Ez da asteburu ona izan Leitzako pilotarientzat. Binakako Pilota Txapelketako zazpigarren jardunaldiko partidak jokatu dituzte Bengoetxeak Beroizekin batera, eta Barriolak eta Jaunarenak, eta ezin izan dituzte euren arerioak garaitu.
Lehenek Ezkurdia-Zubietaren aurka jokatu zuten, eta 22-11 galdu zuten. Bengoetxea eta Beroiz jarri ziren aurretik, 6-1, baina aurkariek orduan 10 tanto jarraian egin zituzten. Bengoetxea partidatik ateratzea lortu zuten, eta leitzarrak erasora jo zuenean ere ez zen fin aritu. 11-18 jartzera iritsi ziren, baina Bengoetxeak eta Beroizek ezin izan zuten tanto gehiago egin.
Bestalde, Barriolak eta Jaunarenak 22-13 galdu zuten Irujo eta Zabaletaren aurka. Barriola gogor eraso eta nekarazi zuten, eta hori nabaritu egin zuten markagailuan. Jaunarenak, gainera, ez zion gehiegi lagundu kideari.
Hurrengo partidak
Hurrengo jardunaldiari dagokionez, Bengoetxeak eta Beroizek Olaizola eta Zabalaren aurka jokatuko dute larunbatean Iruñean. Barriolak eta Jaunarenak, berriz, Tolosako Beotibarren jokatuko dute, Ezkurdia Zubietaren aurka, Inauterien barruan, Astelenita egunez.