Joakin San Sebastianek (Tolosa, 1964) musikari lotuta bizi ditu inauteriak. Hainbat urtetan musika bandan aritutakoa, egun ere ez du huts egiten Dianan. Txarangetan ere parte hartzen du, eta konpartsaren bat atera izan dutenean, zuzeneko musikarekin izan ohi da.
San Sebastiank, erdian, tronpeta jotzen[/caption]
Asko aldatu zaizu inauteriak bizitzeko modua azken urteotan? Lana eta familia dela, asko aldatu da, bai. Batez ere, gauekoa. Lehen, gazteagoak ginela, 24 orduko inauteriak izaten ziren.
Taldean atera izan zarete, gainera musika zuzenean eginez. Lagun gehienak musikan aritutakoak gara, eta ez zirenentzat zerbait moldatzen genuen parte hartzeko, edo abesten lagundu, edo perkusioren bat jo... Bi edo hiru hilabete lehenago hasten ginen martxan.
Zein instrumentu jotzen duzu zuk? Musika bandan tronpetarekin eta batez ere fliskornoarekin aritu izan naiz. Baina azken hau ez da hainbeste entzuten, eta inauterietan kalean jotzeko ez da hain egokia. Horregatik tronpetarekin aritzen naiz.
Zuretzat eskutik doaz inauteriak eta musika. Bai, betidanik. Musikan hasi nintzen zortzi urterekin, eta 12 edo 13 urterekin Pintxana txarangarekin hasi nintzen. Nire osaba zena, Antton De Pedro, zuzendaria zen. Nire aurretik anaia zaharragoak ere aritu ziren. Bandan 13 urterekin sartu nintzen. Gero Oria txaranga sortu genuen eta ostegunetik hasi eta asteartera arte egunero musika jotzen aritzen ginen.
Orain zenbateraino jarraitzen duzu? Lanarengatik utzita daukat. Nire kabuz egiten dut lana eta nahiko lotua da, eta gauzak pixkana uzten hasi nintzen. Gustatzen zait tarteka gauzak egitea. Banda utzi nuen, baina gustatzen zait Diana jotzera joatea, eta Inauterietako kontzertuan ere parte hartzen dut. Dianan ez dut sekula huts egin. Arraro sentituko nintzateke Dianan parte hartzea bandan jotzen ariko ez banintz.
Eta gutxiago aritzeak pena ematen dizu? Alde batetik, tristura pixka bat bai, baina uste dut gazteei ere lekua utzi behar zaiela. Dirua ez dago musika munduan, beraz, musika eskolatik ateratzen diren gazteek leku bat izan behar dute aurrera jarraitzeko.
Diana zerbaitetan aldatu da? Bandan sartu nintzenean hiru ordu laurdenetan egiten genuen ibilbidea, eta nahiko lasai joanda. Orain boladan dago, eta batez ere atzeraka salto egitearena. Aurreraka egin behar da salto. Gero eta jende gehiago joaten da eta gainera atzeraka salto egiten dute, eta bukatu ezinik aritzen gara.
Zer nabarmenduko zenuke festa hauen inguruan? Asko ibili naiz hainbat festetan, baina Tolosak eguneko giroa du berezia. Bestalde, Alde Zaharrean aritzen ziren konpartsa txikien giroa galdu egin da.
Tragoxka batean
Egunik onena. Gaur egun, Ostegun Gizena.
Inauterietako une bat. Dianaren hasiera.
Txaranga doinu bat. Edozein habanera. Bitxia da hainbeste habanera izatea Tolosan, bertako berezko doinua ez izanik.
Eguna ala gaua. Eguna.
Bereziki gogoan duzun mozorroa. Juan Luis Guerra-taz mozorrotu ginenean. Asko disfrutatu genuen jotzen eta jende asko ibili zen atzetik segika.