Poca Tripa txaranga izendatuko dute, 2013ko Inauterizale Kuttun

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko urt. 24a, 10:35

Aurten, lehenengoz, internet bidez eskuratu ahal izango dira zezen plazara sartzeko sarrerak

Tomas Hernandezek egin du aurtengo kartela.

Datorren otsailaren 7an lehertuko dira inauteriak Tolosan, eta azken urteotan bezalaxe, aurten ere, Kabi Alai elkarteak Inauterizale Kuttuna izendatuko du: Poca Tripa txaranga izango da, 2013ko Inauterizale Kuttuna.

San Bernardo aisialdi taldea izan zen lehen izendapena jaso zuena, 2011n, eta Eduardo Chocano tolosarrak izan zuen, iaz, suziria botatzeko aukera. Bi kasuetan, Tolosako inauteriak are biziago egiteko jarritako aleagatik jaso dute saria, eta bide berari jarraitu dio Poca Tripak ere. Izan ere, 50 urte beteko ditu Poca Tripak, eta Kabi Alaiko kideek errekonozimendu hau eskaini nahi izan diete.

Tomas Hernandezek egindako kartel ofizialak dion moduan, otsailaren 7an inauteriak hasi  baino lehen, izango da festari begira prestatu beharreko konturik, ordea. Horren adibide dira, besteak beste, zezenak ikusi ahal izateko sarrerak.

Datorren otsailaren 4an jarriko dituzte salgai, eta 2013ko inauterietako berrikuntza nabarmenena, internet bidez erosteko aukerarena izango da. Alde batetik, betiko erosketa modua nahiago dutenentzat, Leidorreko leihatila irekiko dute, txartelak erosteko. Baina era berean, «etxetik mugitu ere egin gabe»; http://www.barrabarra.eu interneteko atarian bertan eskuratu ahal izango dira, inauterietako zezen-festetarako sarrerak.

Aipatzekoa da, bai leihatilan, bai sarean, otsailaren 4ko 16:00etatik aurrera izango dela sarrerak erosteko aukera. Erosle bakoitzak, gainera, hamabost txartel eskuratu ahal izango ditu, gehienez ere.

Hainbat txartel zezenetarako

Sarrera arruntez gain, Tolosako zezen plazako palkoetan esertzeko zozketaren sistema darabil, azken urteotan, Tolosako Udalak.

Aurten ere jarraibide berari tiraz, palkoen zozketan parte hartu nahi dutenek kultur etxean eman beharko dute izena, urtarrilaren 30ean eta 31n; 10:00etatik 13:00era, edo 17:00etatik 19:30era joan beharko da. Zozketa, berriz, otsailaren 1ean egingo dute, Zerkausian.

Ahalik eta zozketa bidezkoenaren bila, udalak baldintza argiak jarri ditu palkoen sarrerak eskuratzeko. Guztira 26 palko daude, eta bakoitzean 12 eserleku daude. Izena ematerakoan pertsona bat joanda ere, palkoan eseriko diren 12 lagunen izen-abizenak eta NAN zenbakia eman beharko dira. Palkoak osorik hartu beharko dira, beraz.

Bide honetan, datu guztiak azaltzen ez badira, datuak zuzenak ez badira edo datu batzuk talde batean baino gehiagotan baldin badaude, talde osoa zozketatik kanpo geratuko da. Gainera, talde bakoitzak, gehienez ere, egun bakoitzeko palko bana erosi ahal izango du; 30 euro ordaindu beharko da palkoa.

Azkenik, beste bi txartel mota izango dira, zezen plazari dagokionez: zezenaren aurrean korri egin nahi dutenek eskuratu beharrekoa, eta txarangaren atzetik zezen plazara sartzeko gonbidapena. Biak ala biak, datorren otsailaren 4tik aurrera eskuratu beharko dira, Udaltzaingoan, 09:30etik 20:00etara bitarte.

Txosnagunea indartuz

Tolosako tradizio inauterizaleari jarraituz, aurten ere ez da berrikuntza handirik izango.

Nabarmena izango da, ordea, txosnaguneko kontzertu zerrenda; Ostegun Gizenetik bertatik hasita, Astelenita gaura bitarte, eskualdeko zein kanpoko hainbat musika estiloz gozatu ahal izango dute bertaratuek, eta besteak beste, honako taldeak igoko dira Euskal Herria plazako oholtzara: La Jodedera, Konbenio del Metal, Wainot, Ai ene, Skakeitan, Bizardunak, Izargi, 3gabe2, Laket, DJ Bull, DJ OGT eta Zesuma.

Azkenik, aipatzekoa daTolosako Erraldoi eta buruhandien konpartsak aurrerantzean izango dituen bi kide berriak ere, inauterien ingurumarietan aurkeztuko dituztela. Otsailaren 2an aurkeztuko dituzte, horrela, Aiz Orratz eta Ero Etxe elkarteei eskainitako buruhandiak, udaletxean.

Inauterietan erasoen aurka

Inauteriak ate joka direla festa giroa nagusi den arren, Tolosako Udalak, aurten ere, eraso matxisten aurkako informazio puntua egokituko du Trianguloa plazan.

Era berean, Tolosaldeko Bilgune Feministak, inauterietan erasoren bat gertatuko balitz, 24 ordutara salaketa mobilizazioen bidez plazaratzea eta udalean mozio bat aurkeztea eskatu du Jai Batzordean.

IRUDIA: Sormen aniztasunaz

Tolosako BOX.A arte elkarteak, inauterietako kartel alternatiboa prestatu du. Sare sozialetan zabaltzeaz gain, herriko horma, denda nahiz tabernetan ikus daiteke, elkarteak diseinatutako kartela: «Inauteriak tolosarren festa handiak izanik, kartela egiteko aukerak irekia izan beharko luke herriko sortzaile guztientzat, sormen mugimendua eta aniztasuna bultzatuz», aldarrikatu dute BOX.Ako kideek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!