2013ko Kabi Alairen Inauterizale Kuttuna izango da Poca Tripa, gaur eguerditik aurrera. Duela 50 urte txaranga sortu zutenentzat ere, Ostegun Gizena da, inauterietako egunik bereziena; hala azaldu dute, behintzat, Tomas Arrizibita (1940), Jose Mari Mendibil (1949), Honorio Zubillaga (1939) eta Fernando Ropero (1943) tolosarrek, eta txarangako bigarren belaunaldiko Javier Arrizibitarekin (Tolosa, 1969) trukatu dituzte bizipenak.
Inauteriak «sakratuak» dira eurentzat, eta jai hauekiko grina, genetikoa. Horregatik, eurekin batera txaranga osatu zuten Josetxo Calahorra, Lucio Aranburu, Patxi Otaegi, Paulino Arruti eta Jose Luis Andueza bidean geratu ziren arren, oso gogoan izango dituzte, aurten hain bereziak izango diren inauterietan.
Nola jaso zenuten Inauterizale Kuttunaren berria?
Tomas Arrizibita: Ilusio eta poz handiz jaso dugu, urte asko baitira, eta inoiz ez duzu pentsatzen horraino iritsiko zarenik.
Aurten, beraz, Ostegun Gizen eguna desberdin biziko duzue.
T.A.: Adinean nabarituko dugu alderik handiena. Baina bai, desberdina izango da, batzuk Kabi Alaien egingo baitugu hamaiketakoa.
Inauteriak, txiki-txikitatik garrantzitsuak izan al dira zuentzat?
Honorio Zubillaga: Bai, bai, noski. Inauteriak sakratuak dira, eta festarako grinak genetikoa dirudi [Barreak].
T.A.: Egunik ederrena Ostegun Gizena izaten da, gogo eta ilusio handia izaten baita festarako. H.Z.: Diana eta Alborada ere oso-oso politak dira.
1962an hasi omen zen Poca Triparen historia. Zuek bertan izango zineten.
T.A.: Bai, baina han zeintzuk geunden gogoratzea ere zaila suertatzen da, urtez urte lagun asko ateratzen baikinen, txaranga ofizialetatik kanpo.
H. Z.: Bi kuadrila izaten ginen.
Fernando Ropero: Izenik-eta ez genuen, eta lagun taldea ginen.
H.Z.: 1962an erabaki genuen txaranga osatu behar genuela, eta hurrengo urtean irten ginen lehenengoz. Zanbonba pila bat izaten ginen hasieran, eta gero musikari gehiago sartu ziren.
Nondik datorkio izena txarangari?
[Barreak].
T.A.: Txorakeria horietako bat izan zen guztia. Baten batek tripa handi samarra zuen orduan ere, eta Poca Tripa izena aukeratu genuen.
H.Z.: Lehen zuzendariak, Xabi Azaldegik, tripa handia zuen, 100 kilo izango zituen hark!
Garai hartan pentsatuko al zenuten mendeurrenera iritsiko zinetenik?
H.Z.: Bai zera, ez ez.
T.A.: Ez genuen 50 urteekin pentsatzen, gaztea zarela, ez du logika handiegirik hori pentsatzeak. Bidean, gainera, jendea joan zaigu, eta beraz, ez zaizu iruditzen hainbeste urte beteko dituzunik.
Orduz geroztik Tolosako inauteriak aldatuko ziren, ezta?
H.Z.: Asko. Lehen gazteria guztia goiz osoan zehar txarangekin saltoka ibiltzen zen, eta orain, ia inork ez du kalejiran saltorik egiten, zezenetatik bueltan ez bada.
Javier Arrizibita: Jendea, orain, karrozekin-eta gehiago inplikatzen da.
T.A.: Guztia aldatu da. Lehen karroza gutxiago zeuden, dirurik ez zen izaten, baina enpresek lagungu egiten zuten, ez ikusiarena egin, eta materiala eramaten utziz, karrozak egiteko.
H.Z.: Eskulan handiagoa izaten zuten orduan karrozek.
Txarangak, ordea, gaur egun ere ezinbestekoak dira tolosarrentzat.
T.A.: Bai, musikak asko alaitzen baitu beti festa, zalantzarik gabe.
Azken urteotan polemika sortu izan du, karrozen bolumenak. Zuek, txaranga barrutik, nola bizitzen duzue hori?
J.A.: Kontuan izan behar da, txarangak 16:00ak ingurura arte ez direla Alde Zaharretik irteten. Orain hasi dira batzuk Lopez Mendizabal ingurura bertaratzen, eta gerontologiko berrira ere bai. Baina karroza batek bolumena altu samar baldin badu, ez dugu ezer entzuten. Batzuek musika kendu egiten dute; beste asko, aldamenean gauden arte ez dira konturatu ere egiten. Dena den, pasa edo jotzeari uzten diogu, ez baitugu polemikarik nahi, eta inauteriak, gainera, denonak dira.
