San Esteban elkarteak habanera berria aurkeztu du

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko urt. 22a, 10:40

Amaia Lizaso musikariak konposatu du, eta datozen inauterietan estreinatuko dute

San Esteban txarangako kideek zuzenean eskaini zuten habanera.

Tolosako San Esteban elkarteak aurkeztu du, jada, datozen inauterietan kalez kale entzun ahal izango den habanera berria. Amaia Lizasok konposatutako pieza, elkartean bertan eskaini zuen San Esteban Txarangak, pasa den ostiralean.

Agerraldian, elkarteko lehendakari Ramon Ortiz, Amaia Lizaso bera eta Jon Etxabarri txarangako ordezkaria izan ziren, eta Ibai Iriarte alkatea ere bertaratu zen. Besteak beste, elkartearen historiari errepaso txikia egin zioten, San Estebango kalejira Ignacio Mokoroak 1969. urtean sortu zuela nabarmenduz; hitzak, berriz, Estanislao Urruzola Uxolarenak dira: «Jendeak kalean ez du San Estebango abestia kantatzen, eta guk geuk ere ez dugu ohitura handiegirik izan. Horrela,  iazko inauterietan hasi ginen horri garrantzia emanez, jendeak letra ikas dezan. Mendia, pelota eta inauteriak aipatzen ditu», azaldu zuen Etxabarrik.

Horrela beraz, abesti bat bazuten arren, beste bat ere izateko grinaz zeuden San Estebango kideak, eta Amaia Lizasori proposamena egin zioten, San Estebango bazkide den senarrarekin han bertan afaltzen ari zela.

Lehendik ere Tolosako inauterien errepertorian bere alea utzitakoa da Amaia Lizaso, eta besteak beste, Oargi elkarteko ereserkia bere lana da. Azaldu zuenez, bere arbasoen bidea jarraituz doa: «Habanerarekin, nire familiako tradizioa jarraitzen ari naizela dirudi, nire aitona Guillermo Lizasok egin baitzuen Ero Etxeko kalejira». Melodia nagusia sortu eta gero, lankide duen Angel Brizekin elkarlanean aritu da Amaia Lizaso, instrumentazioa prestatuz. Bide horretan, txaranga guztiek pieza berriaren partitura dute jada, eta beraz, bi aste barru abestia plazaratzea soilik falta da, benetan ofizial egiteko. Abestiak oraindik letrarik ez duen arren, hurrengo urterako pieza abestu ahal izatea espero dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!