San Francisco de Henaresen dagoen Espainiako Auzitegi Nazionalaren atarian, eskualdeko herritarrak, atzo
Askatasun autoaren berri, atzo eguerdian jakinarazi zien Espainiako Auzitegi Nazionaletik Zelarainen abokatuari. Senideek albistea jakin ostean, Villabonatik Alacanterako bidea hartu zuten. Epaitegiaren hurrengo urratsa, autoa espetxe zuzendaritzari bidaltzea zen. Arratsaldeetan, ordea, Auzitegi Nazionala itxirik egon ohi da, eta ondorioz, Alacantera bidean ziren billabonatarrek ez zekiten atzo arratsaldean edo gaur goizean askatuko zuten euskal presoa. 18:30ak zirenean, ordea, Pello Zelarain 19:30ean aske utziko zutela jakinarazi zien Villenako espetxeko arduradunek, bere senide, lagun eta herritarrei.
Zelarainen askatasunaren inguruko albisteari ongietorria ematen lehenetarikoa, Etxerat izan zen atzokoan. Billabonatarraren senide eta lagunei, besarkada bat bidali zien, «bizi behar izan duten egoera ez delako erraza izan». Etxeratetik salatu dutenez, billabonatarra 2011. urte hasieran aske gelditu behar zen: «19 urteko espetxe zigorra ezarri zitzaion arren, presoek izaten dituzten erredentzio edo murrizketei esker, aspaldi bete zuen bere espetxe zigorra Pellok».
Egoera hori salatzeko, Villabonan ostegunero giza katea egiten zuten. Herritar horien artean, Lander Etxeberria zegoen, eta atzo, bere epaiketa amaitu ostean, Alacanterako bidea hartu zuen Etxeberriak. Bidean, Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitzarekin hitz egiteko tartea hartu zuen billabonatarrak, bere aurkako epaiketaren nondik norakoak azaltzeko.
«Torturapeko froga»
Lander Etxeberriaren aurka zazpi urte t’erdiko espetxe zigorra eskatu zuen atzo fiskaltzak, ETArekin kolaboratzea leporatuta. Akusazio partikularrak, Asociacion de Victimas del Terrorismo elkarteak, bederatzi urtekoa. Defentsa abokatuak, bere aldetik, absoluzioa eskatu zuen. Epaiketa sententziaren zain gelditu da. Epaia noiz kaleratuko den jakitea zaila dela zioen Etxeberriak: «Hilabete, hilabete t’erdi... ez dakit!».
Epaiketa 10:00ak inguruan hasi zen. Aitor Esnaola espetxetik eraman zuten Auzitegi Nazionalera, eta billabonatarra, bermepean aske dagoenez, bere kabuz sartu zen aretora. Lander Etxeberriak honela deskribatu zuen aretoko egoera: «Aitor aurreneko bankuan eduki dute, eta ni atzerago nengoen, ondoren jendea. Denei utzi die sartzen».
Esnaolak eta Etxeberriak defentsa abokatuaren galderak bakarrik erantzun zituzten. Billabonatarrari legorretarra ea ezagutzen zuen galdetu zion abokatuak, eta honek honela erantzun zuen: «Bai, Soto del Realen ezagutu nuen. Aurretik ez nuen ezagutzen. Auzitegi Nazionaletik irteterakoan, poliziaren furgoi batean sartu ninduten, Sotoko espetxera eramateko. Han beste atxilotu bat zegoela ikusi nuen, eta elkar ezagutzen ote ginen galdetu nion Aitorri. Aurretik ez nuen ezagutzen».
Ondoren, lehen espetxealdia bete ostean ETArekin harremanik izan ote zuen galdetu zion abokatuak, eta Etxeberriak ezetz erantzun zuen. Jarraian, bere aurkako akusazio zehatza noiz jakin zuen galdetu zion, eta Etxeberriak epailearen aurrera eraman zutenean jakin zuela erantzun zuen: «Aurrez, deklarazio poliziala egin nuenean, aktan agertzen da gainera, lau edo bost galdera generiko egin zizkidaten, aurreko espetxealdiaren garaikoak, baina ez nekien zergatik atxilotu ninduten». Honen inguruan, atzoko epaiketan, Etxeberriaren abokatuak guardia zibil instruktoreari zuzenean galdetu zion, ea nola zen posible galderarik ez egitea bere aurkako akusazioaren inguruan. Guardia zibilak, momentu horretan ez zitzaiola garrantzitsua iruditu erantzun zuen, Etxeberriaren esanetan.
Deklarazio polizialean bezala, atzoko epaiketan ere, bere aurka inongo frogarik ez zutela aurkeztu aipatu zuen Etxeberriak: «Nere aurka ez dute ezer aurkeztu, koinputatu batek torturapean egindako deklarazioa bakarrik». Deklarazio horretan agertzen da Lander Etxeberriaren izena. Legorretarrak eta billabonatarrak torturak salatu zituzten atzoko epaiketan, eta bakoitzak inkomunikazio garaia nolakoa izan zen azaldu zuen. Aretoan zeuden eskualdeko herritarren esanetan, kontaketa hori «oso gogorra» izan zen.
Epaiketaren amaieran, alderdi guztiek euren jarduna amaitu ondoren, epaileak Esnaolari eta Etxeberriari zerbait esan nahi ote zuten galdetu zien. Etxeberriak hitza hartzea erabaki zuen: «Komisaldegian, galdeketa egiten ari zitzaizkidala, guardia zibil bat egia esaten ari nintzela onartzen entzun nuela esan diet; orduan, dena bukatu zela pentsatu nuela, baina ez zela horrela izan, auzitegira eraman nindutela. Ondoren, epailearen aurretik pasatzean, etxera joango nintzen sentsazioarekin atera nintzela esan diet, baina espetxera eraman nindutela. Gerora, espetxean, etxera azkar joango nintzela uste nuela esan diet, baina 10 hilabete pasa behar izan ditudala bertan. Soka lepoan daukadala esan diet, zazpi urteko espetxe zigorra eskatzen dutelako nire aurka. Alde akusatzaileari, zuzenean, hemen akusazioak arinegi egiten direla esan diet».