Tolosako hiru familia izan dira 861.000 euro irabazi berri dituztenak La Primitiva zozketan parte hartuz. Tolosako 2 zenbakidun Loteria Administrazioan egin zuten apustua, eta larunbateko zozketaren sei zenbakiak asmatu dituzte. Loteria administrazioko Alazne Goikoetxeak azaldu duenez, «oso pozik gaude saria eman dugulako. Ohiko bezero bati tokatu zaio, herrikoa, eta horregatik ere pozten gara. Dirudienez hiruren artean jokatzen dute».
Gipuzkoako ordezkaritzatik deitu zieten sari bat eman zutela azalduz. Hortik gutxira saridunak deitu zuen; «saria nola kudeatu behar zuen jakin nahi zuen», esan du Goikoetxeak, «eta txartela bere banketxera eramateko esan genion, handik kudeatzeko». Ez da lehen aldia sari garrantzitsu bat ematen dutela loteria administrazio horretan. Iazko uztailean Espainiako Loteria Nazionalaren hirugarren saria eman zuten. La Primitiva zozketan beste lau sari handi eman dituzte: 3,8 milioi eurokoa 1997an, 1,5 milioi eurokoa 2000an, 1,4 milioi eurokoa 2001ean eta 1,1 milioi eurokoa 1999an.
Krisi ekonomikoa dela eta, apustuak egiten dituen jende kopurua ez dela gutxitu esan du Goikoetxeak. «Jokatzen den diru kopurua gutxitu da. Lehen hamar euro jokatzen zituenak, egun erdia-edo jokatzen du», adierazi du.