Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde (TOPA) koordinakundeak deituta, Asuncion klinika publiko egiteko eta Tolosako espezialitateen anbulatorioa lehengo jarduerara itzultzeko aldarrikapena egin zuten herenegun eguerdian. Osasun publikoa ez da saltzen, defendatu egiten da edota Osasun publikoa hil zorian bezalako leloekin elkarretaratzea egin zuten Tolosako Trianguloa plazan, eta ondoren, osasun zentroraino martxa egin zuten, sinbolikoki eraikina okupatuz. Hamaika ekintza burutu ditu TOPAk osasun zerbitzuaren publikotasuna aldarrikatzeko, horien artean, sinadura bilketa. Hain zuzen ere, Tolosaldeko 18.917 herritarrek sinatu dute plataformaren eskariekin bat eginez.
Herenegun buruturiko protesta ekitaldiarekin, Euskal Herriko beste hainbat herri eta hiritan, Espainiakoetan nahiz Herrialde Katalanetan osasun zerbitzuaren publikotasuna aldarrikatuz Marea Zuria izenpean egin ziren ekintzekin bat egin zuen Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde koordinakundeak.