Igandean bertaratuko da jende gehien, San Blas auzoko jaietara

Ataria 2013ko urtarrilaren 31

Otsailaren 3an ospatzen da San Blas eguna, eta Tolosako auzo honetako jaiek badute tradiziorik; igandean, horrela, hainbat herritar bertaratuko da baseliza aldameneko plazara, opilen bila.

Tolosako Emendek Arraun Kirol Elkartea izaten da, urtero, San Blas auzoko jaiak antolatzearen arduraduna, eta antzinako ohitura dutela azaldu du Joxe Antonio Zubeldiak; baselizaren gaineko etxebizitzan bizi da bera, eta gertu-gertutik ezagutzen du, bada, festa: «Auskalo zenbat urte daramatzan Emendekek antolatzen! Esango nuke beti Emendekek antolatu duela; gure aita eta osabak-eta arraunean aritzen zirenean festak prestatzen zituzten jada. 36ko gerra baino lehenago ere bai».

Joxe Antonio Zubeldiak eta Emendek elkarteko bere adinkideek hamaika eta bat urtetan antolakuntza beren gain hartu duten arren, ondorengoak ere bide beretik badatozela dio Zubeldiak: «Bai, bai, gazteak ere badatoz gure ohiturekin jarraitzeko, eta festak antolatzen ari dira zenbait. Ez nuke esango, beraz, San Blaseko jaiak amaituko direnik; zerbait badator atzetik».

Urtez urte auzoko festak antolatzeko  jardun honetan, bada, nolabaiteko ohitura batzuk hartu dituzte jada, eta Anjel Mari Peñagarikano bertsolariaren izena, esaterako, urtero izaten da egitarauan: «Peñagarikanorekin harremana dugu, bera kantuan hasi zenean, lehen saioa hemen egin baitzuen, San Blasen, Telleriarekin batera». Modu honetara,  Anjel Mari Peñagarikanok lagun bat izaten du urtero, oholtzan.

Dantza-pausoen atzetik

«Garai batean jende askok dantza egiten zuen», Zubeldiak azaldu duenez: «Gaur egun, haur eta gaztetxoak aritzen dira, batez ere».

Aspaldiko erromerietako dantzarako ohiturak sustatzeko, ordea, Amarozko dantzariak aritu izan dira hainbat urtez: «Aurten ez dute denborarik izan ezer prestatzeko, jende gutxiago elkartu baita, eta ezin izango dute emanaldirik eskaini».

Izango da, ordea, Tolosatik nahiz inguruetatik jende gehien erakartzen duen opilik: «Opil asko saltzen dira, asko, eta batez ere San Blas egunean».

San Blas auzoko jaiak, 2013

Otsailak 1, ostirala

18:00. Txupinazoa.

18:30etik 21:30era. Disko festa.

Otsailak 2, larunbata

09:30. Diana, Konponezinak txarangaren eskutik.

12:00. Haurrentzako jolasak.

12:30. Toka lehiaketa auzokoentzat eta Emendek elkartekoentzat.

16:00. Toka lehiaketa, Gipuzkoa osoko jokalarientzat.

18:30etik 21:30era. Disko festa.

Otsailak 3, Igandea

09:00. Diana, Tolosako Udal Txistulari Bandaren eskutik.

11:00. San Blas eguneko meza nagusia, baselizan. Bertako produktuen bedeinkatzea izango da.

12:30. Aizkolarien saioa: Unai Otaño eta Joseba Otaegi.

13:00. Anjel Mari Peñagarikano eta Amets Arzallus bertsolariek lehen saioa egingo dute.

18:00. Bertsolariek bigarren saioari ekingo diote.

18:30etik 21:30era. Elustondo anai-arreba trikitilariek emanaldia eskainiko dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!