Tolosako EAJk, Herrira-ren ekimenak iragartzeko Eguberrietako eta inauterietako egitarauak ez direla baliabide egokiak esan dio udalari, «egitarau-propaganda binomioari» ezezkoa emanaz.
Herrira-ren jarduera baloratzeko eta epaitzeko asmorik ez dutela ere azaldu dute EAJren ordezkariek: «Zilegi zaio preso dauden pertsonen giza eskubideak betetzeko eskatzea, eta legea horren araberakoa izan dadila aldarrikatzea. Elkarte horrek bideak eta baliabideak izan behar ditu bere mezuen berri emateko, era bateko eta besteko gizarte-plataformek bezalaxe. Baldintza berak denentzat».
Aipatu egitarauak, ordea, ez dira egoki horretarako EAJrentzat, eta hausnarketa bat plazaratu nahi izan dute horren inguruan: «Bide batez, gurekiko galdetzen dugu manera horiek zenbateraino diren inteligenteak, izan ere nahi denaren aurkakoa eragin baitezake, alegia, presoen giza eskubideekiko jende asko eta askoren gogo eza».
Gauzak horrela, Herrira-k antolatutako elkarretaratzeak festa ekitaldien artean ipini izana salatu du Tolosako EAJk: «Bilduren udal gobernuak, ezker abertzalea buru duela, erraldoi eta buruhandi eta Tolosako dultzaineroen irteerarekin batera, eta bateko eta besteko txaranga, herriko danborrada eta abarren artean kokatu ditu Herrira-ren elkarretaratzeak». EAJren iritziz ez da lehen aldia, izan ere, Eguberrietan, gabon kanten tartean, «hara non zabaltzen zen bozgorailuetatik lau haizetara Herrira-k urtarrilerako deitu zuen manifestazioa; iragarki hura Tolosako Udalak txertatua».
Bilduri udal baliabideak «helburu alderdikoietarako» erabiltzea leporatu dio EAJk, eta jarrera eta jokaera honekin kezkaturik daudela esan dute: «Ezker abertzalearen gobernu estiloak erregimen ez demokratikoen antza du». Erregimen horien ezaugarrietako bat boterea «neurri gabe erabiltzea» dela esan dute EAJtik, eta «berandu baino lehen, totalitario bihurtzen dira eta zapaltzaile; gertaera larria eta beldurgarria elkarbizitza zuzena eta bakea nahi bada. Ondo asko dakigu Euskadin».
Itsura demokratikoa izateaz gain, edukizkoa ere izatea eskatu dute EAJtik: «Ezezko borobila ematen diegu bozgorailu-propaganda edota egitarau-propaganda binomioei. Ez Tolosan ez inon, ez atzo ez gaur».
Tolosako Udalaren erantzuna
Mikel Arreseigor Jaietako zinegotziak erantzun die EAJren salaketei, inauteriak nola antolatu diren azalduaz: «Aurten, nabarmendu nahi izan dugun berrikuntzetako bat inauterien parte eta antolatzaile diren eragileen inplikazioa izan da. Tolosar guztiok dakigun moduan, inauteriak herritarren eta herri eragileen jaiak dira, udalak soilik bideratzaile lanak egiten dituelarik». Arreseigorren esanetan, nahi izan duten herri eragile guztiekin osatu dute aurtengo egitaraua: «Modu honetan, 2013. urteko inauterietako egitarau osatuagoa eskainiz herritarrei».
Tolosako Udaleko Jaien zinegotziak harrigarritzat jo du EAJ alderdiko ordezkariek argitara eraman duten idatzia: «Azken batean, Tolosako inauterien parte diren eragile guztiek izan baitute aukera egitaraua osatzen laguntzeko».