Adimeneko gaixoen bizitza autonomorako zerbitzu berria

Ataria 2013ko urtarrilaren 31

Adimeneko gaixotasun kronikoak fase egonkorrean dituzten gipuzkoarrek, autonomia izaten ikasi eta elkarbizitzeko, zentro berria zabaldu dute Tolosan. Orain arte Arkauteko etxean eskaini izan dute, Gurutze Gorriak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, eguneko zentroaren zerbitzua; Larramendi auzoko eraikin berrian osatu dute, orain, unitate berria.

Batetik, zortzi gaixoentzako etxebizitza egokitu dute, hezitzaile baten gainbegirapean bizi daitezen. Era berean, eguneko osasun eta gizarte zentro berria dago beheko solairuan, «errehabilitazio psikosozialerako».

Erakundeetako ordezkariek nabarmendu dutenez, bost plaza gehiago zabaldu dituzte zentroan, eta modu honetara, «Tolosaldean adimen gaixotasunak dituztenen itxaron zerrenda desagertu egin da, bai etxebizitza gainbegiratuari dagokionez, baita eguneko zentroari dagokionez ere».

Inaugurazio ekitaldian, Gurutze Gorriko Gipuzkoako lehendakaria den Enrike Samaniego, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako Ander Rodriguez diputatua, eta Tolosako alkatea Ibai Iriarte izan dira.

Alkateak, bere aldetik, zentroaren irekiera «sinplea baina oso pozgarria» dela azpimarratu du: «Aurreproiektuan baino azpiegitura handiagoak egokitu dituzte azkenean, eta goiko solairuko etxebizitzarekin batera, asistentzia zerbitzuaren zikloa ixteko bidean gara Tolosan».

Gisa berean, pozik azaldu da Samaniego, eta beste herrietan antzeko egitasmoek izan duten arrakasta azpimarratu du, langileen jarduna goraipatuz: «Oso ondo ezagutzen dituzte, eta gaixoak oso ondo egoten dira zentroetan, goxotasuna ematen dietelako».

Ander Rodriguezek, berriz, horrelako esparruetan erakundeen arteko lankidetzak duen garrantzia aipatu du, udalari eskerrak emanez.

Bizitza autonomorantz

Egitasmoa aurrera eramateko, Tolosako Udalak Foru Aldundiari utzi zizkion, Uzturre kaleko hiru etxebizitza. Horrela, 140 metro karratu inguruko lokal bakarra osatu dute etxebizitza egiteko, zortzi logelarekin; bakarkakoak dira bi, eta besteak binakakoak. 18 eta 60 urte bitarteko gaixo egonkorrei begirako etxea da, eta «beren gizarteratzea sustatzea da helburua, zerbitzuaren bidez gaixoen autonomia eta bizi kalitatea hobetuz», azaldu du Iriartek.

Horrela, bada, pasa den abendu erdialdeaz geroztik, bertan bizi dira zortzi pertsona, mediku nahiz hezitzaileen gainbegiratzeekin. Bi gizarteratzeko etxebizitzetatik etorri dira, eta beste bi beren etxe partikularretik; azkenik, lau egoiliar arreta handiko adimen gaixotasuna dutenentzako zerbitzuetatik bideratu dituzte Tolosako etxebizitzara.

Etxebizitza honetan arreta arina jasotzen dute, ohiko bizimodura egoki daitezen.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 34.000 euroko inbertsioa egin du etxea hornitzeko, eta urteko mantentze kostuak ere aldundiaren esku geratu dira; 120.000 euro izango dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!