Ordaindutako praktikak hogei langabetuentzako

Ataria 2013ko urtarrilaren 23a

Lehiberrik, Tolosaldea Garatzenekin eta Lanbiderekin elkarlanean, ikastaro espezializatuak eta ordaindutako praktikak eskaintzen dizkie 20 langabetuei, Enplegu Berdea izeneko formakuntza planaren barruan. Praktika-programa horretan, Merkaturako Ingurumen Ziurtagiria izeneko moduluan prestakuntza jasoko dute.

Langabetuentzako parte hartze baldintzak ondorengoak dira: 35 urte baino gutxiago izatea, Lanbiden izena emanda izatea langabetu egoeran, eta ingeniaritza teknikoa, industria ingeniaritza, kimika, biologia edo ingurumen zientzietan unibertsitateko titulua izatea.

Ekimen horrek bereizitako bi zati izango ditu. Batetik, formakuntza arloa: 350 ordu egin beharko dira modu presentzialean. Formakuntza hori jaso ondoren, pertsona hori ingurumena kudeatzeko sistemekin lotura duten lanak egiteko gai izango da. Bestetik, enpresetan praktika denboraldia: 450 eta 650 ordu arteko iraupena izango dute, eta hiru eta sei hilabete arteko denboraldian egingo dira, egunean gehienez bost orduz aritu ahalko baita.

Praktiketan dagoen pertsonak 500 euroko beka jaso dezake Lanbideren bitartez hilero, eta horrez gain garraio eta mantenu laguntzak jaso ahalko ditu kasu batzuetan.

Plan horretan parte hartzeko interesa dutenak Tolosaldea Garatzeneko Lanbideko enplegu zentroarekin harremanetan jarri behar dute, 943 65 45 01 telefono zenbakira deituz.

Enplegu zentroko ikastaroa

Tolosaldea Garatzenetik ikastaro baten berri eman dute, Tolosaldeko lan merkatuaren ezaugarriak izenekoa. Lana aurkitzen ari diren erabiltzaileei zuzendutako lan merkatuaren egoera azalduko dute ikastaroan. Enpresen, entitateen, eta lanaren bilaketan lan egiten duten agenteei buruzko informazioa, zentro formatzaileena... emango da. Datu estatistikoak, lana bilatzeko helbideak, eta beste azalpen batzuk emango dituzte.

Urtarrilaren 30ean emango dute ikastaroa. Bi ordukoa izango da, 10:00etatik 12:00etara. Harremanetan jartzeko 943 65 45 01 zenbakira deitu edota lan@tolosaldea.net helbidera idatzi behar da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!