Droga kontsumoaren inguruko informazio puntua jarriko dute Astelenitan

Ataria 2013ko otsailaren 9a

Ai Laket! droga erabiltzaile eta erabiltzaile ohien elkartea da. Azken zortzi urteetan, droga kontsumoaren inguruko informazioa zabaldu dute Tolosako inauterietan, eta aurten, Astelenitan jarriko dute gunea Euskal Herria plazan, 00:00etatik 03:00etara. Furgoneta eta karpa batean, drogen inguruko informazioa banatuko dute, eta analisiak egiteko aukera egongo da, nolako droga kontsumitzen den aztertzeko. Ai Laket!-etik diotenez, euren helburua arriskua murriztea da: «Droga lehen ere hor egon dela jakin behar dugu, orain hemen dagoela eta etorkizunean ere hor egongo dela. Berarekin bizi behar baldin badugu, gero eta gehiago informatuago, orduan eta hobeto».  

Alkohola, tabakoa, kanabisa, speed-a..., drogak gizartearen parte dira, eta zer kontsumitzen den jakiteko asmoz, analisiak bi multzotan banatuko dituzte Ai Laket!-eko kideek. Alde batetik, kanabisa eta marihuana aztertzeko tresnak izango dituzte, eta bestetik, speed-a, ketamina... Alkoholimetroak ere banatuko dituzte, autoa gidatzeko asmotan dabilenak jakin dezan horretarako gaitasunik baduen edo ez.

Droga aztertzeko kontsumitzaileak eraman behar du informazio gunera. Bertan, eskatuko dien bakarra adina izango da. Analisien ondoren, aztertutako drogak zein ondorio sortzen dituen esplikatzen zaizkio kontsumitzaileari, benetan zer hartzera doan argitzearekin batera.

2013ko denboraldia Tolosako inauterietan hasiko dute Ai Laket! elkartekoek. Ondoren, herriz herri ibiliko dira informazioa banatzen. Gehien kontsumitzen den drogaz galdetuta, ez daukate zalantzarik: alkohola. Ondoren, tabakoa aipatzen dute, eta baita legez kanpoko drogak ere: kanabisa, anfetaminak, kokaina... «Euskal Herrian, beste lekuetan ez bezala kokaina baino anfetamina gehiago kontsumitzen zen. Eusko Jaurlaritzaren azken ikerketen arabera, ordea, egun parean aurkitzen direla esan daiteke», azaldu dute.

Testing furgoneta ibiltaria gehienbat jaietan egoten denez, kontsumitzaile gazteak gerturatzen dira bertara, baina Gasteizen duten puntu iraunkorrera, adin guztietako kontsumitzaileak gerturatzen direla diote Ai Laket!-etik. Ondorioz, perfil zehatz batez hitz egitea zaila dela onartzen dute.

Speed faltsutua

2012ko emaitzek datu kezkagarriak utzi dituzte agerian speed-ari dagokionez Ai Laket!-etik azaldu dutenez: «Hartu genituen lau laginetatik batean, beste molekula anfetaminikoak aurkitu genituen, erabiltzaileak hartu nahi ez dituenak. Askoz toxikoagoak dira molekula horiek, eta kantitate handietan, arriskutsuak». Elkartearen esanetan, horren arrazoia sintesian kokatu behar da, hau da, laborategietan gaizki egiten dutelako: «Laborategi klandestinoak dira, eta hor ez dago kontrolik». Gauzak horrela, gero eta informazio gehiago izatea garrantzitsua dela diote Ai Laket!-eko kideek. Horregatik, erabiltzaileak gonbidatu dituzte Astelenitan Euskal Herria plazara, kontsumitzera doazenaren inguruko informazioa jasotzera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!