Bioaniztasunetik Jon Ander Galarraga Biologoa
Iritsi dira bai, Tolosar ororentzat urteko egunik garrantzitsuenak. Nahiz eta euriak, zeruak gris utzi, Tolosako kaleak astebetez kolore biziz jantziko dira. Baina, ez pentsa tolosarrak direnik munduan mozorrotzen diren bizidun bakarrak, badira gugandik oso gertu, mozorrotzea atsegin duten hahinbat bizidun, eta ekokulturaren txoko xume honetako gaurko zutabetxoa, mozorrotzen dira bizidun haiei buruz izango da.
Mozorrotzeak, beste itxura bat hartzea esan nahi du, hau da, zarena ezkutatu eta beste bat zarela sisnistu araztea. Adibidez, mendian zoaztela ez al zarete inoiz topatu zuen sudur parean, liztor antzeko euli batekin? Zuetako zenbat joan da izututa liztor bat zuelakoan parean pentsatuta? Liztor beldurgarri hori, marra hori eta beltzeko eulitxo bat da. Erraz bereizten da bere begi handiekin begiratzean eta hegan egiteko duen moduaz. Baina euli alu hau liztor bat bezala mozorrotzen da, haren kolorazio berdina dauka eta zein eulijale joango da liztor bati mokoa sartzera?
Liztorrak izango dira, intsektuen munduan mozorroa gehien kopiatu dutenak. Badugu sits edo polilla bat (Sesia apiformis), altzaren erletxoa izenarekin ezaguna, non, oso oso gertutik begiratu behar zaion, sits bat dela ikusteko, izan ere, liztor potolo baten antz handia baitu, bere hego garden eta guzti. Ikusteko oso polita den arren, bere beldarra altza eta sahatsen azalpean bizi da eta nahiko arazo sortzen dizkio zuhaitz hauen egurrari.
Intsektuak alde batera utziz, goazen gure narrasti preziatuen mozorroak ikustera eta hemen hoberena dudarik gabe, Suge viperakara (Natrix maura) dugu. Suge viperakarak ez du pozoinik, baina mehatxaturik sentitzen bada, bere gorputza puztu egiten du, buruari triangelu forma ematen dio eta muturrean sudur moduko egitura bat ateratzen du, suge viperakara, sugegorri kantauriarrez (Vipera seoanei) mozorrotzen da eta oso ongi egiten du. Gainera, sugegorriaren soinua imitatzen du eta bera ehizatzera doazen hegazti, igaraba eta lertxunek, bi aldiz pentsatzen dute identifikatu ezin duten suge arraro horri mokoa edo atzaparra sartu aurretik.
Bukatzeko, hona hemen, esperientzia pertsonal bat. 2002ko udan Aranzadi Zientzia Elkartearekin, Aralarko Parke Naturalean, baso mugarratuko koleopteroei buruzko praktika batzuk egiten ari nintzen (oso praktika gomendagarriak). Bertan, animalia haragijalez mozorrotzen zen intsektu polit batekin egin nuen topo, intsektu honi, Rosalia alpina deritzo eta labezomorro luzanga bat da, oso polita, urdina eta beltza. Hauetako ale batzuk harrapatzen ari ginen batean, enbor batean hauetako eme bat ikusi nuen. Nere ezjakintasun eta gaztetasunak ematen zuen zoriontasunarekin, berau harrapatzera joan nintzen lasai asko. Intsektua, Jon Ander gazte hura baino jakintsuagoa bera, segituan ohartu zen bere bila nindoala eta hegan alde egin ordez, bere haragijale mozorroa jantzi zuen.
Neure eskua bere gainera jartzera nindoala, zakur, otso edo azeri baten moduko zarata oso arraro bat atera zuen hegalekin. Zarata hura, nere aintzineko geneen barrenera sartu zen nonbait, nire ahaide urrunak sabana arriskutsuan ibiltzen ziren garaietara eraman ninduen, non honelako zarata bat entzuten genuenean haragijale bat gertu zegoela esan nahi zuen eta iheska hasten ginen.
Noski ni ez nintzen Aralarren barrena primate baten moduan iheska hasi, baina segundo pare batez, zarata hark zeharo jota utzi ninduen eta intsektu ahul, txiki eta alu hark hegan hasteko segundo preziatu pare bat lortu zituen eta enborretik airoso alde egin zuen, Jon Ander gaztea zuhaitzaren alboan bere harrapakina gabe utziz. Gogorra da, nola intsektu bat zu baino trebeagoa den ikustea, humiltasun lezio handia benetan!
Egun hauetan zehar, euriak hala uzten badu behintzat, Tolosara gerturatzen zareten orok pentsa ezazue minutuz batez, iñauteriak ez direla gizakion asmakizuna, iñauteriak betidanik izan direla bizidunen artean. Beraz, egin ohore mozorrotzeari, izan zaitezte originalak eta ez zaitezte Eguberrietako arroparekin mozorrotu, ezta zuen osaba mekanikoaren buzoarekin, mozorrotzea milioika urtetan praktikatu den arte bat da, eta merezi du originaltasun eta errespetu bat.
Oso originala ez dena, azken parrafotxo hau da. Badakizue, egin Facebook-eko eta Twitter-eko jarraitzaile eta bisitatu bioaniztasunetik.com, baina batez ere, idatzi ezazue beldur gabe bioaniztasunetik@hotmail.com-era, zuen argazki, iritzi, duda eta eskaerak oso gustura irakurtzen dira eta!