Tolosako Udaleko alderdi guztiek, Tolosa Zero Zaborrek eta Tolosa Txukunek bat egin dute, herritarrei inauterietan zabor gutxiago sortzeko deia eginez. Besteak beste, iragarki bat egin dute herriko hainbat inauterizalerekin, jaietan sortzen den zabor kopurua, nahiz kale garbitzaileek egiten duten lana islatuz. Hasier De los Rios zinegotziak, «irudiak gogorrak» direla nabarmendu du, eta iragarki honekin jendea zabor gutxiago sortzera bideratu nahi izan dutela azaldu du.Helburu horrekin, zenbait berrikuntza izango dira aurtengo inauterietan, hondakinak kudeatzeari dagokionez, iaz bildutako 67.000 kilo zabor murrizte aldera.
Batetik, aurreko urteetan Alde Zaharreko bizilagunentzat jartzen ziren kontenedore handiak ez dituzte erabiliko, inauterietako egunetan ezin izaten baitzen birziklatu: «Inauterietako astean kontenedore horietara bota behar izaten zen zabor guztia, eta ezin izaten zen ondo birziklatu. Aurten, ohiko edukiontzi kopurua bikoiztu edo hirukoiztu egingo dugu, eta lekuz aldatuko ditugu, bizilagunei kokagunea jakinaraziz. Modu honetara, inauterietan ere ondo birziklatzeko aukera izango da».
Era berean, Zerkausiko jangelan erabiliko dituzten ontziak konpostagarriak izango dira, eta txosnetako edalontziak berrerabiltzeko aukera izango da. Gauza bera gertatuko da Kilometroak 2013ko tabernako edalontziekin ere; hauek, gainera, beren hondakin organikoak bideratu eta konpostatu egingo dituzte. «Inauterietan ere, birziklatu, berrerabili eta hondakin gutxiago sortu behar dira», dio De los Riosek.
Mankomunitatetik herriguneko bilketa guneak lekuz aldatuko direla esan dute. Musika Eskolaren aurrean dagoen gunea, Belateko pasealekuan izango da, autobus geltokiaren alboan. Agintari kaleko gunea, aldiz, Andra Mariaren plazan jarriko da, udaletxearen alboan eta Trianguloko gunea, Soldadu kalean ezarriko da, San Frantzisko elizaren alboan.