Azken urteetan inauteriak herri askotan ospatzen hasi dira, eta beraz, Tolosan ez da horrenbeste jende izaten; Astelenitetan, ordea, jende andana izaten da.
Modak ziklikoak izaten direla esaten da, eta inauterietan ere nabaritu da hori. Urte batzuetan asteburuak izan ziren jaun eta jabe, garai bateko Astelenitei tokia kenduz, baina orain badirudi, berriz ere indartu direla. Euskal Herriko gazte asko etortzen dira goizetik, eta gaupasa eguna izatera pasa dela diote hitzak kontsultatu dituen «adituak». «Aditu» hauek inauteri guztietan egiten dute lan, eguneroko termometroa kontrolatzen dute. Inauterietan ezinbestekoak dira lanean izaten dira besteei, jaia nahi dutenei, eguna eta gaua errazteko, eta Astelenitetan egunean zehar, kalean edatera etortzen diren gazte asko daudela diote, eta gauean, «gaupasa eguna» denez, arazoak ugaritu egiten direla. Udaltzainen lana
Tolosako Udaltzaingoak langile gehiago izaten ditu jai egun hauetan; bai egunez, bai arratsaldez eta baita gauez ere. Batez ere, Zaldunitak, Astelenitak eta Asteartitak dira, beraien ustez, egunik «potenteenak». Lana antolatzeko garaian, bi gauza izaten dituzte kontutan: trafikoa eta segurtasuna. Trafikoari dagokionez, 12 udaltzain laguntzaile hartzen dituzte eta trafikoa desbideratzen ibiltzen dira: «Seinaleak zaintzen, eta konpartsa, danborrada, kalejirak… kontrolatzen. Autoak ezin dira herrigunean utzi eta hori dela eta, kotxea utzi nahi dutenak Esteban eta Usabalera bideratzen dituzte». Inauterietan jaiko kale nagusi izaten dena, Rondilla kalea, Ostegun Gizenean ixten dute, eta ondoren berriz ere ireki, nahi zeta larunbateko azoka eta gero, berriz ere ixten duten asteazken goiza arte.
Segurtasunari dagokionez, zezen plazarekin izaten dute kezka, batez ere. «Sarrera kontrolatzen ibiltzen gara, eta baita kalejira bideratzen ere». Arazo gune izaten den beste puntu bat, baina batez ere, Astelenita ospatzez bukatzerakoan, tabernak ixtearen momentua da. Garbitzaileak sartzen dira lanera orduan, eta askotan mozkorrak dauden pertsona batzuekin arazoak izaten direla esan dute. Gauean izaten diren arazo gehienak, hala ere, borrokak, tabernetako liskarrak eta diru zorro lapurretak izaten dira. «Konpartsen bolumenarekin ere arazoak izaten ditugu; konpartsa nonbaiten uzten dute, gau guztian, eta jendea kexatu egiten da zaratarengatik».
Garbiketa
Garbitzaileen papera aipatuta, aurten, udalak, herrigunean gaikako bilketa ontziak mantentzea erabaki du, baina lekuz aldatu dituzte, sortu ahal diren arazoak ekidin aldera: musika eskolaren aurrean dagoen gunea, Belateko pasealekuan jarri dute; Agintari kaleko gunea, Andra Mariren plazan jarri dute; eta Trianguloako gunea Soldadu kalean jarri dute. Garbiketarekin zerikusia duten arazo gehienak, hala ere, Astelenitan, Asteartitan, eta Hausterre Eguna izaten dituzte; «karrozekin eta mozorroekin sortzen diren tamaina handiko hondakinekin», eta horiek biltzeko kamioi bat jarriko dute. Era berean, Astelenitan kalean edaten dutenek hondakin asko sortzen dituzte, eta egun horretan lan gehiago izaten dutela diote, eta arduraz jokatzeko eskatu.
Osasuna
Jende asko pilatzeak, eta alkoholak sortzen dituen arazoetako asko artatzea Gurutze Gorriari egokitzen zaio. Iñigo Zabaleta da koordinatzailea, 25 urtetako esperientzia du larrialdietan, eta asteburua lasaiagoa izaten dela dio. «Astelehenean etortzen da kanpoko jende gehien. Egunez ikasle asko etortzen da kalean edatera, eta egun horretan irteera asko izaten ditugu, batez ere, arazo etilikoengatik». Azken urteetan batez ere, Astelenitak indartzen dituzte: «Anbulantzietan gutxienez, bi pertsona egoten gara, eta gauez hiru. Urtean zehar 112ko larrialdiak artatzen egoten direnei, beste bi anbulantzia gehiago jartzen dizkiegu: 9 pertsona eta 3 anbulantzia egoten gara guztira». Astelenitan egunez arazo etilikoak artatzen dituzte gehien, «eta gauez etilikoez gain, barbiturikoak hartzen dituztenak, ebakiak egiten dituztenak, eta traumatismoekin daudenak». «Ez pentsatu hala ere, orain lehen baino etilismo gehiago daudenik. Lehen ere mozkortzen zen jendea, behar bada, Ostegun Gizenean gehiago, baina jende askok hartu du bere lehen mozkorra inauterietan, ezin esan orain gehiago mozkortzen direnik», nabarmendu du. Hori bai, kontsumoan aldaketak egon direla dio Zabaletak: «Lehen %100a alkohola zen, eta orain beste droga batzuk ere sartu dira».
