Tolosako taldeko kirolariek sari ugari irabazi dituzte; Ainhoa Ruedak, proba berean, hirugarren egin du
Tolosa Pasa den asteburuan Tolosako atletismo taldeko absolutu eta beterano mailako kirolariak izan ziren lehian Euskadiko Txapelketan, eta hainbat domina lortu zituzten. Absolutu mailan Lander Gil Euskadiko txapeldun izan zen 60 metro hesietako proban, 8’39 segundoetako marka eginda. Neskek 4 brontzezko domina eskuratu zituzten. Ainhoa Rueda 3. sailkatu zen Gilen proba berean (9’49 segundo) eta Maddi Lillo ere 3. izan zen 60 metroetan (8 segundo).
Amaia Segurolak eta Oihane Vazquezek, aldiz, ez zuten oso egun ona izan, baina hala ere, podiumera igo ziren, izan ere, brontzezko domina eskuratu zuten, Seguroak 400 metroetan eta Vazquezek 800 metroetan.
Beteranoetan Armando Rocak txapela jantzi zuen 70 urtetik gorakoen mailan eta Juan Carlos Etxebestek 55 urtetik gorakoetan. Etxebestek marka pertsonala ere hobetu zuen (8’48 segundo) eta 200 metroetan ere lortu zuen garaipena.
Gaztetxoen markak
Aipatutakoez gain, gaztetxoek ere lan txukuna egin zuten. Aitor Gisasolak berriz ere marka hobetu zuen 800 metroetan eta proba berean, Nerea Murua bere mailako Espainiako Txapelketako gutxieneko markatik 12 ehunenetara geratu zen. Lara Torregaray ere bere mailako Espainiako Txapelketan izateko behar duen markatik ehuneneko batera besterik ez zen geratu.
Kros motza
Tolosako atletismo taldeak Kros Motzeko Euskadiko Txapelketa ere izan dela gogoratu du, eta Tolosako taldea lehen aldiz egon da bertan. Nahiz eta zirkuituak gogortasun handirik ez izan, lasterketa azkarra izan zen eta horrek zailtasuna erantsi zion probari. Taldea 7 korrikalarik osatu zuten, Unai Arroyo izan zen taldeko lehena eta sailkapenean 8. postuan geratu zen. Ondoren, Iker Manso (34.), Beñat Doyharzabal (40.) eta Enrique Piedra sailkatu ziren, hirurak heunen artean segundu gutxiren barruan sartuz. Josu Diez izan zen sailkapenean taldeko hurrengoa, 52. postuan, eta Josu Gomez eta Iker Epelde 77. eta 91. postuetan iritsi ziren, hurrenez hurren. Taldeka 7. sailkatu ziren.