Dakizuen bezala, estatuek inkesta ugari egiten dizkigute urtero. Nonbait, gure goiko gobernatzaile jakintsu eta prestatuek, gure beldur eta tripako minen zergatiak jakin nahi dituzte, honela, gure onurarako, gobernatzeko modu egokiena aukeratzen dute... Edo agian boto ziztrin bat gehiago nola lortu jakin nahi dute soilik, eta kito!
Inkesta hauetako galdera klasiko bat, «Zein da zure kezkarik handiena gaur egun?» izaten da, eta harrigarria dirudien arren, erantzun ohikoetako bat «beste planeta batetik etorritako izakien inbasio bat» izan ohi da.
Jende askori ez zaio axola nonbait, etxerik gabe geratzea, gaixotasun larri bat izatea edo bikotekidea topatzea. Jendea estralurtarren inbasio baten beldur da. Horri buelta emaiok!
Estralurtarren gaiari buruz aritu nintzen hizketan, orain gutxi, taberna ilun batean, garagardo oraindik ilunago baten aurrean. Norekin? Beste biologo batekin, noski! Norekin bestela!
Ene irakurleek ez badakite ere, biologiaren arlo bat bada, exobiologia deritzona; beste planetetako bizitza posibleak aztertzen dituena. Bai, bai, estralurtarretaz ere badugu biologook zer esana! Gehiago hitz egiten utziko baligute... Beraz, gaur hartu zuen teleskopiorik hoberena, irudimena, eta goazen beste planetetan zehar bidaiatzera, agian euskaldun bat ere topatuko dugu galaxia urrunen batean!
Beste planeta bateko bizitza azaltzeko, hiru hartzen ipuina hartu behar dugu adibide moduan. Laburki esanda, eta nire irakurle txikienen baimenarekin, hiru hartzen etxean neska ilehori bat sartzen da eta beraiek mahai gainean utzitako ontzietan dagoen zopa dastatzen hasten da. Ontzi handiko zopa beroegia dago, eta ontzi txikiko zopa hotzegia; ertainekoa, berriz, tenperatura egokian dago, eta gustu handiz jaten du.
Bada, honek azaltzen du, beste planeta batean bizitza egotearen lehen legea.
Planeta bat sortzean, izar batetik gertuegi badago, tenperatura handiegiak izango ditu bertan, ez da likidorik izango, eta, noski, bizidunak egotea nahiko zaila izango da. Aurkakoa gertatzen da, izar batetik urrun dagoen planeta izoztu eta gogor batean. Baina izar batetik ez oso urrun eta ez gertuegi ere, planeta bat baldin badago, bizitza edukitzeko aukera txiki bat du, bertan elementu likidoak eta agian ura ere egongo baita! Gure Lur planeta maitea horrelaxe kokatua dago, bere izarra den eguzkitik ez urrunegi ez eta gertuegi. Hiru hartzen ipuinean, neskari atsegin zitzaion zopa bezala.
Unibertsoan zehar bizitza izan dezaketen planeten bila dabiltzan zientzialariak planeta mota hau bilatzen dute, izarretik ez gertuegi eta ez urrunegi dagoena.
Orain Marte planetan paseatzen dabilen Curiosity robota, ur bila dabil zoro moduan. Marte ere, bizitza izateko leku egokian dago, ez urrunegi eta ez gertuegi, gure planeta bezala, baina Marten gaur egun ez dago urik. Horren garrantzitsua al da ba ura? Dirudienez bai. Gure planetan ez bada urik, ez dago bizitzarik, eta jakinda unibertsoan dauden elementu kimikoak gure planetako berak direla, ziurrenik urik gabe ez da bizitzarik. Nire irakasle batek zioen bezala, munduko gosea ezabatzeko, herrialde guztietara egunero urak iritsi behar du; elikagai begetalak landa daitezke. Gosea urarekin ezaba daiteke.
Orain milioika urte, gure basoetan ibiliko ziren lehen euskaldunak. Gauean zerura begiratzen zuten eta izarrei begira liluratzen ziren. Haientzat, izar bakoitza su bat izango zen eta honen bueltan, beste gizaki batzuk egongo ziren. Ez gara asko aldatu, noizean behin zerura begiratzean, izar hoietako bakoitza, gure eguzkiaren antzeko izar bat dela pentsatzen dugu, eta haren inguruko planetetan ere litekeena da beste bizidun batzuk izarrei begira egotea.
Izaki haiek agian lau hanka dituzte, agian urtarrak dira, agian hegalariak, edo agian lurpean bizi dira erabat, eta ez dute inoiz airerik arnastu. Baina bizidunak dira eta beren artean ere biologoak egongo dira!
Noizbait espaziontzi bat eraikiko balute eta gure planeta ezagutu, gizakia deritzon animalia berezi honekin beldurtu egingo lirateke eta ziur isatsa hanka artean sartuta alde egingo luketela, gurekin ezer jakin nahi izan gabe. Beraientzat okerrago, ez baitituzte Tolosako inauteriak ezagutuko!
Zuek jarraitu ekokulturaren zutabe xume hau irakurtzen, zutabe honetan ipintzen dena ez baita eraldatua.