Garraio publikorako deia
Tolosako Udaltzaingoak eta udalak garraio publikoa erabiltzeko deia egin dute azken egunetan, eta horri begira, inguruko autobus eta tren zerbitzuak indartu egiten dituzte. Hiribusari dagokionez, Zaldunita bezperan ohiko zerbitzua izaten du, baina Zaldunitan eta Astelenita zein Asteartitan ibilbide aldaketak izaten dira.
Tolosaldea Bus-ek gaueko zerbitzu bereziak jartzen ditu Zaldunita bezperan, Zaldunitan eta Astelenitan.
Eta TSST ere indartu egiten du zerbitzua, Astelenitan zuzeneko autobus gehiago jarriz, eta baita gaueko zerbitzua ere.
Renfek ere gauza bera egiten du, hau da, tren gehiago jarri eta baita gaueko zerbitzua ere. Orotara 112.500 eserleku gehiago jartzen ditu. Zaldunitan eta Asteartitan 52 aldiriko tren berezi izango dira joan-etorrian. Zaldunitan 40.000 eserleku gehiago izango dira, Astelenitan 50.500 eta Asteartita goizean ere 22.000 eserleku gehiago jarriko dituzte. Hori bai gaueko tren berezi guztiak Tolosako geltokitik aterako dira eta ez herriguneko gunetik. Ordutegi eta zerbitzu guztiak, dena den, tolosaldea.hitza.info webgunean daude ikusgai, egunez egun.
Tabernariak, ezinbestekoak
Inauteri guztietan lanean dauden langile horien errepasoarekin bukatzeko hitza bi tabernako arduradunekin bildu da; batetik, Euskal Herria plazan dagoen 19 90ko Ibon Leundarekin eta bestetik, Barrena kalean dagoen Kikara tabernako, Iñaki Martinezekin.
Errealitate desberdineko tabernak dira: 19 90n parranda egoten bada ere, egun guztian dago irekita eta bertan, pintxoak ematen dituzte ere, beraz, egun eta gau guztian dago mugimendua; Kikaran berriz, gaueko giroa da nagusi.
Ibon Leundaren ustez, larunbataren inguruan «kondaira» asko dago: «Beti esaten da kanpoko jende asko etortzen dela, baina normalean asteburuak nahiko lasaiak izaten dira. Ostegunen eta igandean egun eta gau guztian izaten da mugimendua, lan asko egiten dugu, eta astelehenetan gauean, batez ere. Gaupasa eguna da». Urte guztian ez dute ixten eta beraz, langile nahikoak daude inauterietan ere, inor kontratatu gabe. Baina lana erruz egiten dute: «Lanean sartzerakoan ez zara konturatzen; 12:00etan irekitzen dugu eta 05:30k arte egoten gara zabalik, baina gero dena jaso behar da, garbitu… ia egun guztian dago norbait tabernan». Hasierako prestaketa lanek gehiago nekatzen dutela dio, hala ere. «Eguberriak pasa eta segituan hasten gara guztia prestatzen».
Kikaran berriz, pixka bat lehenago hasten dira, Eguberriak hasi baino lehen. «Urteko mozorroa eta tabernako apaingarriak pentsatzen hasten gara, eta hauek prestatzen hasi. Baina benetako lana Eguberriak bukatu eta berehala hasten da. Taberna batean beti behar da antolakuntza handia eta inauteriak bezalako festa batzuetan gehiago. Urteekin asko ikasten da», dio Martinezek. Lan gehiago egiten dute inauterietan ohikoa baino, eta beraz, langile gehiago izaten dira lanean, batez ere, Zaldunitak eta Astelenitak izaten direlarik egunik jendetsuenak Kikaran. «Ostegun Gizenean ere geroz eta jende gehiago etortzen da kanpotik, eta nabaritzen da», gaineratu du.
Orokorrean giro polita izaten dutela dio, eta lana eta parranda ere uztartu daitezkeela: «Denetarako denbora egoten da. Azken finean, inauterietan lanaldi bereziak egiten ditugu eta beti geratzen da denbora librea inauteriak bizi eta disfrutatzeko. Antolakuntza on bat eginez gero dena da posible». Langile guztien arabera hortaz, astelehenak dira azken urteetan egunik jendetsuenak, ea aurten nolako asteburua eta Astelenita izaten diren.