Herri baratzeak martxan jarriko ditu udalak, Iurreamendiko lursailetan

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko otsailaren 20a

Lursailen jabetza duen Muñoa fundazioarekin hitzarmena sinatu du, horretarako, Tolosako Udalak

Ibai Iriarte alkatea eta Muñoa Fundazioko Jesus Mari Arrieta.

Erabilera publikorako herri baratzeez gozatu ahal izango dute laster tolosarrek, Baratze Parkea egitasmoari esker. Proiektua aurrera eraman ahal izateko, udalak hitzarmena sinatu du Muñoa fundazioarekin; baratzeak jarriko dituzten lursailen jabea da fundazioa.

Tolosako Udalak eta Kutxako Ekogune fundazioak 2012ko uztailaren 12an abiarazi zuten egitasmo hau. Aurre-hitzarmen bat sinatu zuten bi eragileek, eta herri baratzeen egitasmoa zehazteko ardura hartu zuen udalak. Ekogunek, berriz, honako konpromisoa hartu zuen: proiekturako 80.000 euroko diru poltsa gordetzea.

Gipuzkoan baratze ekologikoen sarea sortzeko egitasmoa da, Kutxako Ekogune fundazioaren Baratze Parkea. Tolosako Udalak ere bat egin du helburu hauekin, eta hainbat aukera aztertu dituzte azken hilabeteotan, baratze parkea lekurik egokienean kokatzeko. Iurreamendiko lursailak aukeratu dituzte, azkenean.

Guztira, 7.000 metro karratuko lursail eremua bideratuko dute, herritarren erabilera publikoko baratzeentzako. Migel Muñoa Fundazioarena da lursaila, eta beraz, lankidetza hitzarmena sinatu du Tolosako Udalak, fundazioarekin.

Hitzarmenaren ondorioz, Muñoa Fundazioak, gutxienez, zortzi urterako utziko dio Iurreamendiko lursaila udalari.

Halaber, Kutxako Ekogune fundazioak 70.000 euroko diru laguntza emango dio Tolosako Udalari, Baratze Parkea egiteko. Bere aldetik, udalak 4.290 euroko urteko kuota ordainduko dio Ekogune fundazioari, datozen zortzi urteotan.

Proiektua abiarazteko prest

Tolosako Udalak jakinarazi duenez, udaleko azken Hirigintza Batzordean, herri baratzeak martxan jartzeko beharrezkoa izango den obra esleitzea onartu zuten.

Horrela, beraz, martxoko lehen astean gauzatuko dute esleitzea, eta herri baratzeen egitasmoa hastear izango da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!