Adegik metalgintzako herrialdeko hitzarmena ez duela sinatu nahi dio LABek

imanolgarcia 2013ko urtarrilaren 23a

LAB sindikatuak elkarretaratzea egin zuen atzo, Tolosako Trianguloa plazan, Adegik metalgintzako herrialdeko hitzarmena ez duela sinatu nahi salatzeko. Aurreko ostiralean herrialdeko hitzarmenaren mahaia bildu zen, eta LABek adierazi duenez, sindikatuak aurkeztutako proposamenari «ezezko borobilarekin» erantzun zion Adegik.

LABeko metalgintzako ordezkarien elkarretaratzea, Tolosako Trianguloa plazan.

«Patronalak ez du nahi metalgintzako hitzarmena Gipuzkoako metalgintzako langile guztientzako gutxieneko lan baldintzak arautzen dituen instrumentu izaterik», azaldu du LABek, eta gaineratu: «Gobernu espainiarraren lan erreforma aplikatu nahi digute Gipuzkoako langileoi. Hau da, ultraaktibitaterik ez, soldata izozketa, hitzartutakoa ezerezean uzteko derrigorrezko arbitraia, eta abar…». Tolosaldean, metalgintzaren arloan guztira 203 enpresa eta 3.130 langile daude.

«Erlojuz kontrakoa» aspaldi hasi zela dio LABek eta Adegik ez diela «ezer oparituko» esan du. «Borrokaren bidez lortu beharko dugu», esan dute LABetik, eta gaineratu: «Gure ustez, gainontzeko sindikatuek, hitzarmenaren alde daudela esateaz gain, bere alde zer egiteko prest dauden ere esan beharko lukete». Hitzarmenaren aldeko apustua «garbia eta gardena» dela esan dute eta horregatik mobilizazioak hasi dituztela jakinarazi dute.

Hitzarmena mantentzea lortu nahi bada, LABen arabera «ezinbestekoa izango da sindikatuon artean adosturiko mobilizazio egutegi bateratua». Horretarako prest daudela esan dute: «Mobilizatzera goaz, bakarrik edota gainontzeko sindikatuekin. Gainontzeko sindikatuak ere mobilizatzeko prest egotea espero dugu».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!