Miren Arregi inauterizalea: «Urteko egunik hoberenak dira, onena ateratzen dugu»

Ataria 2013ko otsailaren 8a

Miren Arregiri (Tolosa, 1981) Asteartita da inauterietatik gehien gustatzen zaion eguna, baina batez ere, mozorrotzea maite du. Bere ustez, inauterietan urteko kontu txar guztiak atzean uzten dira, eta tolosarrak eraldatu egiten dira.

Nola bizitzen dituzu inauterien aurreko asteak?

Emozio askorekin. Txaranga bat entzun eta saltoka hasten naiz,  umeen moduan. Badakit datozen egunetan nire ardura bakarra mozorroa aukeratzea eta ondo pasatzea izango dela.

Zer dira zuretzat Tolosako inauteriak?  

Urteko egunik onenak dira. Lotsak, tristurak eta beldurrak alde batera utzi, eta guk, tolosarrok, dugun onena ateratzen dugu. Mundiala da urtean zehar, kalean, serio-serio ikusten duzun gizona, inauterietan gimnastika erritmikoko neskatxaz jantzita San Frantzizkon txiribueltak egiten ikustea. Inauterietan bakarrik gertatzen da hori.

Urtero mozorrotzen zara? Zein mozorro gogoratzen duzu?

Bai, noski. Mozorroa inauterietako parte garrantzitsuena da. Eraldaketarako ezinbestekoa da [kar, kar, kar]. Duela urte batzuk Aralez atera ginen eta oso polita geratu zitzaigun.

Txarangazalea al zara? Zein da txarangekin pasatzen duzun unerik kuttunena?

Bai oso. Kaleetan zehar noala, txaranga bat topatu eta atzetik denak dantzan topatzea, hori da niretzat momenturik onena.

Denbora asko ematen al dizu mozorroa prestatzea?

Ez. Igandeko mozorroa kuadrillakoen artean aukeratzen dugu, eta ez diogu buruari buelta gehiegirik ematen. Ideia bat aukeratu, eta etxeko trapuekin forma ematen saiatzen gara. Astelenitan eta Asteartitan, ordea, urteetan zehar bisitatu ditudan herrialdetako arropa bereziak jartzea gustatzen zait.

Bisitan etortzen direnak, berdin bizitzen al dituzte inauteriak?

Berdin ez, horretarako tolosarra izan behar zara, txarangaz gain herriaren eta herritarron eraldaketaz jabetzea kristorena da, eta horretarako bertakoa izatea ezinbesteko da. Hala ere, gozatzen dute, eta asko. Behin, Irlandako eta Frantziako lagunak gonbidatu nituen, eta dutxatzera bakarrik etortzen ziren etxera. Diana, txarangak, karrozak, tabernak, zezenak... gau eta egun pasa zuten jai giroan.

Inauteriren batzuk kanpoan harrapatu al zaituzte? Nola bizitu dituzu egun horiek?

Bai, nahi baino gehiago gainera. Sekulako pena sentitzen nuen eta azken momentuko hegazkin merke baten bila ere hasten nintzen. Gerora inauteriak gehiago gozatzeko balio izan dit.

Nolako gorputza duzu Hausterre egunean? Zer pentsatzen duzu esnatzerakoan?

Puf... gorputzak off egiten du. Ahotsik gabe geratzen naiz urtero, eta astebete inguru kostatzen zait gorputza berriro ere martxan jartzea. Hori bai, astebete pasa, eta pentsatzen hasten naiz udaran inauterien bigarren zatia antolatu beharko genukeela [kar, kar, kar].

Tragoxka batean

Egunik onena. Asteartita.

Inauterietako une bat. Goizean etxetik atera eta, bat batean, txarangarekin topo egiten dudanean. Bihotzaren taupadek bat egiten dute txarangaren erritmoarekin.

Mozorro gogoangarri bat. Lagun batzuk kotxe-gizonez jantzi ziren. Kaleko edozein tokitan makurtu, eta kotxe itxura hartzen zuten. Umeak gerturatzen zirenean, altxa egiten ziren eta ingurukoei sekulako sustoa eman. Oso barregarria izan zen.

Txaranga doinu bat. Diana, dudarik gabe.

Eguna ala gaua. Biak, ezin da aukeratu!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!