioa. Aurrez milaka euskal herritarrek egin bezala, inkomunikazio garaian torturatuak izan zirela salatu zuten atxilotuek. Martxelo Otamendi otsailaren 25ean aske gelditu zen, fidantza ordaindu ondoren.

Euskaldunon Egunkaria itxi arren, ez zuten isildu. Otsailaren 21ean, hau da, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkera Guardia Zibila joan eta hurrengo egunean, Egunero egunkaria argitaratu zen. Ordura arte Tolosaldeko izaera zuen kazetak, bezperan itxitako Egunkariaren lekua hartu zuen. Lehen zenbakiaren 70.000 zenbaki saldu ziren.

Tolosaldean, lehenik Galtzaundi berezia argitaratu zen Egunero-ren ordez, eta ondoren, Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza sortu zuten.

Euskal kazetaren itxieraren inguruko epaiketa 2009ko abenduaren 15ean hasi zen. Epaia, 2010eko apirilaren 12an iritsi zen: absoluzioa. Sententziaren arabera, auzipetuek ez zuten deliturik egin, eta ez zuten ETArekin loturarik eduki; itxiera neurria Espainiako Konstituzioaren babesik gabea izan zen, adierazpen askatasuna urratu zuelarik.

2003ko otsailaren 20a honela gogoratzen dute eskualdeko hainbat protagonistek: 

 

Martxelo Otamendi, ‘Egunkaria’-ko zuzendari ohia

«Dena bukatu zenaren sentsazioa nuen»

«Bezperan hitzaldi bat eman nuen Azpeitian, eta bukatzean, antolatzaileek han zeuden bi gazte bertakoak ez zirela esan zidaten. Itzulerako bidea hartu nuenean, bi autok sandwich moduko bat egin zidaten; bat atzean eta bestea aurrean jarri ziren, distantzia oso laburrera. Nik eskatu gabe Tolosaraino ‘lagundu’ ninduten. Behin etxean, afaldu eta ohera joan nintzen. 01:00etan Guardia Zibila etxeko atea kolpatzen hasi zen. Pijamarekin atea ireki eta esku burdinak jarri zizkidaten. Bost orduko miaketaren ondoren, Andoaina eraman ninduten, eta laneko bulegoan beste bost ordu aritu ziren. Handik auto batean sartu eta Madrilera».

«Etxean sartu zirenean, Auzitegiko idazkariak ni atxilotzeko eta inkomunikatzeko agindua zuela esan zidan, baita Egunkaria ixtekoa ere. Urte askotako lana, gogoa, esperantza, ekimena eta dirua komuneko zulotik behera botatzen ari zirela pentsatu nuen une hartan; dena bukatu zenaren sentsazioarekin nengoen».

 

Lorea Agirre, ‘Egunkaria’-ko langile ohia

«Orain beste bat egin beharko dugu izan ziren nire lehen hitzak»

«Goizean goiz lankideek deitu zidaten telefonoz, Egunkarian Guardia Zibila zegoela esanaz. Euskadi Irratia piztu nuen, eta ezin nuen sinetsi. Ikaragarrizko kolpea izan zenaren sentsazioa daukat. Ez nuen horrelakorik inondik espero. Herri honetan garai gogorrak bizi izan dira; aurrez, Egin, Egin Irratia eta Ardi Beltza ere itxi zituzten, beraz, ez zen hain arraroa, baina ez genuen espero. Zeinen inozenteak ginen pentsatzen duzu: Euskarazko egunkari txiki bat ginen, euskalgintzari zor genion proiektua. Ez zen proiektu ideologiko edo politikoa, baina...».

«Aldi berean, erantzun bat eman behar zela sentitzen zenuen. Gertatzen ari zena jakin ondoren, nire lehen hitzak hauek izan ziren: Orain beste bat egin beharko dugu. Ez nuen inorekin hitz egin, baina uste dut guztiok gauza bera sentitzen genuela».

 

Begoña Zubelzu, ‘Egunkaria’-ko langile ohia

«Langile guztiok Andoainen elkartu eta antolatzen hasi ginen, egunean bertan»

«Ez genekien ziur zeintzuk atxilotu zituzten. Langile guztiok Andoainen elkartu eta antolatzen hasi ginen, informazioa biltzeko eta abar. Gogoan dut telefono mugikorrek huts egin zutela, eta beste konpainia batetako telefono bila ibili ginela; kaos pixka bat izan zen».

«Sarri bi sarekadak nahasten ditut. Lehenengoa gogorra izan zen, baina urrikoa oraindik eta gogorragoa, otsailean atxilotutakoek bai baikenekien zer pasatu zuten. Urte batzuetara inputatu ninduten ni, auzi ekonomikoaren barruan, sei urte izango dira laster. Gutxien gutxienez bost eguneko inkomunikaziorik ez nuen pasa, eta horrek asko egiten du. Espainiako Auzitegi Nazionaletik Donostiako epaitegira ekarri zuten Egunkaria-ren auzi ekonomikoa, eta oraindik ez da epaiketarik egin, ez dago datarik, eta zain gaude».

