Pelotadenda txapelketa igandean hasi zen Tolosako Beotibar pilotalekuan. Hasiera batean, eskualdeko bi pilotarik parte hartu behar zuten, baina lehen jardunaldira, Ainhoa Garmendia alegiarra gehitu zitzaien, Etxelekuren baja betez. Garmendiak maila polita erakutsiz, oso ondo bete zuen bere papera. Emaitzei begiratuta, txanponaren bi aldeak ikusten dira: garaipena eta porrota.
Pelotadenda txapelketa gomazko paletan jokatzen da. Zortzi bikotek hartzen dute parte, multzo bakarrean, eta ligaxka bat jokatuz. Maider Mendizabal anoetarrak Anduezarekin osatzen du bikotea, eta lehen jardunaldian,
30-8 irabazi zuten. Muneta-Serrek ez zuten euren maila eman, eta Andueza-Mendizabalek uste baino errazago irabazi zuten.
Garmendiak Nagore Arozena lizartzarrarekin jokatu zuen, eta eskualdeko bikoteak 23-30 galdu zuen, Irazustabarrena-ruiz de Larramendiren aurka. Partida luzea eta gogorra izan zen, ikusteko polita.
Pelotadenda txapelketaren bigarren jardunaldia otsailaren 24an, igandean, jokatuko da Hendaian, Beltzenia pilotalekuan. Hirugarrena, aldiz, martxoaren 3an izango da Iruñeko Labrit pilotalekuan.
Multzoko lehen bi sailkatuek finala jokatuko dute, eta besteek hirugarren eta laugarren posturako lehia. Azken partida hauek martxoaren 10ean jokatuko dira, Hernanin.