5 eta 3 irabazi dio Laskorain taldeak Zarauzkoari

Ataria 2013ko urtarrilaren 29a

Sailkapen orokorreko zortzigarren postuan dago areto futboleko Tolosako taldea

Azken jardunaldiko Gasteizko porrot zalapartatsua berehalakoan ahazteko xede irmoarekin kantxaratu ziren etxean, Usabalen, larunbatean Laskorain areto futboleko taldekoak. Zarauzko Nogales taldea zuten aurkari eta aurpegi biziki ezagunak topatu zituzten parez pare; Urnietan sortu eta Astigarragan ezagutzera eman zen Nogales famatuaren oinordekoaren aurka milagarren derbia jokatu zuten. Aitorren mutilek amorratzen ekin zioten partidari eta ziklogenesi leherkor baten jarrera honen eraginez goitik behera gailendu zituzten zarauztarrak lehen hogei minutuetan zehar. Josu Iturraldek, Joniko Otxoak eta atezain kanpotarrak bere atean sartutako golek guztiz zilegizkoa bihurtu zuten aldageletara bidean markagailuak zuen 3-0a. Aldageletatik bueltan ordea otzanago agertu ziren ikastolakoak, akaso kanpotarrak erneago, eta indarrak zeharo orekatu ziren. Horitxoek laugarrena egin bazuten ere, ondoren zarauztarren bi gol iritsi ziren. Eskerrak, taldeak gehien behar zuenean,Txiki agertu eta bosgarren erabakigarria sareratu zuela. Ez da lehendabiziko aldia gainera. Garaipen garrantzitsu honekin 2013an jokaturiko hiru partidetan laskoraindarrek 4 puntu gehitu dizkiote sailkapenari eta zortzigarren dago orokorrean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!