Euria ere geratu du suziriak

Ataria 2013ko otsailaren 8a

Inauterien hiriburu eta erdigune da Tolosa. Baina, nagusitasun eta handitasun hori motz geratzen zaio, eta urteko gainerako egunetara zabaldu nahi du. Lehengora itzuli eta Gipuzkoako hiriburu izaera berreskuratzeko aukera aztertzen ari da, eta hori lortzeko lehen pausoa Donostia eta Tolosa lotuko dituen metroa litzateke.

Aldarrikapen hori lau haizeetara zabalduz eman dio inauteriei hasiera Kabi Alai elkarteko kideek osatzen duten korporazioak. Agian, Gipuzkoako hiri nagusi izateak arantzaren bat kentzeko, Tolosari merezi duen lekua emateko edo eskualdea astintzen duen krisia arintzeko balio dezakeela uste dute.

Helburua dena delakoa izanda ere, hitz hori behintzat debekatu egin dute inauterietako agintariek datozen zazpi egunetarako. Debekatzea debekaturik dagoen jai hauetan, «krisia» hitza aipatzea ez omen dago baimenduta. Nolabaiteko zentzua ere baduela debeku honek onartu beharra dago, inauterien oinarri oinarrizko legea baita eguneroko lanak, arazoak edota tristurak alde batera utzi eta jai giroaz gozatzea.

Bada, horretara gonbidatu dituzte, beste behin, Kabi Alai elkartekoek tolosar nahiz Tolosara egunotan gerturatzen direnak. Horrekin batera, zoriontzeko tartea ere izan dute pregoia botatzerako unean. Aurten Poca Tripa txaranga izendatu dute inauterizale kuttun, «50 urte daramatzatelako inauterietan kaleak alaituz». Txarangako kideek hunkiturik jaso dute izendapena eta oroigarria, eta suziria botatzearekin batera lehertu da asteartitara arte luzatuko den jaia.

Mehearen txanda

Tarteka tarteka, unerik beharrezkoenetan behintzat, atseden egin zuen euriak eta kazkabarrak atzokoan, eta Ostegun Gizen alaiaz gozatu ahal zian zen. Ostiral Mehek hartuko du gaur lekukoa. Estreinako jai egun ausart eta indartsuaren ostean, lotsati datorren eguna. Nahi duenarentzat, noski, izango da batean eta bestean festarako aukera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!