Aiz Orratz eta Ero Etxe elkarteak omendu dituzte bi buruhandi berrirekin

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko ots. 5a, 10:34

Larunbatean Tolosako pleno aretoan aurkeztu zituzten, bi elkarteei omenaldia egin eta gero

Aurkezpenaren ondoren kalejira egin zuten.

Tolosako erraldoi eta buruhandien konpartsak bi kide berri izango ditu aurrerantzean, Ero Etxe eta Aiz Orratz elkarteei eskainitako buruhandi berriekin. Konpartsako kide guztiak bezala, hauek ere Tolosako historiaren zati txiki baten ordezkari dira, eta horrela, bi elkarte hauei omenalditxoa egiteko bidea izan da, buruhandien sorrera.

Iñaki Moyuak egindako buruhandiek inauterietan ezagunak diren bi pertsonaia irudikatzen dituzte, beraz: Ero Etxe elkarteko pailazoa batetik, eta Aiz Orratz elkartearen erakusle, Popeye marinela. Udaletxeko pleno aretoan egindako aurkezpen ekitaldia, omenaldien tartea izan zen; erraldoi eta buruhandien konpartsako kideak, Ero Etxeko eta Aiz Orratzeko lehendakariak eta Lore Agirre alkateordeak parte hartu zuten.

Agirrek konpartsaren lana goraipatu eta Tolosako Udalaren izenean eskerrak eman zizkien, «ia bi hamarkada hauetan egindako esfortzu eta lanagatik, egoerarik zailenetan ere aurrera egin baitute».

Bide beretik, Aiz Orratz elkarteko lehendakariari txapela bat oparitu zion udalak, iaz mende erdia bete baitzuen, elkarteak antolatzen duen haur danborradak. Azkenik, bi elkarteei argazki bana oparitu zien konpartsak, buruhandien argazkiarekin.

Pailazo eta marinel berria ezagutzeko irrika, ordea, haur eta gaztetxoek zuten, eta aurkezpena egin eta gero, udaletxeko balkoitik agurtu zituzten bertaratuak, kalejirarekin hasi aurretik.

1994an hasitako bidetik

1994an sortu zen Tolosako erraldoi eta buruhandien konpartsa, eta familia hazi da orduz geroztik. Lau erraldoi eta zazpi buruhandik osatu zuten hastapenetako talde hura, baina gaur egun, sei erraldoi eta bederatzi buruhandi irteten dira kalera.

Kide guztiek, Tolosako historiaren, jaien edo ohituren zati bat ordezkatzen dute. Horrela, Domenjon Gonzalez de Andia eta Catalina de Tapia Anderea bikoteak, Tolosako pertsonaia historikoak irudikatzen dituzte.

Halaber, Bordondantzariak San Joan eguneko dantzariak dakartza gogora, eta bere ondoan joan ohi den Neskatilak, Gipuzkoako jantzi tradizionalak ditu.

Azkenik, inauteri tradizioari eskainitako bi erraldoiek, Pello eta Isabelita izenak hartu zituzten, inauterietako musika errepertorioa oinarri hartuta.

Buruhandiei dagokienez, berriz, mitologia eta inauteriak izan dira, egilearen inspirazio iturri: Ostegun Gizen, Ostiral Mehe, Txantxo, Txilaba, Kaldereroa, Sorgina, Akerra, Aiz Orratz eta Ero Etxe dira, beraz, konpartsako bederatzi buruhandiak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!