Guraso eskola abian jarri dute Samaniego ikastetxean

Ataria 2013ko urtarrilaren 24a

Badira bost ikasturte Tolosako Samaniego Ikastetxean Urteko Elkarbizitza Plana osatzen dutela. Elkarbizitza positiboa sustatzea xede duen egitasmo horren inguruan jarduera anitz antolatu dituzte eskola komunitateko partaideentzat. Plangintza horren euskarri nagusienetarikoa prestakuntza dela azaldu dute Samaniegotik. Azken ikasturteetan hezkuntzarekin lotura duten hainbat gai jorratu dituzte familientzat antolatu diren saioetan, eta ikasturte  honetarako «trebakuntza sendoago bat» antolatzea erabaki du ikastetxeko elkarbizitza behatokiak, guraso eskola  abian jarriz.  Ordu eta erdiko zortzi saio antolatu dituzte, Ana Elosegi Uranga psikologoaren eskutik. «Gurasoen erantzuna altua izan denez, bi talde osatu ditugu seme-alaben adinaren arabera», zehaztu dute Samaniegotik.

Guraso eskolaren dinamika «parte hartzean oinarritzen da, hau da, denok elkarrengandik ikasten dugu», azaldu dute ikastetxetik. Ez da beharrezkoa ezagupen bereziak izatea, bizitzak berak ematen dituen esperientzietatik jasotzen dira elkar trukatzeko ezagupenak».

Bi helburu nabarmendu dituzte egitasmoa martxan jartzerakoan. Batetik, «seme-alabek dituzten arazo eta jokaera zailei aurre egiteko estrategiak eskaintzea». Bestetik, «familia, sozializatzeko eta hezteko eragile indartsua izaki, bere barne funtzionamendu egokia sustatzea, haurraren garapenean prebentzio mailan egin daitekeen ekintza garrantzitsuena baita».

Hausnarketarako tartea

Ana Elosegik dioenez, «guraso eskola bat antolatzearen beharra justifikatzeko ezinbestekoa da hausnarketa bat egitea gaur egungo gizartean hain presente dagoen kontzeptu bati buruz: abiadura». Egungo «bizimodu azkarrak» pentsatzeko tarteak eta etenaldiak egiteko ahalmena kentzen dutela dio Elosegik. «Guraso eskoletan aita-ama izatearen ezagupenak garatuko ditugu, aitatasun eta amatasun positibo bat nola eraiki ikasiko dugu, honek guztiak haurraren nortasunaren eraikuntzan lagunduko baitigu», azaldu du.

Gurasoentzako hausnarketa denbora behar dela dio Elosegik, «kontzientzia hartze, desdramatizatze une-tartea». Bertan, familia-egoerak aldatzeko estrategiak bila ditzaketeela azaldu du, «beti baitago zer hobetu». Beste gurasoen esperientziak entzun ahal izateak bakoitzaren barnean dauden baliabideak martxan jartzen lagundu dezaketeela esan du, «normalean erabiltzen ez diren horiek, hain zuzen ere. Ideiak trukatzea gurasoen autoestimua indartzeko balio du».

Gizartea garatzen doan heinean baloreak ere aldatzen doazela esan du Elosegik. «Gaur egungo zailtasunetako bat haurrekin pasatzen den denbora urria da. Hezkuntzan, kalitatea baino kantitatea garrantzitsuago dela iruditzen zait», azaldu du. «Iluntzeko 20:30ean, nekatuak, etxeratzen gara: seme-alabak eskolara eraman, etxea txukundu, etxetik kanpo lana egin, erosketak, eskolaz kanpoko ekintzetara seme-alabak eraman eta ekarri, etxeko lanetan lagundu… Ba ahal dugu oraindik kemenik, elkar ulertze edo enpatia apurrik gure seme-alabei lasai erantzuteko?», hausnartu du Elosegik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!