Bost ordezkari izango ditu Tolosako Udalak, UEMAn

Ataria 2013ko urtarrilaren 31

Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean (UEMA) bost ordezkari izango ditu Toloskao Udalak, pasa den astearteko osoko bilkuran hala erabakita.

Bilduk eta Aralarrek osatutako udal gobernuak «hasiera-hasieratik» zehaztu izan du bere helburuetan, UEMAn sartzea: «Herritarren bizitza soziala nahiz administrazio jarduerak euskaraz izateko lanean dabil elkartean, 1993az geroztik, eta eleaniztasuna errespetatuz, kide diren udalerrietan euskararen nagusitasunaren alde lan egiten dute», azaldu zuen Inaki Irazabalbeitiak.

Era berean, eskualdeko 15 herri jada UEMAko kide direla nabarmendu zuen Irazabalbeitiak, eta bide horretan, «eurekin harremana izateak abantailak» ekarriko dituela dio: «Tolosak euskaldun izaten iraun du, neurri batean, inguruko herri txikiei esker».

Oposizioa ez zen ados agertu UEMAko kide izateko ideiarekin, hainbat arrazoi medio. Batetik, PSE-EEko Jose Inazio Asensiok ez  du beharrezkotzat jotzen kide izatea: «Tolosan badugu ahalmena euskaraz bizitzeko».

EAJko kideek, beren aldetik, azpiegitura gutxiago dituzten herri txikientzako egokiagoa ikusten du UEMA, eta «Tolosak hizkuntza normalizazioan lanean jarraitzeko, Aitzol udal euskaltegia, EMUN aholkularitza, euskara zerbitzua nahiz eragileekin hitzarmenak» jada dituela azaldu zuen Jokin Azkuek. Gainera, «krisi egoera honetan 17.000 euro honetarako erabiltzea ez da beharrezkoa».

Bozketa egin eta gero, beraz, eta «Tolosa, eskualdean duen kokaleku eta garrantziagatik, euskararen hiri izateko bidean jartzeko», Ibai Iriartek «UEMAra 17.000 euro bideratzeak merezi duela» azpimarratu zuen

10.000 biztanletik gorako herriek bost ordezkari izaten dituzten UEMAn, eta beraz, Ibai Iriarte, Lore Agirre, Hasier De los Rios, Miren Urkola eta Inaki Irazabalbeitia izango dira Tolosako Udaleko bozeramaleak. Iriartek azaldu zuenez, «oposiziokoek ez dute UEMAko ordezkari postua hartu nahi izan».

Ikurrinaren aldeko aldarria

Kaldereroetan hasi eta inauteriak pasa bitarte, Nazioa gara, geure ikurrina! leloa daraman kartel erraldoia zintzilika izango da Tolosako udaletxeko balkoian.

Modu honetara, udalak bat egin nahi izan du pasa den astean hainbat herritarrek, Espainiako bandera jartzeko aginduaren aurka egindako agerraldiarekin.

Bide beretik, aginduaren sententzia iristen denean ezohiko osoko bilkura deituko du udalak. «EAJrekin elkarlanean ari gara auzi honetan, eta bigarren instantzian helegitea aurkeztuko dugu», azaldu zuen Ibai Iriartek. Modu honetara, sei hilabetetik bi urtera arte luza liteke bandera espainiarra jartzeko agindua; «herri bezala erantzun behar da, XXI. mendeari ez dagokion inposaketa baten aurrean».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!