Formatu akustikoan Gabriel Aresti gogora ekarriko du Oskorrik, Leidorren

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko ots. 15a, 11:03

Kilometroak 2013ko jardueretako bat izango da estreinaldia, eta sarrerak eskuragarri daude jada

Oskorriko kideez gain, Unai Igartua eta Jokin Ansorena ere agerraldian izan ziren, antolatzaile gisa.

Gabriel Aresti poetaren garaira itzuli nahi izan du Oskorri musika taldeak, eta Gabriel Aresti bizsitan emanaldi berriaren estreinaldia Tolosan izango da, datorren otsailaren 22an. Natxo De Felipe musikariak azaldu duenez, Arestirekin elkarlanean osatu zuten errpertorioaz gain, poetaren eraginpean sortutako kantuak ere taularatuko dituzte, beren hastapenetako formatu akustikora itzuliz.

Oskorriko kideez gain, Tolosako Udaleko kultur teknikari Jokin Ansoena, eta Kilometroak 2013ko koordinatzaile Unai Igartua ere izan dira, Donostiako Victoria Eugeniako agerraldian. Izan ere, Laskorain ikastola antolatzen ari den Kilometroak jaiaren inguruko egitasmoetako bat izango da, Oskorriren kontzertua.

«Proiektua oso-oso interesgarria iruditu zitzaigun hasieratik, eta gainera, gure helburuekin bat egiten du», azaldu du Igartuak. Horrela, emanaldiaren harira, Laskorain ikastolako ikasleekin lanean ari dira, Gabriel Arestiren bizitzaz, haren lanaz zein eraginak. Gabriel Aresti bizsitan ikuskizuna, berriz, Tolosako Udalaren laguntzaz, eta elkarlanean txertatu dute, Kilometroak 2013ren barruan.

Entzuleengandik gertuago

«Aspaldidanik buruan» zuten, Oskorriko kideek, egitasmo hau abian jartzea: «Iazko urriaz geroztik ari gara, buru-belarri lanean, Jokin Ansorenak deitu baitzigun estreinaldia Tolosan egiteko, eta otsailaren 22a segituan iritsiko zela ikusi genuen».

Horrela, beraz, «Oskorri formatu honetara birmoldatzen» aritu dira hilabeteotan, Natxo de Felipek nabarmendu duenez: «Proiektu honetan, azken urteotan Oskorrik izan duen taularetzeko era aldatu nahi izan dugu; edozein aretotan jotzeko balioko digu, batetik, eta publikoaren gertutasuna sentitzeko». Modu honetara, taldea birsortu dutela azpimarratu dute, eta ikuskizun akustikoaz gozatu ahal izango dute Leidorrera bertaratuek. Xabier Zeberio tolosarrak, berriz, «oso emanaldi intimista» izango dela nabarmendu du bide beretik.

Ikuskizuna prestatzeko lanetan, maketa bat ere grabatu dute Oskorriko kideek: «Abestietan egindako konponketa berriek nola funtzionatzen duten ikusteko balio izan digu, eta baita sortu nahi izan dugun atmosfera hau era batean edo bestean lantzeak merezi duen ikusteko. Oso garrantzitsua da baldintza onetan grabatzea, eta maketari esker aldakeeta nabarmenak egin ditugu zenbait abestitan».

Behin estudioan sartzen hasita, disko bat grabatzea izaten da maketa egin ondorengo hurrengo pausoa; Oskorriko kideek, ordea, ez dute, oraindik, ezer erabaki: «Musikariok kontzertuetako gertutasuna nahi izaten dugu, eta guretzat garrantzitsuagoa da oinarrietatik hastea, zimenduetatik. Gaur egun, gainera, oso zaila da disko bat egitea», azaldu du Natxo de Felipek.

Arestiren mundura gerturatuz

Gabriel Aresti bizsitan ikuskizunerako aukeratu dituzten abestiei dagokienez, «oso errepertorio samurra» osatzen dutela azaldu du Natxo de Felipek: «Errepertorio oso orekatua da, eta oso polita. Zenbait abesti oso ezagunak egin ziren sortu genituen garaian, eta beste batzuek, berriz, ez zuten halako oihartzunik izan. Horregatik, gazteentzat ez ezik, helduentzat ere berrikuntzez beteriko emanaldia izango da».

Berrikuntzak, gainera, ez dira musikaren bitartez soilik etorriko, Gabriel Arestiren mundura bertaratu nahiko baitute publikoa. Horrela, bada, Oskorriko kideek Arestirekin izandako harremana nolakoa zen kontatuko dute, eta baita buruz buru eta elkarlanean abestiak nola sortu izan zituzten ere: «Bere probokatzaile kutsu hori nolakoa zen ezagutuko dute ikusleek, adibidez». Honi guztiari, Arestiren hitzekgaur egungo egoeran gaurkotasunik ez dutela galdu azaldu du Oskorrik, eta haur ere, idazlea ezagutzeko bidea izango da.

«Gazteenek, ikastetxeetan bakarrik izan dute Arestiren berri, eta bere irudi literario hori soilik ezagutzen dute. Gabriel Aresti, ordea, askoz ere gehiago izan zen hori guztia baino; guk berari esker musikatu genituen Bernart Etxepareren poemak, eta berari esker ezagutu genituen, Txirrita edo Pello Errota bezalako bertsolariak; alfabetatu gabeak, baina gaitasun handikoak», azpimarratu du De Felipek. Idazle bilbotarraren irudia aldatuko zaio publikoari, beraz, taldekideen arabera.

Tolosako estreinaldiaren ondoren, Barakaldon, Getxon nahiz Hazparnen ere izango da Gabriel Aresti bizsitan, eta abenduan izango dira euskal hiriburuetan. Datorren otsailaren 22an Leidorren emanaldiaz gozatu nahi duenak, ordea, badu jada, sarrerak erosteko aukera, www.kutxasarrerak.net helbide elektronikoan, 12 euroren truke.

http://www.youtube.com/watch?v=2wq56om4a4A

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!