Gauerdian antzezlanaren estreinaldia izango da, gaur, Leidor aretoan, 20:30ean. Bikote bat izango da protagonista, eta helduaroan eskura daitekeen bizipoza aldarrikatuko du komediak, Iker Galartza tolosarrak azaldu duen moduan: «35 edo 40 urtera iristean izaten den depresio txiki horren aurrean, oraindik ere gazte garela, mugitzen garela eta bizitzeko asko dagoela helaraziko die obrak ikusleei».
Hiru antzerki konpainiaren arteko koprodukzioa da antzezlana, eta Tanttaka Teatroarekin batera, Albena Teatre eta Tantarantana aritu dira lanean. Honenbestez, istorioa hiru hizkuntzatan antzeztua izango da: euskaraz, katalanez nahiz gazteleraz.
Tolosan, euskarazko bertsioaz gozatu ahal izango dute ikus-entzuleek, Iker Galartza eta Itziar Atienzaren eskutik. Biak ala biak eskarmentudun aktoreak izaki, «ilusio handiz» hartu dute estreinaldiaren eguna: «Orain arte egin ditudan lanetatik desberdintzen da Gauerdian, eta aktore batentzat oso lan aberatsa da, benetan erakargarria. Gainera, komedia polita da, bizia», nabarmendu du Galartza tolosarrak.
Emanaldiak zenbait ustekabe eskainiko dituela ere azaldu dute protagonistek: besteak beste, gitarra doinuak eta kantuak entzun ahal izango dira.
Antzerki obraren ildo nagusia musika ez dela argi utzi nahi izan duten arren, Italiako bertsioan, esaterako, musikariekin egiten dute antzezlana: «Udan proposatu ziguten gitarra jotzearena, eta oinarrizkoena ikasi genuen, ikuskizunerako», dio Galartzak. Aipatzekoa da, antzezlaneko kantuen hitzak Joxerra Gartziarekin osatu dituztela, eta «oso esanguratsuak» direla azpimarratu dute Atienzak eta Galartzak.
Ordu bete inguru iraungo duen komedia honetarako, eszenografia sinple eta berezia erabiliko dute aktoreek, eta dekoratua hainbat neurritako kubo batzuek osatuko dute: «Kontatzen den guztia geuk kontatuko dugu, eta kuboak mugituz eta eurekin formak eginez eraikiko ditugu behar ditugun gauzak», azaldu du Atienzak. Iker Galartzak, honen harira, «irudimenari eragin behar zaiola» uste du: «Orain arte mahaia beti mahaia izaten zen, baina Gauerdian obran ez da hala izango. Irudimena martxan jartzea garrantzitsua da».
Tolosako estreinaldiaren aurretik, Errenterian entsegu ofizial bat egin zuten aktoreek, lagun artean, eta jendea gustura irten zela dio Atienzak. Iker Galartza, hala ere, «urduri» dago: «Herrian estreinaldiak egitea ez zait gehiegi gustatzen, eta urduri nago horregatik. Nahiago izaten dut aurrez obra behin eta berriz antzeztuta etortzea». Dena den, «oso pozik» dago era berean, estreinaldia Leidorren izango delako: «Azken finean, beste pizgarri bat da, akuilu bat».
Shakespeare gogora ekarriz
Helena izeneko pertsonaiaren azalean sartuko da Itziar Atienza; abokatu gaztea izango da. Bikotekideak utzi eta gero, harreman egonkor bat nahi du.
Inguruan dituen gizonei begira jarriz, Bob azalduko da bat-batean; Iker Galartzak interpretatuko du pertsonaia hau. Susmagarri samarrak diren negozioak ogibide izango ditu Bobek, eta artista frustratua da.
Batera mozkortzea proposatuko dio Helenak Bob-i, eta azkenean, ohean amaituko dute gaua, elkarrekin; biharamunean, ordea, norbera bere zereginetara itzuliko da.
Helena eta Bob sanjoanetako magiak elkartuko ditu berriz, eta beren bizitzako astebururik surrealistena, atseginena eta poetikoena igaroko dute elkarrekin. Ekoizleek komedia samur eta dibertigarritzat jo dute. Ez da, ordea, aurreikusteko moduko komedia izango: «Antzezlanak egitura ez-lineala du, ezustekoz eta aldaketaz betea».
Istorioak, bide honetan, William Shakespeare-n Udako gau bateko ametsa obra dakar gogora. Itziar Atienzak eta Iker Galartzak herritarrak animatu nahi izan dituzte antzezlana ikustera; horretarako sarrerak, http://www.kutxasarrerak.net eskura daitezke oraindik.