Izaskun Arandia tolosarra ekoizle eta gidoilari lanetan aritu da, 1936ko gerran giroturiko lanean
1937. urtean kokatuko ditu Agur esatea (To Say Goodbye) animaziozko dokumentalak, ikusleak; astelehenean euskarazko bertsioaren estreinaldi aurrekoa izango da, 20:30ean, Tolosako Leidor aretoan. Izaskun Arandia tolosarra ekoizle eta gidoilari lanetan aritu da. Gernikako bonbardaketaren ondoren, ia 4.000 haur Ingalaterrara joan ziren, Santurtziko portutik, eta haur hauetako batzuen istorio errealek gidatuko dute Matt Richardsek zuzenduriko pelikularen ildo nagusia.
Aipatzekoa da, hein batean publikoak finantzaturiko pelikula dela Agur Esatea, -a erabili baitzuten filma aurrera ateratzeko; hainbat bidetatik, jendeak bere ekarpena egin du beraz.
Ingalaterra eta Euskal Herriaren arteko koprodukzio hau, Izar Films eta Donostiako REC grabaketa estudioaren arteko elkarlana izan da. Euskal Herriko zinema aretoetan, berriz, Tinko Filmak banatzaileak zabalduko du lana. Filmari buruzko informazio gehiagorako, http://www.aguresatea.com bisita daiteke.
Zine ziklo berria abian da
Abian da jada, Tolosako zine ziklo berria, eta betiko moduan, bonoak eskuragarri daude. Edozein saioetarako bonoak 13 euroko prezioa du, eta gaueko saioetakoak, berriz, 10 euro.
Asteburu honetan, Una pistola en cada mano ikusi ahal izango da; bihar 22:30an eskainiko dute, eta igandean, berriz, 19:30ean eta 22:00etan. Haurrek, berriz, Rompe Ralph ikusteko aukera izango dute, igandean, 17:00etan.
Hauez gain, aipaturiko Agur esatea, Emak bakia baita, Los miserables, The master, Cesar debe morir, Lagun mina, Lincoln, El molino y la cruz, La noche más oscura, Amor es todo lo que necesitas, Más allá de las colinas, Shrek 4, Madagascar 3 eta Herensugeak filmak ere ikusgai izango dira, urtarrileko zine zikloaren barruan.
Zine ziklo berriko saioen ordutegiak, sinopsiak eta bestelakoak, http://www.tlsbat.net/attachments/article/1124/ZINEA1.pdf loturan ikus daitezke, egitaraua deskargatuta.
Izaskun Arandia, zinegilea: «Estreinaldi aurrekoa horrela suertatu da, eta izugarrizko ilusioa egin dit»
Izaskun Arandia zinegile tolosarra.
Izaskun Arandia (Tolosa, 1972) urduri dago astelehenerako, eta Ingalaterran 13 urtez egon eta gero, «ongi etorririk» onena da beretzat, estreinaldi aurrekoa.
Zein harrera izan zuen crowdfunding-ak ?
Hiru crowdfunding erabili genituen. Bi ondo atera zitzaizkigun, baina bat ez. Guztira, 7.500 euro inguru jaso genituen, eta, oro har, esperientzia nahiko ona izan zen.
Filma, besteak beste, Donostiako Zinemaldian ere izan zen. Jendearen erantzunarekin gustura zaudete?
Bai, Zinemaldian Zinemira atalean estreinatu zen, eta oso harrera ona izan zuen. Jendea oso hunkituta atera zen hiru emanaldietatik. Gainera, filmaren protagonistetako zazpi hemen izan ziren, eta eurentzat ere oso berezia izan zen.
Astelehenean, euskarazko bertsioaren estreinaldi aurrekoa izango da Leidorren. Zer esan nahi du zuretzat Tolosan izateak?
Uf! Horrela suertatu da, eta izugarrizko ilusioa egin dit. 13 urte Ingalaterran pasa ondoren, oraintxe itzuli naiz Euskal Herrira, eta ongi etorri ezin hobea da! Hala ere, oso urduri egongo naiz astelehenean...
Euskarazko bikoizleak ere bertan izango dira eta Martxelo Otamendi aurkezle lanetan ariko da.
Bai, solasaldi txiki bat egingo dugu. Klara Badiola bizkozleetako bat da, eta etorriko da; Ane Gabarainek lagunduko dio. Beste bikoizleak Iñaki Beraetxe, Ramon Agirre, Kontxu Odriozola eta beste hainbat izan dira, eskarmentu handiko aktoreak. Lan bikaina egin dute.
Esku artean ba al duzu proiektu berririk?
Filmaren nazioarteko banaketa lortu nahian nabil. Horrez gain, nire lehenengo euskarazko gidoia idazten ari naiz. Gidoilaritzan eta idazten denbora gehiago pasa nahi dut aurrerantzean.