 

Eider Goenaga, ‘Egunkaria’-ko langile ohia

«Inoiz ahaztuko ez dudan gauza bat da, eta ez dut ahaztu nahi gainera»

«Data honek berriro barruak mugitzen dizkizu. Inoiz ahaztuko ez dudan gauza bat da, eta ez dut ahaztu nahi gainera. 06:15ean deitu zidaten; ordu horretan deitzen baldin badizute, badakizu zerbait txarra pasatu dela, baina ez nuen inoiz imajinatuko horrelakorik. Hasieran ez nuen uste Egunkaria itxiko zutenik. Zer egin ez nekiela gelditu nintzen. Andoainera iritsi eta Egunkaria itxiko zutela jakin genuen. Atxilotuak zeintzuk ziren jakitean, izugarrizko kolpea izan zen: amorrua, negarra,... Gehienbat amorrua zela uste dut; hortik sortu zen Itxia, baina ez isildua-ren ideia hori».

«Martin Ugalde kultur parkearen kanpoan eguerdira arte egon ginen. Egunkaria itxiko zutela jakitea gogorra izan zen, baina momentu latzenak atxilotuak furgonetetan eraman zituztenean bizitu genituen. Guardia Zibila harro-harro eginda, gu atxilotuei elkartasuna nola edo ahala azaldu nahian...».

2003ko otsailaren 21eko ‘Egunero’-ren azala

Joxemi Saizar, ‘Egunero’-ko zuzendari ohia

«Andoaingo erredakzioa egunean bertan hasi zen lanean Tolosan»

«Egunero-ko lankide batek deitu zidan goizean goiz. Zur eta lur gelditu nintzen, erabat harrituta. Egunean bertan, gogoratzen naiz Tolosako udaletxean batzar bat nola egin genuen, euskalgintzako hainbat eragilek. Zer egin hitz egiten aritu ginen».

«Hartu zen lehen erabakietako bat Andoaindik Tolosara etortzea izan zen, eta arratsalde horretan bertan, Egunero-ko bulegoan aritu ziren Egunkaria-ko kazetariak lanean. Gurea azkar bukatu genuen, eta eurek, gure mantxeta erabiliz, Euskal Herrian Egunero atera zuten. Arratsaldean abokatuak deitu eta lege kontuengatik, zuzendari bezala joan behar nuela esan zidan, eta horrela argitaratu zen».

«Egunero izena utzi eta Galtzaundi berezia ateratzen hasi ginen, eskualdeari begira. Egun batzutan, gainera, Galtzaundiko egoitzatik aritu ginen lanean. Ondoren, lehengo bulegora itzuli ginen, eta bi erredakzioak konpartitu genituen. Guk goizean lan egiten genuen eta Andoaindik etorritakoek arratsaldean. Gero, Hernanira joan ziren».

«2003ko otsailaren 20an gertatuak tentsio handia sortu zuen. Euskaldunon Egunkaria zabaldua, anitza, barneratua zegoan. Sinestea ere zaila egiten zen, eta hurrena zer izan zitekeen jakitea oraindik eta zailagoa».

 

Antton Izagirre, Tolosako alkatea, 1999-2003

«Haserrea, amorrua eta beldurra sortu zituen ‘Egunkaria’-ren itxierak»

«06:00ak inguruan, Tolosan atxiloketak egon zirela jakin nuen. Irratian entzun nuen Martxeloren izena, baina ez zuten esan zerekin lotzen zuten. Udaletxean ginela jakin genuen Egunkaria-rekin lotuta zegoela dena. Egun horiek oso luzeak izan ziren. Udaletxean, Andoainera joan-etorrian, manifestazioak, bilerak... Ez zen egunkari baten itxiera bakarrik, hurrengo egunerako egunkari berri bat jarri behar zen martxan. Horrela joan ziren lehenengo bi egunak».

«Sentsazio ezberdinak pilatu zitzaizkidan otsailaren 20 hartan.  Haserrea eta amorrua, euskaraz genuen egunkari bakarra ixten ausartu zirelako eta eraso zuzena zelako euskarari eta euskal egunkariari. Bestalde, beldurra: Estatua Egunkaria ixtera ausartu zen, administrazio kontseiluko kide gehienak, eta izen handikoak atxilotuz, tartean zuzendaria bera. Horrek erakusten zigun zertaraino ziren gai, eta soka horretatik eta inguruko soka guztietatik tiraka, errepresioa areagotuz, euskara, euskal kultura eta Euskal Herriarekin lotura zuen guztiaren kontra joateko gai zirela erakutsi zuten. Horrek izugarrizko zalantzak zabaltzen zituen denongan».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!