Hainbeste urteren ondoren hamaika pasadizo izango dituzue.
H.Z.: Nik ikusi izan ditut emakumeak, udaletxera inauterien eske joaten, «Ogirik ez dugu nahi, inauteriak nahi ditugu!» esanez, hori gogoan dut. Francoren garaian, gainera, edozein txorakeria abesteagatik kalabozora eramaten gintuzten. Txarangako lagun bat sartu zutela gogoan dut, gauzainari ozen abestu eta adarra jotzeagatik [barreak].
Diktadura garaiko inauterietan ere komeriak izango zenituzten.
J.A.: Ofizialtasunarekin batera, pankarta bat egin zuten: La Charanga Poca Tripa saluda al pueblo tolosano en Fiestas de Primavera. Orduan inauteri hitza ezin izaten zen erabili.
Jose Mari Mendibil: Lehen jantziarekin ere izan genituen komeriak. Alkondara gorria eta berdea zen, eta galtzak txuriak. Ikurriñaren koloreak zirenez, galtzak aldatzeko agindua iritsi zitzaigun. Berririk ez erosteagatik, mahoizko galtzekin atera ginen.
Egungo jantziarekin zenbat urte daramatzazue?
J.A.: 1992an jantzi genuen lehenengoz. orain janzten duguna. Blusak egitera joan ginen, eta kopuru zehatz bat egin genuen. Oihal hark, ordea, arrakasta izan zuen, eta hurrengo urtean oihalik gabe geratu ginen. Orduz geroztik, tela horrekin egindako txilabak dituen jendeari telefono zenbakia eskatzen diogu, txilaba berri baten truke oihala eskuratzeko. Blusak baino musikari gehiago daude, eta aste honetan alargunei-eta deika aritu gara, alkondarak biltzeko.
Gaur egun gaua bizitzen da gehiago?
T.A: Tabernak lehen ez ziren, orain bezala, gau osoan irekita izaten. Orain, gazte batzuk ia arratsaldez irteten dira kalera.
H.Z.: Horregatik, ez genuen arazorik izaten hurrengo goizean jaiki eta txarangen atzetik ibiltzeko, edo neskekin dantza egin eta ligatzeko.
J.M.M: Emazteak, ordea, ederki sufritutakoak dira inauterietan, etxean zain pasatzen baitzuten denbora asko.
F.R.: Baina festa eta lana egiten genituen. Ostegun Gizenean txarangarekin jo, eta 14:00etarako lanera sartu behar izaten genuen askok! Pentsa zer umore izaten zen orduan!
Eta hausterre egunean?
T.A.: Asteazken goizean ere jende asko lanera sartzen zen.
J.M.M.: Lan istripuak ikusi izan ditut nik Hausterre egunean...
J.A.: Pixkana, asteazken goizean jai egiten hasi ziren enpresa asko, eta orain egun osoz jai eguna izaten da askorentzat. Enpresek nahiago izango dute ez etortzea! [barreak].
Poca Tripak ere oso berea du, Piñata igandean Iurreamendira egiten duen bisita. Nolatan hasi zineten?
H.Z.: Gure lehen urteaz geroztik joaten garela esango nuke.
J.A: Zozketa bat antolatzen genuen Tolosan, eta txartelekin bildutako dirua Iurreamendira ematen genuen, laguntza gisa.
H.Z.: Baina orduan hango kudeatzailea zenak, diru guztia berarentzat hartzen zuen [barreak]. Eta janaria eta materiala eramaten genien gero.
‘La charanga Poca Tripa no tiene miedo’ diskoa eta liburua argitaratu dituzue urteurrenarekin batera. Zer sentitu duzue sortzaileok, gazteak zuen bidea jarraitzen ari direla ikustean?
T.A.: Oso ondo iruditzen zaigu. Aspaldiko argazkiak ikustea oso polita da, eta gainera, oso ondo geratu da; niri ilusio handia egin dit.
J.M.M.: Bonbereneako gazteek lan handia egin dute, oso lan ona.
J.A.: Liburua Bonbereneari esker egin dugu. Denbora zeramaten ideia horrekin, eta baliabide asko dituzte lanak argitaratzeko.
Harrera ona izan al du?
J.A.: 1.000 ale argitaratu genituen, eta saltzeko, diskoa grabatzea erabaki genuen, jendearengana iristeko. Oso harrera ona izaten ari da. Bat baino gehiago alerik gabe geratuko denaren beldur da, Bartzelonatik-eta eskatu baituzte liburu batzuk!
Mende erdiaren ondoren, beraz, etorkizunik ikusten diozue Poca Tripari.
H.Z: Bai, bai.
J.A.: Gainera, gazteak oso gogotsu ari dira txarangan, eta musutruk jotzera etortzen dira inauterietan; harrobi ederra dugu, beraz, eta gustura gaude.